Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat zientzialarik adierazi du Urdaibaiko erreserban eraikin bat paratzeak uretako hegaztiak kaltetuko lituzkeela. Horrez gain, eskatu dute Astilleros Murueta enpresa ohiaren jardueraren ondorioz lehortuta gelditu diren padura-azalerak lehengoratzea. Sinadura bilketa Guggenheim Urdaibai Stop plataformak maiatzean abiatutako nazioarteko kanpainaren barruan egindako ekintzetako bat da.
378 ikertzailek sinatu dute manifestua. Sinatzaile gehienak Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko unibertsitateetan, ikerka-zentroetan eta elkarte zientifikoetan lan egiten edo laguntzen duten doktoreak dira. Horrez gain, Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan, Finlandian, Italian, Portugalen, Polonian, Herbehereetan, Danimarkan eta Amerikako Estatu Batuetan lan egiten duten ikertzaileek ere sinatu dute manifestua.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bereziki azpimarratu ditu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Klima Aldaketarako Euskal Zentroan (BC3) eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusian (CSIC) lan zientifikoa egiten duten doktore ikertzaileengandik jasotako babesa.
Urdaibaiko gune babestuan, Bilboko Guggenheim museoaren hedapenari lotutako bi museo egoitza eraikitzea aurreikusten dute. Eraikin bat gaur egun Astilleros Murueta, S.A. enpresa dagoen lurretan kokatuko litzateke. Manifestuaren sinatzaileen ustez, uretako hegaztiengan eragina izango luke. Bestetik, gogoratu dute 1943tik Astilleros Murueta enpresak orain iraungita daukan kontzesioa izan zuela eta instalazioek hondatze ekologiko larria eragin dutela, hau da, paduretako 53 hektarea lehortu dira, 74 futbol-zelaik duten azaleraren baliokidea. Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lehortutako padurak berreskuratzeko, marearteko eremu bihurtzea, hala Urdaibaiko erreserban uretako hegaztien kontserbazio eraginkorra aktiboki bultzatzeko.
Ramsar, UNESCO eta MITECOren jarreraz kexu
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak nazioarteko kanpaina bat abiatu zuen Urdaibai babesteko ardura duten erakunde eta agintariei proiektuak eragin ditzakeen kalteez ohartarazteko eta dokumentazioa helarazteko. Lan hori Mediterranean Alliance for Wetlands-ekin batera abiatu zuen maiatzaren 19an eta orain bukatutzat eman du. 378 ikertzaileen babesa eskertu du, eta aldi berean, hainbat erakunderen jarrera kritikatu. Ramsar (hezeguneak kontserbatzen dituen nazioarteko erakundea), UNESCO (biosfera-erreserben bermatzailea) eta Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak gutunak erantzuteko izan duten atzerapena azpimarratu du plataformak.