Urdaibain ez da Guggenheimik eraikiko: patronatuak atzera bota du proiektua

  • Astearte arratsaldean batzartu da museoaren patronatua, fundazio estatubatuarrak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak osatua. Duela aste gutxi zabaldutako susmoa berretsi dute: atzera bota dute Urdaibaiko natur erreserban lege guztien gainetik eraiki nahi zuten Guggenheim museoa, "traba administratiboak" argudiatuta. Herritarren presioa handia izan da azken urteotan. EH Bilduk esan du "errealitatea gainetik" pasa zaiola EAJri. Asteazken goizerako prentsaurrekoa deitu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.

Urdaibaiko biosfera, 2021eko argazkian. Hodei Torres - ARGIA Fototeka

2025eko abenduaren 16an - 18:55
Azken eguneraketa: 20:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Proiektuak ez du aurrera egingo, ez duelako bideragarritasunik. Hala esan dute prentsaren aurrean, astearte honetan, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak eta Bilboko Guggenheimaren zuzendari Miren Arzalluzek. Plana behin betiko baztertu dutela esan dute.

Muruetako "korapiloa" aipatu du Etxanobek, hau da, Muruetako ontziolaren lurzorua erabiltzeko korapilo juridikoa. Beharrezko baimen eta moldaketa administratiboak egiteko gutxienez hamar urte beharko liratekeela kalkulatu dute. Atzera egitea "erabaki arduratsutzat" jo du Etxanobek, berme guztiak lortzea ez baitzegoen bermatuta.

EH Bilduk bizkortasunez kritikatu du erabakia. Koalizio subiranistak Urdaibaiko biosferan grabaturiko bideo bat kaleratu du, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko burua ageri dena. "Erabaki zuzena hartu dute, zentzu komuna nagusitu delako", nabarmendu du Otxandianok, eta adierazi ez zegoela kultur proiekturik, ezta ingurumen proiekturik ere: "Zegoena turismo eredu baten aldeko apustu ekonomikoa zen, eredu ekonomiko jakin baten aldekoa". 

Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak asteazken goizerako deitu du prentsa agerraldia, 11:00etan Gernika-Lumon.

Terrenoa prestatuta heldu da erabakia

Orain "logikotzat" saldu badute ere, hasiera-hasieratik ez dute horrela jo. Baina, azkenaldian epaitegietan ipinitako errekurtsoek obrak geldiarazi dituzte; Espainiako Gobernu ustez ezkertiarrarentzat kontraesan handiegia zen, eta atzera urratsa eman du finantzaketan; Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, bat-batean, proiektua epe ertainera "ez-errentagarria" bihurtu da; eta, iragan udan, herritarrekin egindako entzuketa prozesuak pisu handia hartu du, gehiengo zabala aurka azaldu delako.

Duela hamabost urte baino gehiago hasi baziren ere proiektatzen, azken bost urtetan errealistago ikusi da Guggenheim berri bat Urdaibain eraikitzea, besteak beste, diru injekzio handiak gertatu direlako, hala nola Europako Next Generation funtsetakoak. Baina oztopo burokratikoek, natur guneen legeek eta, batez ere, herritarren mobilizazioek eragin dute proiektua geldiaraztea.

Aspalditik datorren borroka da. 2009ko pintaketa bat Sukarrietan. Lander Arbelaitz - ARGIA Fototeka

Traba gaindiezinak, baina aurrera

Unescok 1984an eman zion Urdaibaiko natur guneari "biosfera erreserba" kategoria, eta handik bost urtera, 1989an, erregimen juridiko berezia ematen zion legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. 1997an iritsi zen Guggenheim Fundazioa Bilbora, itsasadarraren aldamenean eraikitako museo ikonikoaren bitartez. Hamarkada bat geroago, 2008aren bueltan, turismoa goren aldian eta krisi ekonomikoa lehertu berritan zela, Bizkaiko hiriburutik kilometro gutxira beste museo bat zabaltzeko asmoa iragarri zuen Guggenheimen patronatuak, beste itsasadar batean, Gernika-Lumokoan hain zuzen ere. Proiektuak ez zuen une hartan aurrera egin, baina ez zen inoiz zeharo baztertu.

Isil samarrean igaro zen, harik eta 2020ko osasun pandemiaren ostean bazirudien arte Europako Next Generation diru-funtsek aterako zutela aurrera proiektua. Bizkaiko Foru Aldundiak hala eskatu zuen: 81 milioi euroko laguntza jaso nahi zuela proiektuaren 127 milioi euroko kostua arintzeko. Sintonian zihoan 2020 amaieran Bizkaiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariek esan zutenarekin, hau da, Bilboko Guggenheim proiektua "handitu beharra" zegoela, "etorkizun handia" zuelako, eta Urdaibaikoa martxan jarrita, Bilbotik 40 kilometro ingurura egonik, "zabaltze berdea" egin zitekeela, "bi eraikinen arteko natura ibilbidea". Gernika-Lumoko Dalia lantegi zaharraren orubea eta Muruetako ontziola lotuko zituzkeen "bide berde" horrek. 

Muruetako ontziolaren ingurunea, 2021ean. Hodei Torres - ARGIA Fototeka

Iñigo Urkulluren Eusko Jaurlaritzak aldeko jarrera agertu zuen beti, 2012an agintera heldu zenetik. Gauza bera Bizkaiko Foru Aldundiak, ez bada indar gehiagoz azaldu dela ados, batik bat behin Europako Next Generation funtsek pultsua bizkortu zutenetik, eta Espainiako Gobernutik ere diru poltsak jasotzen hasi zirenetik. Baina proiektua aurrera eraman nahi izan dutenek arazo administratiboak izan dituzte etengabe Urdaibaiko natur gunearen babes juridikoarekin, eta traba burokratikoak gainditzeko ageriko zein ezkutuko trikimailuak egin dituzte. Agerikoa, esaterako, Unai Rementeria buru zuen Bizkaiko Foru Aldundiak nola esan zuen ingurune naturalaren zaintzarako babesa kentzeko modukoa zela, hau da, itsasotik hasita ehun metro lur bazeuden babestuak, hogeira murriztu zitekeela. Hala, Muruetako ontziolan ez zuketen arazorik izango. Harrabotsa sortu zuen eskaera halako gordinkeri eta sotiltasunez egiteak. Espainiako Kostaldeko Agintaritza proiektuaren alde postulatu zen, eta jakinarazi zuen Aldundiari baimena ematen ziola ehun metroko natur babesa hogeira jaisteko.  

Herritar talde batek 2023ko ekainean sortu zuen Guggenheim Urdaibai Stop eragilea, itxuraz aurrera zihoan proiektuaren informazioa biltzeko, bizilagunen artean zabaltzeko eta, batez ere, proiektu suntsitzailearen aurka mobilizatzeko. Lehenbizikoetako manifestazio jendetsua urrian egin zuten Gernikan, 4.000 herritar baino gehiago juntatuta.

'Guggenheim Urdaibai Stop' manifestazioa Gernika-Lumon (2024-10-19) Aitzol Zamalloa - ARGIA Fototeka

Bi urteko "gogoetaldia"

Oztopo administratiboak apurka gainditzen bazihoazen ere, luzera jo zezakeela kontziente ziren erakundeak, besteak beste Urdaibai Guggenheim Stop-ek alegazio eta salaketak ipini zituelako. Hala, 2024 hasieran eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lau hilabeteren faltan, proiektua gelditu eta "bi urteko gogoetaldia" iragarri zuten Urkullu lehendakariak eta Elixabet Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusi berriak. "Hausnarketara denbora" zen Urkulluren esanetan: "Ez dugu erabakirik hartu. Ikusiko dugu ideia hori posible den, asko dago hausnartzeko". Kalkulu elektoralistak ziren.

Baina gauzak ez ziren hor eten. "Ez da geldialdia izaten ari, etorkizunean izan ditzaketen oztopoak aurreikusten eta atontzen ari baitira erakunde publikoak", adierazi zuten Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideek ARGIAri eskainitako elkarrizketan, 2024ko urrian. Proiektuaren ustezko geldialdi horretan erakundeek egindako mugimendu hauek azpimarratu zituzten: Gernika-Lumoko Dalia fabrika eraitsi eta orubea Guggenheim proiektuarentzat prestatzen hasi ziren, inori ezer abisatu gabe; gauza bera Muruetako ontziolaren azpiko urekin, "inoiz egin ez bezala" garbitu baitzituzten; Diputazioak lursailak erosteko prozesua abiatu zuen; eta zuzendaritza aldatu zuen Guggenheimek, Juan Ignacio Vidarteren partez, EAJren ingurumariko Miren Arzalluz ipinita. 

Gernikako Dalia enpresaren ingurunea, "bi urteko gogoetaldian" eraisten hasi zirenean, 2024an. Hodei Torres - ARGIA Fototeka

Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten bi urteko geldialdi horretan. Jendea biltzen, informazioa jasotzen, konpartitzen eta mobilizatzen segitu dute. Plataformak ARGIA Saria jaso zuen 2024an. Helegiteek aurrera egin dute epaitegietan: iazko urrian, Guggenheim Urdaibairi loturiko obrak gelditzeko agindu zuten auzitegiek, eta Greenpeace ere sartu zen jokoan, Kosta Legea urratzen zuela salatuta, eta ekintzarik ere eginda. Baina Imanol Pradalesen lehendakaritzak ez zuen, hasiera batean bederen, atzera egiteko intentziorik adierazi: hain justu ere duela urtebete, 2024ko abenduan, irmotasunez egin zuen Pradalesek proiektuaren alde, "inbasio gutxikoa" dela defendatuta.

'Guggenheim Urdaibai Stop' manifestazioa Gernikan (2024-10-19) Aitzol Zamalloa - ARGIA Fototeka

Gakoa izan da iragan udan argitaratutako entzuketa prozesuaren txostena. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta egin zen ariketa hori, Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen gidaritzapean. Emaitza argia izan zen: Muruetako kokalekuak "ezinegon handia" sortzen du bizilagunen artean, eta ez bakarrik proiektuaren aurka dauden herritarren artean, baita museoaren aldekoen artean ere. Kolpe latza izan zen instituzioentzat. Uda ostean, gainera, ia 400 natur ikertzailek gaitzetsi egin zuten museoaren kokalekua. 

Gauzak iluntzen hasi ziren, eta Espainiako Gobernuak atzera egin zuen iragan urrian, aspalditik ebidentea zena argituta: Guggenheim Urdaibai ezin dela eraiki legea hautsi gabe. Hortaz, azken hilabeteotan okertzen joan da proiektuaren etorkizuna, eta han-hemen entzun da leku berri baten bila zebiltzala. Baina Urdaibai Guggenheim Stop-ek eta bizilagunek argi esan dute ezetz, ez dagoela biosferan aurrerago edo atzerago joan beharrik proiektua ez dela bideragarria ondorioztatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Urdaibaiko Guggenheim
Eguneraketa berriak daude