Arrasateko Udalak San Frantzisko eliza bereganatu du

  • 371.000 eurotako erosketa izan da eta guztira 1.585 m2 eskuratuko ditu. Elizaren 1.225m2ko azaleraz gain, eliza atzean dauden 360 m2ko hainbat etxebizitza eta lokal ere hartuko ditu jabetzan udalak. 


2025eko urriaren 29an - 12:12
Azken eguneraketa: 15:09
Arrasateko Udala
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Frantziskotarrekin egindako akordioari esker, San Frantzisko eliza arrasatearrena izango da. Bertan kultur ekintzak eta hileta zibilak egitea aurreikusten duela adierazi du udalak. “Jauzi handi bat eman dugu erosketa honekin. Jabetza pribatu bat arrasatearron esku jarri dugu, erlijioari lotutako espazioa modu laiko batean erabiltzeko aukera eskainiz. Eskerrak eman nahiko nizkioke frantziskotarren kongregazioari, salerosketa hau burutzeko izan duen borondateagatik” azaldu du Maider Morras alkateak.

Nahiz eta akordioa itxita egon, 2026 hasieran sinatuko da erosketa kontratua. Eliza momentu horretan igaroko da jabetza publikora, erosketa lehen urratsa dela aurreratu dute. Izan ere, aurrerantzean kultura egunerokoan txertatzeko hainbat egokitzapen egin beharko dituzte. Besteak beste, teknikoki egokitu, jarduera berria ezartzea edota kutsu erlijiotsua dituzten sinboloak babestu eta estaltzea, horien artean dago erretaula. Lan horiek 2026 eta 2027 urteetan egitea aurreikusita dago. Kultur ekintzak aurrera eraman ahal izateko azterketa sakon baten beharra ikusi du, baita araudi bat idaztea ere.

Hilketa zibilak egiteko aukera ere mahai gainean dagoela jakinarazi dute. Arrasateko Udalak gaur egun ez du hileta zibilak egiteko leku “duinik”, eta lekua “aukera ezin hobea” iruditu zaio gobernu taldeari. Hala ere, ez du posible ikusten berehala martxan jarriko denik, baina agintaldia amaitu baino lehen “eskubide hori” herritar guztien eskura jartzea aurreikusten dute.

San Frantzisko eliza, babestutako ondare

Arrasatearrena izango den eliza, XVII. mendean eraiki zen. “Edozein esku hartze edo obrak baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Horregatik, datozen urteetan, eraikina nola egokitu zehaztuko dugu, betiere, erabilera publikoa bermatuta” azaldu du Morrasek.  

Herreriar estiloko eraikuntza da eliza. Juan de Araoz Uriartek Inperio Espainiarrak Mexiko menderatu ostean harrobietan eskuratutako diru zati bat eman zuen ikastetxe bat hartuko zuen komentu eta eliza bat eraikitzeko. Frantziskotarrek zuzendu zuten 1840 urtera arte; urte horretan utzi behar izan zuten, desamortizazioa zela eta, eta horrela jarraitu zuten 1954. urtera arte, orduan jarraitu baitzuten eliza jarduerarekin. 2007 urtean komentua jabetza publikokoa izatera igaro zen, gaur egun Kulturate dena. 2026 urtean, eliza ere, kultur espazio horren parte izatera igaroko da.

 Arrasateko Udala
Gurtzeko gunetik, kultur erabilera batera

Arrasateko eliza ez da bakarra Euskal Herrian erlijio gune izatetik administrazio publikoak bereganatu eta kultur gune gisa berrerabilpen bat eman zaiena.

Azpeitiko Sanagustin Kurtugunea adibide argia da. XVI. mendean herri erdigunean eraiki zen eliza frantziskotarrena zen, baina XIX. mendeko desamortizazioaren ondorioz beste erabilpen batzuk izan zituen. 2000ko hamarkada hasieran erosi zuen Azpetiko Udalak, hamarkada luzez ez baitzen kultu katolikorako erabili. Helburua jarduera kulturala egiteko berrerabiltzea izanik, berrikuntza-lanak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru aldundiaren laguntzarekin egin ziren. 2006an inaguratu zuen udalak Sanagustin Kulturgunea izenarekin eta ordutik ehunka kontzertu, antzezlan, zinema emanaldi, erakusketa eta beste hamaika gizarte eta sorkuntza-arloko ekimenak egin dira.


Eguneraketa berriak daude