Kulturaren ekosistema berrasmatzeko haziak

  • Zerbait mugitzen ari da. Iaz plazara irten ziren bi egitasmok –sortzaile ugari batu dituen GEUK plataforma eta egile eskubideak kudeatuko dituen EKKI agentzia– urrats berriak iragarri dituzte otsailean. Agenda diferenteak dauzkate, kezkak berriz, antzekoak: nola birformulatu sektore kulturala Euskal Herrian.

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen GEUKek Premiazko Neurrien Egitasmoa. Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera baino lehen egin zuten, erakunde publikoekin eta gizartearekin gaiari buruzko elkarrizketa sustatzeko asmoz. (Argazkia: Marisol Ramirez/Argazk
Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen GEUKek Premiazko Neurrien Egitasmoa. Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera baino lehen egin zuten, erakunde publikoekin eta gizartearekin gaiari buruzko elkarrizketa sustatzeko asmoz. (Argazkia: Marisol Ramirez/Argazki Press).

“Premiazko neurriak”, horixe hartzeko eskatu zuen Guk gEUre Kulturaz (GEUK) plataformak joan den astelehenean; “kulturaren ekosistemaren endekatze progresiboari” aurre egiteko beharrezko erabakiak. Aste berean biltzekoa zen kultur eragile publiko eta pribatuak elkartzen dituen Kulturaren Euskal Kontseilua eta programa konkretu bat aurkitu zuen mahai gainean. Esparru ugaritako sortzaile, antolatzaile, hedabide eta hezitzaileek proposatutakoa, GEUKek bildua: 300 lagun baino gehiagoren ekarpenak.

Zabala eta aldi berean zehatza da otsailaren 9an Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten Premiazko Neurrien Egitasmoa, 31 erabaki proposatzen ditu hainbat esparrutan –alor ekonomikoa, juridikoa, ikusgarritasuna…– eta zortzi helburu nagusi finkatzen, sakabanatuta dagoen sektorea artikulatzetik, kulturgintzarekin lotutako enplegua sustatzeraino. Legedian aldaketak eskatzen dituzte xede horietako batzuek –adibidez, bertako hedabideek bertako kulturari buruz informatzeko kuotak ezartzea–, eta aurrekontuak edo kultur politikak diseinatzean “ardura partekatutik abiatutako elkarlanak” indarrean jartzea ere agertzen da zerrendan.

Eztabaidarako dokumentua izan nahi du, kulturgintzan eragina duten agente guztien artean bide amankomunak bilatzeko.

Sektore bat martxan

5.000 enpresa, 20.000 langile, 10.000 elkarte eta 30.000 boluntario baino gehiagok osatzen dute kulturaren ekosistema Euskal Herrian, GEUKek emandako datuen arabera. 2014an Durangon egindako bi saiorekin hasi zen ibiltzen plataforma, sektoreko partaideek elkar ezagutzea eta batera lan egitea sustatzeko.

Kulturaren Euskal Kontseiluari zuzendu zaio otsailean, baina organo horretaz gain, EAEko Legebiltzarrean, bestelako administrazio publikoetan eta alderdi politikoen artean ere zabaldu nahi dute dokumentua. Baita herritarren artean ere, noski, kultur politikei buruzko elkarrizketa publikoa bultzatze aldera. Kezka badago eta, aspaldiko partez, askoren artean partekatu da.

Egile eskubideen euskal agentzia otsailaren 26tik aurrera

Euskal Kulturgileen Elkargoa (EKKI) ezaguna egiten ez bazaizu, lasai, hemendik aurrera izango baituzu haren berri. EAEko buletin ofizialean 2014ko urriaren 21ean argitaratu zenez, Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio nagusiki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egile eskubideak kudeatuko dituen erakundea izateko. Otsailaren 26an aurkeztuko dute jendaurrean, Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean.

“Nagusiki” EAErentzat sortu den arren –halaxe publikatu da buletinean–, eta Espainiako Estatuari dagokion arren horrek zer esan nahi duen definitzea, Igor Estankona idazle eta EKKIko kideak urrian bertan azaldu zuenez, agentziaren bokazioa “euskararen lurralde osorako” baliagarri izatea da. Alegia, sortzaile lapurtar, baxenabartar, zuberotar eta nafarrek ere izena eman ahalko dutela EKKIn.

Bost dira elkartearen bazkide sortzaileak: Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Editoreen Elkartea, Musikari (Euskal Herriko Musikarien elkartea), Euskal Herriko Bertsozale Elkartea eta Irudika Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala. Horiez gain, hainbat norbanako ere bazkidetu dira jada, beren obra bat, beste gestio-entitateren baten esku ez zegoena, EKKIra ekarriz.

Nola antolatuko den? “Hurbilekoa” eta “gardena” hitzak nabarmendu gura izan dituzte orain arte EKKIri buruz hitz egitean, seguruenik Espainiako eta Frantziako Estatuko egile eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen –SGAE, SACEM...– funtzionatzeko modu opakua auzitan dagoelako herritar askoren eta kulturgile ez gutxirentzat. Ez da erraza izango, baina bestelako ereduren batekin asmatzea da kontua. EKKIren kasuan, batzar nagusia izango da erakundearen norabidea definituko duena. Momentuz, bazkide sortzaileak daude ordezkatuta eta izena ematen duten guztiek izango dute aukera parte hartzeko: bazkide bat, boto bat.

Ekimen diferenteak dira, kezka batzuk, sektore berean lan egite hutsagatik, antzekoak izango diren arren. Sortuko ote da bien arteko zubirik? Zerbait aldatzeko bidean ote da? Bi egitasmook forma hartzen hasi den urte kulturalean zeresana emateko moduko pisua badaukate behintzat.


ASTEKARIA
2015eko otsailaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude