Borrokak bakarrik balioko du!

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Borrokaren ordaina. Bi urte pasa dira Guggenheim STOP plataformak bere lanak hasi zituenetik eta nahiz eta museoaren proiektua oso lauso eta sekretupean egon den orain arte, herri mugimenduak paretaren kontra jarri ditu elite politiko eta kulturalak. Hemen eta nazioartean. Ez dago erabakirik oraindik, baina museo bikoitzaren ekimena martxan jarri zenetik, mugimendu aktibo eta jarduera ugari ikusi ditugu erokeri turistiko hau bertan behera uzteko. Eta mobilizazioak fruituak eman ditu. EAJko buruzagiek ez dute argi Guggenheim berriaren etorkizuna. Duela bi urte, Gernikako manifestaldi jendetsuaren harira, Bizkaiko Aldundiaren kargu nagusi Elixabete Etxanobek honelaxe zioen hedabideetan: “Oraindik ez dago ezer erabakita, prozesu parte-hartzaile bat martxan jarriko da, baina Guggenheim Urdaibain egingo da”.

STOP! Duela mende laurden ikerketa konparatibo batean parte hartu genuen “Environmental Protest in Western Europe” (Oxford University Press, 2003) eta bertan konturatu ginen euskal borroka ekosozialen garrantziaz eta indarraz. Alderaketan, Euskal Herrian, beste herrialde europarretan baino kanpaina eta ekimen ekologista gehiago topatu genituen. Ezetzaren boterea handia da, eta maiz elite politiko eta ekonomikoek euren azpiegituren proiektuen aurkako erantzuna aurkitu dute euskal gizartean, lehen eta orain. Urdaibaiko Guggenheim kasuan, “entzuketa aktiboaren” ariketarekin saiatu dira urak baretzen, baina erantzuna ezin argiagoa izan da… STOP!

Ezetzaren boterea handia da, eta maiz elite politiko eta ekonomikoek euren azpiegituren proiektuen aurkako erantzuna aurkitu dute euskal gizartean, lehen eta orain

Demokrazia parte-hartzailearen erabilera neoliberalak (Jone Martinez Palacios. EHU, 2021) ez du funtzionatu, eta goitik behera etorritako eliteen enkarguak (1.000 laguni elkarrizketa egin zaie) emaitza negatiboa ekarri du. Ukazioaren boterea handia da gure herrian.    

Eliteen ikusmira estrabikoa: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Hertzainak taldearen kanta bat zen. Herri honen istorio ezaguna. Behin botere ingurura hurbilduz gero, gauzak ez dira berdin ikusten, begirada aldatzen da, batzuek boterearen erotika deitzen diote. Udazken honetan kalapita Jose Ignacio Perez jaunarekin heldu zaigu, EHUko errektorea izan zenarekin eta orain Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate kontseilaria denarekin. Gure unibertsitateak izandako gobernu aldaketa ezkertiarrari galga jartzeko erronka hartu omen du bere gain, eta ez du erreparorik izan Gasteizko Parlamentuan argudio sinesgaitzak erabiltzeko. Ez dira sasoi onak gure unibertsitate publikoarentzat, baina koiuntura ezkor honetan ere, borrokak bakarrik balioko du!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2025eko abenduaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.