Begoñitaren semea

  • Sobietar Batasunean erlijio ofizialik izan balitz, izotz hockeya litzateke, eta erlijio horren profeta nagusia zein zen galdetuko bagenu, erantzuteko zalantzarik ez zen egongo: Valeri Kharlamov mitoa. Jende gutxik dakiena da jokalari handi honen ama, Begoñita, 1937an Francoren tropetatik ihesi Santurtziko portutik bidalitako “gerrako haurra” zela.

Carmen Oribe Abad bilbotarra eta haren seme Valeri Kharlamov, Errusiako izotz hockeyko txapelduna.

Enrique Zafra historialariak argitaratutako zerrenden arabera, 1937ko ekainaren 13an Habana itsasontzian Euskal Herritik atera ziren haur errefuxiatuen artean Bilboko Oribe Abad anai-arrebak zeuden. Carmen, Diego eta Francisco, beste milaka bezala, Errepublikaren porrotak ekarriko zien etorkizun ilunetik aldentzeko gurasoen altzotik urrun bidali zituzten. Aita frontean hildako errepublikarra zen eta ama, militante komunista ezaguna, espetxean denbora emango zuena. Pauillacen (Okzitania) eskala egin ondoren Leningradon lehorreratu ziren ume gehienak eta hortik, hainbat hiritan banatu. Oribe Abad anai arrebak Moskura joan ziren.

Hamar urte pasata, Carmen Oribe, Begoñita ezizenez ezagutzen zutena, Sobietar Batasuneko gazte langilea zen eta igandero dantzalekura joaten zen Aeroflot hegazkin enpresako lankideekin. Bertan ezagutu zuen Boris Kharlamov, Kommunar lantegiko mekanikaria; uste baino lehen ezkonduta zeuden eta Begoñita haurdun. 1948ko urtarrilaren 14an izugarrizko elurtearen erdian, taxiak ezin aurrera eginik ibilgailuan bertan jaio zen haurra.

'Habana’  baporea; Carmen Oribe ‘Begoñita’  1937an Santurtzitik Leningradora eraman zuten ontzi hartan, Euskal Herriko beste haur askorekin, tropa faxistengandik ihesi.

Ama eta jaioberria ospitalean zirela, oinez etxera zihoan Boris atxilotu zuten, lapurra zelakoan. Komisaldegian, egoera argituta, poliziekin edaten eta erretzen, haurraren izena erabaki zuen gizon hark: Valeri izango zen, Valeri Chkalov hegazkin pilotu sobietar ezagunaren omenez.

Bigarren Mundu Gerraren ostea, estalinismoa une gorenean, gogorra izan zen. Begoñita, Boris eta Valeri panelezko hormek zatitutako gela baten laurdenean bizi ziren. Valeri ume ahula eta gaixobera zen. Errazionamendu bidez banatzen zituzten elikagaiak eskasak ziren eta hotzak ez zuen osasun egoera hobetzen laguntzen. Laster arreba heldu zitzaion, Tatiana.

Frankismoko Bilbora itzulera

Stalinen heriotzak Gerra Hotza epeldu zuen eta “gerrako haurrei” Burdinazko Hesia zeharkatzeko aukera eman zitzaien. 1956an Bilbora itzuli ziren eta Valeri eskola frankistan hasi zen. Ikaskideek Rusito deitzen zioten; hain beldurgarria omen zen komunismoaren ordezkaria zen, eta gainera, hizkuntzarekin arazoak zituen. Geroko elkarrizketetan, ordea, gehien markatu zuena otoitz egiteko beharra izan zela zihoen Valerik. Sobietar Batasunetik heldu berrientzat, giro frankista ez zen erosoa eta zortzi hilabete pasata, behin betiko Moskura itzultzea erabaki zuten. Begoñitak bigarrenez utzi zuen bere sorterria.

Valeri hockey patinak janzten hasi zen orduan, hasieran aitarenak bere zapaten gainetik jarrita, geroago bereak. Beheko kategorietan ibiltzen zenean, 13 urterekin, bihotzeko gaitza antzeman eta kirola uzteko agindu zioten medikuek. Aitak entrenamenduetara eramaten segitu zuen ordea, ezkutuan, Begoñitak jakin gabe. Bikotekideen arteko desadostasun hori ez zen arazo bakarra: Valeriren biografoek aitaren alkoholismoa aipatzen dute behin baino gehiagotan. Ama euskalduna harro zegoen semeak lortutakoarekin, ez ordea senarraren jokabidearekin.

Gazteen mailan hasita, 1967ko urrian CSKArekin, Ejertzito Gorriaren taldearekin egin zuen debuta Kharlamovek. Gazteegia zela iritzi zuten eta hura utzita joan zen Zvezda taldera, Uraletara. Bertan jokalari bikaina zela frogatu zuen eta hurrengo denboraldian bere bizitza osoko taldea izango zenera itzuli zen. Laster Sobietar Batasuneko selekziorako hautatu zuten eta hortik aurrerakoa hockeyaren historia bizia da, 17 dortsalarekin asko izan baitziren lortutako balentriak.

Neguko Olinpiar Jokoetan bi urrezko domina (Sapporo’72 eta Innsbruck’76) eta zilarrezko bat (Lake Placid’80). Munduko txapelketetan zortzi urrezko, bi zilarrezko eta brontzezko bat. Hamaika aldiz Sobietar Ligako txapeldun eta 1979ko Challenge Cupeko irabazlea. Lehenengoa izan zen, AEBetako NHL ligan jokatu gabe, “Hall of Fame” jokalari ezagunen museoan sartzen eta Kanadako profesionalen kontrako partiduan nahita lesionatu zuten irabazi ahal izateko. Estatubatuarrek 1.200.000 dolar eskaini zioten, baina Gerra Hotzaren garaian etsaiaren aldera pasatzea pentsaezina zen.

Ezker-eskuin: Carmen Oribe Abad, Oribe-Kharlamov sendia, eta Valeri Kharlamov Sobietar Batasuneko hockey selekzioko elastikoarekin.

1975ean Valerik dei bat jaso zuen etxean, Irina lagun zaharrarena zen. Haurra izan zuela eta aita bera zela jakinarazi zion. Alexander jaioberriaren aitatasuna onartu eta ezkontzea erabaki zuten. Laster alaba izan zuten, Begoñita, amama bezala. 1976an kotxe istripu larria izan zuen baina 1980ko Neguko Olinpiar Jokoetarako berriro hockeyra itzultzea lortu zuen. Hor, zilarra baino ez zuten lortu eta errudunak bilatu behar zirenez, Kharlamov izan zen seinalatua; ez zuten gehiago selekziorako hautatu.

Autoan jaio eta hil zen kondaira

1981eko Munduko Txapelketa Kanadan jokatu behar zen eta Kharlamov ez zegoen deituta. Oporretan zela, egun-pasatik Moskura bikotekidearekin bueltan kotxez zihoala, istripua izan zuten eta biak hil ziren. Auto batean jaiotako jokalaria, autoan bizia galduta bihurtu zen kondaira.

Hil osteko omenaldiak ikaragarriak izan ziren. CSKAk eta sobietar selekzioak 17 dortsala erretiratu zuten, urtero NHLko errusiar jokalari hoberenari ematen zaion saria Kharlamov Trophy da eta Errusiako gazteen mailako txapelketak ere bere izena darama. 2014an Valeriren bizitzaren inguruko pelikula egin zuten, 17 zenbakidun kondaira. Duela gutxi, bere aldeko monumentua aurkeztu dute Moskuko estadio olinpikoan, eta garrantzitsuena, milioika errusiar zaletuen oroimenean geratu da.

Semearen heriotza kolpe latza izan zen Begoñitarentzat. Biloben zaintzaz arduratzen saiatu zen baina hauek aitaren aldeko amonarekin bidali zituzten. Egoerak erabat tristatu zuen eta hilabete batzuen buruan hil zen txapeldunaren ama bilbotarra. Begoñitaren biloba, Alexander maila ertaineko hockey jokalaria izan zen. Haren semeak Valeri du izena, aitonak bezala. Valeri Kharlamov berriari hockeya ez zaio gustatzen ordea, nahiago du futbola.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude