Taldearen ustez, proiektu honetan egingo diren aldaketek Erorien Monumentuaren eraldaketa sakona ekarriko dute, eta eraikinak demokraziaren aurka duen esanahia hautsiko du. Eraistea proposatzen duten taldeentzat, aldiz, aurkeztutako proiektuak “hilobia zuritzeko besterik ez du balio”.
Hamalau adituetatik hamar egon dira Iruñeko Udalaren areto nagusian egin den aurkezpenean eta azpimarratu dute, Oroimenezko Museoa izango dela epe ertain eta luzera begira Iruñean egingo den proiekturik esanguratsuena.
Iruñeko Udalean egin du aurkezpena aditu taldearen ordezkaritzak. Abiapuntu gisa, taldearen ustez, monumentua eraisteak gertatutakoaren frogak ezabatuko lituzke, eta horrek mesede egingo lieke hura eraiki zutenei: “Testigantza materialak zutik mantentzea baliagarria da memoria historikoaren eraikuntzan”.
Joseba Asiron alkateak esan du monumentuaren gaia konplexua dela, minez eta ika-mikez beteriko sinboloa dela, eta sinbolikoki hiria menperatu duela; beraz, “zegoen bezala uztea ez zen aukera bat eta monumentu honen historian etapa berri bati ekingo diogu; horrek ekarriko du monumentuaren balioekiko apurketa eta faxismoen birsortzeaz ohartaraziko gaitu”.
Adituek txostenean diotenez, helburua ez da txantxetakoa: “Totalitarismoa gurtzeko leku bat pentsamendu kritikorako gune bihurtzea da erronka; 1936ko estatu-kolpearen sustraiei, testuinguru historikoari eta ondorioei buruzko ezagutza historikoa; eta balio demokratikoak indartzeko ekintza politiko eta kulturala sustatzea”.
Udalean egon diren adituetatik hiruk hartu dute hitza, besteak beste Fernando Mendiolak, NUPeko Oroimen Historikorako Funts Historikoko zuzendariak, eta adierazi du proiektuak “Erorien Monumentuaren desagerpena ekarriko duela” eta eraikina memoria demokratikoaren aldeko eta faxismoaren aurkako sinbolo bihurtuko dela.
Eraldatze sakona
Helburu horiek lortzeko monumentuak aldaketa sakonak behar dituela azpimarratu dute. Kupulak eta danborrak egungo protagonismoa galdu beharko lukete, eta berdin barruko pinturek eta kriptak. Osagai funerario guztiak desagerraraziko dira, zentzu sakratua kenduko zaie, eta espazio horiek erakusketak edo bestelako ekitaldiak egiteko toki gisa utziko dira.
Eraikinak dituen oroitzapenezko testuei eta ikonografia faxistari dagokienez, hala dio txostenak: “Gurutzadako eta nazional-katolizismoko elementu sinbolikoen multzoa museoratzeko eta interpretatzeko moduan utziko dira, bereziki Nafarroan karlismoarekin zituen loturei dagokienez”.
Eraikin berriak, halaber, “kontuan izan beharko ditu proiektuaren erabilerak eta beharrak, hala nola harrera eta ekipamendurako sarbidea, erakusketa iraunkorra, aldi baterako erakusketak, hezkuntza-espazioak, ekitaldi- eta hitzaldi-aretoa, bilera-gelak, artxiboa eta liburutegia”. Horretarako, batzordeak komenigarritzat jotzen du eraikin erantsi bat edo batzuk eraikitzea. Esku-hartzeak kontuan hartu beharko du ere eraikinaren ingurua eta, txostenak dioenez, posible da egungoaren antzeko espazioa izatea edo guztiz aldatzea.
Herritarren parte-hartzea
Adituen ustez, proiektua bermatzeko, ezinbestekoa da edukiak, museoaren proiektua, proiektu arkitektonikoa eta instituzioen arteko elkarlana ondo olioztatzea. Horrez gain, proiektuaren garapenak eta ondorengo kudeaketak herritarren parte hartzeko mekanismoak behar ditu, bereziki talde memorialistena. Christian Dürr Austriako Mauthausengo Oroimen gunean ari da lanean, aditu taldekoa da eta ekitaldian zehaztu duenez, hiru gauza giltzarri izango dira proiektu honetan: herritarren parte-hartzea, herritarren bisita gidatuak antolatzea prozesuak irauten duen denboran, eta eraikinaren eraldaketa zehatz mehatz jasoko duen erregistro arkeologiko-arkitektonikoa egitea.
Oroimenaren museo berriak izango ditu espazio finkoak eta aldagarriak. Aldagarriak giza eskubideen urraketarekin eta talde neofaxisten gorakadari buruzkoak izango dira, besteak beste. Museoaren oinarria, dena den, finkoa izango da eta hiru arlo nagusiren bueltan ardaztuko da: bat, eraikinaren historia; bestea bat “erorien” kontzeptuaren eraikuntza modu kritikoan aztertzea, eta frankismoaren biktimen errealitatea; eta, azkenik, gerra kulturari buruzkoa, horrek dakartzan kalteak azpimarratzeko, eta bakearen kultura sustatzeko.
Azken finean, txostenak dioenez, museoa bihurtuko da hezkuntzarako tresna eta kontzientzia demokratikoa garatzeko laborategia. Iruñea “oroimena duen hiria” da, eta beraz, erorien monumentua lotuko da azken urteetan memoria historikoa lantzeko finkatu diren beste gune batzuekin, hala nola, Germán Rodríguez hil zuten tokia; Iruñeko espetxe zaharra zegoen gunea; Gaztelugibelean frankismoak errepresaliatutakoen oroimenez eraikitako monolitoa; eta zezen plazaren atzean zegoen atxiloketa guneei buruzko memoriala.
Talde memorialistak: “Inposaketa da”
Adituek proiektua aurkeztu aurretik Nafarroako talde memorialisten ordezkaritza bat Udaletxeko plazan bildu da proiektua salatzeko. Adierazi dutenez, “adituekin proiektuaren onuraz konbentzitu nahi gaituzte, adituak nazioarte mailan ospe handia dutela erakutsi, hori da botereak proiektu bat inposatu nahi duenean egiten duena, adituz inguratu”.
Monumentua eraistea besterik ez dagoela berretsi dute, “edonola birgaituta ere, monumentua beti izango delako Erorien Monumentua, sinbolo frankista bat. Txosten honek bakarrik balio du hilobia zuritzeko”. Adituen taldeko kideek euren prestigio galduko dutela iragarri dute. Era berean, zehaztu dute aditu talde honen kostuei buruzko datuak eskatu dizkiotela udalari, baita berau osatzeko oinarriak finkatzen duen txostena ere. Eta “inposaketa honi aurre egiteko”, eraisketaren aldeko Talde Memorialisten elkarteak urriaren 8rako manifestazioa deitu du Iruñean, 18:00etan.
Iruñeko Udalaren helbide honetan dago udalak zabaldu duen prentsa-oharra eta bertan, hasieran, adituen proiektu osoaren PDFa. Bertan ageri dira txostengileak eta haien merituak. Ondorengoak dira:
Miguel Ángel del Arco Blanco, Historia Garaikidean katedraduna, Granadako Unibertsitatean.
Chistian Dürr, Mauthausengo memorialeko zaintzailea eta Filosofian doktorea.
Matilde Eiroa San Francisco, Hismedi Historia, Memoria eta Sozietate Digitala izeneko proiektuko zuzendaria.
Lourenzo Fernandez Prieto, Historia Garaikidean katedraduna, Santiago de Compostelako Unibertsitatean.
Fernanda García Iribarren, Txileko Santiagoko Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoaren zuzendari exekutiboa.
José Miguel Gastón Aguas, Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendaria. Historian doktorea.
Jordi Guixé Coromines, Eurom, Memorien Europako Behatokiko zuzendaria. Historian doktorea.
Nora Hochbaum, Estatu Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Monumentuko - Memoriaren Parkeko zuzendari nagusia, Buenos Airesen, Argentinan.
Asun Larreta Ayesa. Frankismoaren garaian errepresaliatutako familia bateko kidea, eta aktibista memorialista.
Cesar Layana Ilundain, Nafarroako Memoriaren Institutuko Dokumentazio Ataleko burua eta historian doktorea.
Emilio Majuelo Gil, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko zuzendari ohia (2011-2020). Historia Garaikideko irakasle emeritua NUPen.
Fernando Mendiola Gonzalo, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko zuzendaria. Historia Garaikideko irakasle titularra NUPen.
Iratxe Momoitio Astorkia, Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria. Museologoa eta Filosofian eta Letretan lizentziaduna.
Nuria Ricart Ulldemolins, irakasle agregatua, Arte Ederren Fakultatean, Bartzelonako Unibertsitatean.