Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) Kirmen Uriberen nobelan oinarrituta, Karmele pelikula zine aretoetan estreinatzear da Asier Altuna (Bergara, 1969). Lehen lurreratzea Donostiako Zinemaldian izan du, eta bertako ateak ireki orduko eman dio elkarrizketa ARGIAri, goizean goiz. Gipuzkoako hiriburuan egin du zita; bizkaiera jasoan, elkarrizketa. Urriaren 10ean, Karmele, zinema aretoetan ikusgai.
Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren istorioa dakarzu, aurretik Kirmen Uribek jasotakoa. Zer esan dizu Uribek?
Oso pozik dago. Bere herrian oso gertukoa zuen familia baten istorioa hartu zuen. Gainera bizirik dagoen familia da: Txomin eta Patxi [Karmeleren eta Txominen semeak] bizirik daude; Ikerne [alaba], aldiz, pelikula grabatu baino bi hilabete aurretik hil zen. Kirmenek hartu du herriko istorio bat eta horrekin liburua idatzi du; eta gero, liburu hori pelikula bihurtzen da. Eta estreinaldia du Donostiako Zinemaldian. Bada pozik egoteko modukoa. Gainera, Kirmen oso alaia da, baikorra, zoratzen dago honekin.
Zelakoa izan da sortze prozesua? Uribek parte hartu du?
Ondarroako Marabilli festibalaren inguruan sortu zen kontu hau. Kirmenek esan zidan, familiako etxe Antso-solo pare horretan geundela, nola Frantziskok sua eman zion bere atun ontziari, eta amua bota zidan; arrantzalea dela ezagun du. Liburua irakurri nuenean konturatu nintzen zenbat abentura bizi izan zituzten, zelako familia konprometitua zen: bi erbestealdi, espia lanak egin zituzten, bueltatu ziren diktaduraren aurkako erresistentzian parte hartzeko... Sekulako istorioa zen. Kirmen oso gertu izan dut beti, eta esan nionean pelikula egiteko asmoa nuela oso pozik hartu zuen. Bidean proiektuaren nondik norakoak kontatu dizkiot, gidoiaren bertsio bat edo beste irakurri du, eta beti alde egon da eta errespetuz tratatu du; ez du parte hartu ezta epaitu ere. Iazko Gabonetan erakutsi genien berari eta bere familia osoari oso aurreratuta geneukan zati bat, baina oraindik bukatu gabe zegoen pelikula, eta oso pozik eta hunkituta geratu zen.
Badira ia hamar urte Uribek liburua kaleratu zuela. Zergatik orain pelikula?
Pelikulak egitean ez da erabakitzen noiz bukatuko den. Nik liburua kaleratu orduko irakurri nuen, Kirmenek bidali zidan, eta ikusi nuen hor bazegoela zerbait. Hasi nintzen tratamendua egiten, eta sei-zazpi urte pasatu ditugu finantziazioa bilatzen, gidoia hobetzen... Ez da erraza izan, oso konplikatua delako garaiko pelikula bat egitea eta gu eroso sentitzea grabaketan hasteko. Prozesu hau niretzako normala izan da, bitartean beste gauza asko egiten joan naizelako: beste hiru pelikula grabatu ditut. Oso ohituta gaude horrela lan egitera, ortu bat bezala da: produktu batzuk dituzu jada jasotzeko, beste batzuk daude hazitegian eta beste batzuk landatzen.
Momentu egokia dela uste dut, gainera. Karmele-n kontatzen den historia: faxismoaren kolpea eta gerra, indarkeria, kolonialismoa... gauza horiek guztiak gaur egun gure egunerokotasunean daude. Eresoinka moduko proiektu baten inguruko pelikula bat egitea, zeina faxismoaren eta gerraren aurka ari zen, gero eta beharrezkoagoa dela uste dut; momentu egokia da, zoritxarrez. Kultura eta hezkuntzaren artean zubiak sortzea garrantzitsua da.
Jone Laspiur da Karmele; Eneko Sagardoy, Txomin. Zelakoa izan zen hautaketa prozesua?
Nik gogoa nuen Enekorekin lan egiteko, ikusten nuen Txomin Letamendi bezalako pertsonaia bat oso ondo egin zezakeela. Izan ere, Txominek badu transformazio puntu bat: berez euskaldun umila zen, baina giro "VIPetan" ondo mugitu zitekeena. Gustatzen zitzaidan bere pertsonaia. [Manuel] Sota, Kepa Errasti, ere ikusten nuen Enekoren lagun moduan: altuera bera dute, bizitza errealean ere lagunak dira. Bi horiek argi nituen. Karmele prozesu zailagoa izan da. Emakume gazte bat izan behar zen. Nahikoa kostatu zitzaidan, baina erabaki nuenean Jone izango zela, casting-aren gainontzeko arloak mugitu ziren, batez ere gurasoak.
Nik 56 urte ditut jada, adinean aurrera noa, baina norbera beti sentitzen da gazte. Amonaren papera egiten ez dut ikusten nire belaunaldiko inor. Horregatik, idazterakoan, nik aurreko belaunaldia nuen buruan: Ane Gabarain, Klara Badiola, Kandido Uranga... Amama-n ere horrela egin nuen. Baina bat-batean konturatu nintzen Karmelek 20 urte baditu amamak ezin dituela 50 baino gehiago izan, eta orduan esan nuen: Nagore [Aranburu] . Horrek aldatu zuen dena.
Gero, gozamena izan da aktore guztiekin lan egitea, uste dut protagonista denak daudela oso ondo. Nagorerekin lan egitea itzela da, Jonek dena ematen du; gainera, orain arte egin ez duen paper bat da oraingoa, eta bera irribartsu ikustea pozgarria da. Javi Barandiaranekin [Karmeleren aita] lan egitea ere oso polita izan da, aspalditik neukan gogoa, bere aurpegia gustatzen zaidalako: asko ematen du gutxirekin.
Gerra eta erbestea ezagunak dira Euskal Herrian, baina erbestean egindako lanak ez horrenbeste: Eresoinka izango da ezusteko handienetako bat.
Eresoinkaren parte guztia harrigarria da. Nik ezagutu nuenean konturatu nintzen sekulako lana egin zutela, eta oso indartsua iruditu zitzaidan. Parte emozionala da, musika da. Gerratik alde egin zuten, indarkeria eta bortizkeria pairatu zituzten, eta bat-batean gazte talde bat sortu zen kantuan bira bat egiten Europatik. Jende gaztea zen, maitasuna... bizitza txute bat eman zien. Hori dena musikak lagunduta. Zoragarria izan zen. Hasierako itzal guztiak argitzen ditu Eresoinkak.
"Kultura eta hezkuntzaren artean zubiak sortzea garrantzitsua da"
Hain zuzen ere, musikak presentzia handia du pelikula guztian, baina garaiaren eta lekuaren arabera aldatzen doa.
Musikak bidaian laguntzen die pertsonaiei, eta laguntzen du herrialde ezberdinetako pausoak ematen. Bilbora itzultzen direnean, musika bukatzen da, lehen sumatu den argitasuna itzaltzen da. Eresoinkak, musikak, eman dit elementu narratibo oso indartsu bat.
Musikak ez bezala, elkarrizketek ez dute horrenbeste presentzia: eszena asko daude elkarrizketa oso sotilekin. Garaiaren soiltasuna erakutsi nahi zenuen?
Uste dut off-ean asko kontatzen dela, baita begirada batekin ere. Gustatzen zaidan zinea horrelakoa da, Amama ere horrelakoa zen. Entseguak egiterako orduan beti galdera bera egiten dut: “Hau elkarrizketarik gabe kontatu daiteke?, eta horrela bada, kendu egiten dugu. Niri gustatzen zaidan zineak istorioa aktoreen, keinuen eta irudien bitartez kontatzen du, beste modu batera. Uste dut, gainera, era horretara eginda, elkarrizketa heltzen denean pisu berezia hartzen duela.
Irudiak aipatu dituzu. Hain zuzen ere, koloreekin jolasean aritu zara pelikulan: gerrako eta Euskal Herriko irudiak tonu hotzetan ziren; erbestekoak eta Eresoinkakoak, aldiz, beroak.
Musikarekin egin dugun gauza bera egin dugu irudiekin ere. Pelikula honetako gidoia idatzi nuenetik ikusi nuen hemen bidai bat zegoela, bidai emozional eta fisikoa. Pelikula grabatu aurretik sekulako lana egin genuen. Javi Agirre argazki zuzendaria eta Zaloa Ziluaga arte zuzendaria izan ditut alboan, eta hasieratik geneukan argi koloreak inportantzia itzela zeukala. Trantsizioa dago, kontraste handiko pelikula da.
Hasten da nazionalak herrira iristen diren horretan, eta hori oso gogorra eta iluna da. Bat-batean, Frantzian argi pixka bat sartzen da leihotik eta koloreak aldatzen joaten dira; batetik, Frantziak baduelako kolore paleta berezi bat; eta, bestetik, argitasun momentua islatu nahi genuelako. Venezuelan, kolore leherketa: kolore asko, jantzi dotore eta koloretsuak, artea ere horrelakoa zen. Eta gero berriro gris, urdin eta beltzera buelta, Euskal Herrira itzulitakoan. Hori dena oso estudiatua dago, eta izugarrizko lana da, baina oso polita.
Liburuetan oinarritutako pelikulek ez dute sekreturik: liburua irakurri duenak badaki zer gertatzen den. Sinopsia ez denean pelikulak eskaini dezakeen sorpresa handiena, zer indartu?
Horrek ez nau asko kezkatzen, liburuan oinarrituta egonda ere bakoitzak bere narrazioa egiten duelako. Kirmenek liburua nobelatua idatzi du, badu fikzio puntu bat; eta nik nire pelikula egin dut. Zein den sekretua? Narrazioa ondo eramatea, hori izan da pelikula honen erronka handiena. Zenbat abentura, ekintza, egoera... dauden Karmele eta Txominen istorioan Kirmenek jaso zituenak. Nire lana izan da hori ahaztea eta pertsonaien bitartez bide bat kontatzea, beren barruko kezkak, zalantzak, gatazka guzti horiek kontatzea. Nik nire pelikula egin dut.
Jendeak badaki zer gertatuko den, edo ez; nik gogoan dut pelikula nola kontatu pentsatzen hasi ginenean erabaki genuela gauza asko ez genituela kontatuko. Hasieran ez dakizu nola antolatuko duzun narrazioa, eta hori da gure arma eta horrekin jokatzen dugu beti; jolasa da, azken batean. Niri gustatzen zait istorioa idatzita dagoenean, hori nola kontatu asmatzea; zailena da, baina aldi berean, politena. Gakoa aurkitzen duzunean gozatu egiten duzu, denak ez duelako balio.
Kontentzio ariketa bat izan da pelikula hau egitea, elementu oso indartsuak zeudelako narrazioan. Gauza asko daude, eta denak ezin dira kontatu: Txominen anaia Ezkaban egon zen, gurasoek bizi izan zuten Bigarren Errepublikako iraultza, Karmeleren ama irakaslea zen, herriko emakume taldearen burua, Txomin espia lanak egiten... Horregatik, hasieratik erabaki behar duzu zer kontatu nahi duzun eta zeinen bitartez: eta nik erabaki nuen Karmelerekin aurrera egitea, eta horrela atera zait. Inork ez daki, pelikula ikusi ez badu, zer gertatuko den; seguru sorpresa asko eramango dituela. Dena ez kontatzeko hautua egin dugu; bai musikarekin, ez dagoelako musika azpimarratuta, dena da soila, elipsiekin kontatzen dugu asko. Karmelen zentratu nahi genuen, bere bidez kontatu, eta ez hainbeste abentura. Pena ematen dizu, noski, eta pentsatzen duzu “sekuentzia hura ze polita izango litzateke”, baina aldentzen zara erabakitako pelikulatik. Erabaki bat hartu genuen, eta aurrera.
"Ez nuen nahi pelikula Ondarroan kokatzea euskaragatik: oso polita da, baina gogorra egiten zait"
Liburutik gehien aldentzen dena, edo baten bati bekain bat altxaraziko diona da liburua Ondarroan gertatzen dela, baina pelikulan ez da herririk aipatzen; are, euskara bera ere Lea-Artibaikoa baino Debagoienakoa da, Karmeleren kasuan bederen. Zergatik?
Ez nuen nahi izan Ondarroan kokatu euskaragatik. Ondarroako euskara oso polita da, berezia, nortasun handikoa; baina gogorra egiten zait. Egin genuen probatxo bat, baina ez zen atera. Horrelako nortasun handia duen euskara bat erabili behar baduzu, edo benetakoa egiten duzu edo ez duzu egiten, ezin da erdibideko zerbait egin. Ez nuen nahi euskara batuan egin pelikula, nahi nuen pertsonaia guztiak, garrantzitsuenak bederen, bizkaitarrak izatea; horrela baitziren. Eta orduan, neure euskara erabiltzea erabaki nuen, bergararra. Ez pentsatu buelta asko eman nizkionik erabakiari; horrela egin nuen eta kito. Karmelek Bergarako euskaraz hitz egingo zuen, Bizkaian kokatuko genuen herria, ez genuen esango Ondarroa dela; eta Sotak eta Letamendik, nola bilbotarrak ziren, beste euskara bat egingo zuten, eta kito. Eresoinkako jendea eta erbestekoa bakoitza bere herrikoa da, eta beren hizkeran hitz egin dute. Ez genion horri buelta larregi eman, eta, aldi berean, oso polita iruditzen zait.
Bilbok berriro ere zinema konprometituaren epizentro bihurtuko da urriaren 16tik 23ra, Film Sozialak Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioarekin.
Elkarteak salatu dutenez, Aditu adimen artifizialeko erreminta tresna bikoizketak ere egiteko gai da, eta bikoiztaileen ogibidea zein bikoizketaren kalitatea arriskuan ikusten ditu.
Emakume zinemagileentzako egoitza artistikoa da Etxe Betea eta Bilboko erdigunean sortu zen 2022an, Gariza Films ekoiztetxe feministaren eskutik. Ordutik, lau egoitzaren bidez –Gela bat norberarena, Elkarrekin Sortzen, A Shelter of One’s Own eta Two Weeks... [+]
Zinemaldi Alternatiboaren amaierarekin batera antolatzaileek haien esker onak eta balorazioa plazaratu dituzte. 17. edizioa izan den honetan, azpimarratu dute zinema tresna gisa hartuta komunitatea ehuntzen aritu direla.
Azken urteetako euskal thrillerren maisutzat dute askok Koldo Almandoz (Donostia, 1973). 2020an kaleratu zuen Nerea Garcia (Nagore Aranburu) inspektorearen lehen telesaila, Hondar Ahoak, eta Ondarroan pasatakoek publikoa poltsikoratu zuten bizkor. Lehen zatitik bost urtera,... [+]
Zuzendaria: Lynne Ramsay
Herrialdea: Kanada
Iraupena: 118 minutu
Estreinaldia: Azaroaren 21ean, zinemetan
Erditze osteko doluan dago Grace (Jennifer Lawrence), baina ez zaigu amaierara arte hitzez adieraziko. Kontakizun ero eta kaotikoa da, bere begiradatik... [+]
Iragan berria den Donostiako Zinemaldian euskarazko hiru lan eskaini dira prestigiozko Sail Ofizialean: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak.
Festibala gutxi gorabehera erdira heldu zenean ohartu nintzen laugarren bat ere bazegoela euskal zinea labelarekin: Los domingos. Bilbon... [+]
Alauda Ruiz de Azua zuzendari barakaldarren lanak jaso du sari preziatua, baita Euskal Zinemaren Irizar saria ere. Bestalde, hunkituta jaso du garaikurra Jose Ramon Soroizek, mende erdiko ibilbide oparoaren ostean.
Zinemaldi eder honi amaiera emateko, Jay Kelly ikusi dut, Noam Baumbachek zuzendu eta George Clooneyk protagonizatu duen pelikula. Bertan Jay Kelly izeneko aktore asmatu baten bizitza kontatu da, Hollywoodek sorturiko famatu generikoaren erretratu. Film honetan, Jay ikusi dugu... [+]
Aurreko urteko Zinemaldian, Paolo Sorrentinok Parthenope luzemetraia aurkeztu zuen, eta gogo handiz joan nintzen ikustera, baita gustura atera ere. Aurten film berria aterako zuela jakitean, ez nuen duda izpirik izan, eta, finean, azken egunerako utzi nuen gozokia. La Grazia,... [+]
Molt lluny klasiko bat da, barrura begirako klasiko bat. Gerard Oms zuzendariaren lehen obrak beste pelikula askotan ikusi den barne bilaketa proposatzen du: gizon heterosexual oso normatibo batek antsietate dezentekoa du, ez daki zer gertatzen zaion, baina ez dago gustura... [+]
Testuinguru historiko, politiko eta sozialik gabea, kasik azalpenik ez... Eskasa iruditu zait oso Donostiako Zinemaldiaren itxiera galako pelikula, The Winter of the Crow.
Poloniako Varsovian kokatzen da, 1981eko abenduan. Psikiatra irakasle britainiar bat da... [+]
Diego Céspedesek idatzi eta zuzendutako luzemetraia da La misteriosa mirada del flamenco, jendez lepo zegoen Kursaaleko 2. aretoa oso-osorik hunkitu duena. 1980ko hamarkadan kokatzen da, Txileko basamortuan, eta hamaika urteko Lidia gaztea (Tamara Cortés) du... [+]