Zabaldu aukerak faxismoaren aurkako baliabideei

Iruñeko Erorien Monumentua, Askatasunaren plazan. X. Letona / ARGIA CC BY-SA

2025eko azaroaren 04an - 09:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oraindik ere mina dario Iruñeko Erorien Monumentuari, errepresioa eta zapalkuntza, 36ko Gerrako irabazleen oroimena eta gorazarrea barreiatzen du Iruñean barrena... Eta ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen figura historikoa izanda, bistan da zauri ugari erretzen jarraitzen duela oraindik. Zorionez, ez da ukitu ezina, eta 1941ean eraiki zenetik bere izaera sakon aldatuko duen esku-hartzea egingo du bertan Iruñeko Udalak, zalaparta handiaren erdian.

Posible ote da monumentua eta bere ingurua birgaitzea, hau da, beste esan nahi bat ematea? Oroimenaren aldeko Nafarroako talde gehienen ustez ez, beste askoren aburuz bai, besteak beste Iruñeko Udalean gehiengoa duten EH Bildu, PSN eta Geroa Bairentzat. Dudarik gabe alde bietan dira zentzuzko argudioak: oraintsu arte eraistea izan da mugimendu memorialisten eskaera nagusia, eta orain birgaitzea bide egiten ari da, nagusiki posibilismoak bultzatuta, baina baita sektore akademiko eta memorialistetan izandako ikuspegi berriengatik ere, nagusiki honakoa: balia dezagun frankistek hiriaren erdian utzi zuten errepresioaren proba nagusia, haiek nahi zutenaren kontrakorako.

Bide horretan, frankismoaren zapalkuntza eta gerrako irabazleen gorazarre egitetik, frankismoaren salaketa egingo duen interpretazio zentroa eta museoa eraikiko da; gertatutakoaren informazio historikoaren azalpena emango duena; eta faxismoaren aurkako osagai gisa baliatuko dena. Faxismoaren aurkako zenbat interpretazio zentro daude Euskal Herrian? Izaera zehatz horrekin, bat bera ere ez.

2016an monumentua biltzen duen plaza Rodeznoko Kondea izatetik Askatasunaren plaza deitzera iragan zen, eta Mola eta Sanjurjo buruzagi frankisten gorpuzkiak atera zituzten monumentutik. Pauso txikiak, baina sinbolikoki esanahi handikoak.  Kontua da beste bederatzi urte behar izan direla orduko aldaketekin jarraitzeko.  Denbora gehiegi. Zoritxarrez, dena da geldoa frankismoaren oroimenari aurre egiterakoan; zorionez, azkenean norabide argiago bat dago. 

Azken 30 urteetan Nafarroan urrats handiak eman dira oroimenaren eremuan, baina ibilbide horretan talde memorialisten arteko ika-mikak ere handiak izan dira. Pentsaezina zen, beraz, oroimenaren bueltako sinbolorik handiena tirabira horietatik libre geratuko zela. Bihar bertan, goizean altxa, Karlos III.a etorbidean gora egin eta monumentuaren arrastorik ez balego, nekez litzateke zalaparta handirik eraistea eta birgaitzearen artekoen artean. Baina hori ez da errealitatea, ametsa baino.

Erreforma ala haustura? Klasiko bat da ezkerrean eta ohikoan indarrak agintzen du. Oraingoz monumentua birgaitzea hobe, eta era aldaezinean bada are eta hobeto, beste hamar urtez ezer egin gabe uztea baino, are gehiago faxismoa gure gizarte hauskorrean ate joka datorrenean. Bai, faxismoari aurre egin behar zaio kalean, eta ahal den eremu gehienetan, oroimenarenean ere bai. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Eguneraketa berriak daude