Azaroaren 15ean gizonezkoen euskal futbol selekzioak Palestinaren aurka jokatuko du Bilbon. Karga sinboliko handiko hitzordua izango da. Nazioarteko hainbat erakundek genozidioaren aurrean isiltasunari eusten dioten bitartean, elkartasunak ozen egingo du oihu San Mamesen. Duela ia 90 urte, Euzkadi ere bonben artean aritu zen ostikoketan. Eta gaur palestinar herriarekin bezala, euskal herritarrekiko elkartasunaren isla bilakatu zen kirol hura.
Racing Paris taldearen aurka jokatutako partidan sartutako hiru golen zapore gozoak ez zien askorik iraun euskal selekzioko futbol jokalariei egun hartan. 1937ko apirilaren 26a zen, gure historiaren egutegian gorriz markatutako egun fatidikoa, abiazio faxistak Gernika erraustu zuen eguna. Duela 88 urte Euskal Herrian bezala, gaur Palestinan errauts geruza lodi bat dute itsatsita, larruazal eta bihotz. Eta gaur palestinar herriarekin bezala duela 88 urte, euskal herritarrekiko elkartasunaren isla bilakatu zen kirol hura, baloiarekin ostikoketan aritzea baitzen gutxienekoa.
Futboleko gizonezkoen euskal selekzioak 1915ean hasi zuen bere ibilbidea, Selección Norte izenpean –kantabriar jokalariak ere biltzen zituelako– hainbat partida jokatuta. Ondoren, 1930eko hamarkada hasieran elastikoan Vasconia izena zutela aritu ziren birritan Kataluniako hamaikakoaren aurka. Baina euskal selekzioak beste testuinguru batean eman zuen nazioarteko berdeguneetara jauzia, faxisten aurkako gerraren erdian.
1937an, José Antonio Agirreren gobernuak gerra-hegazkinak erosteko martxan jarritako Euzkadi Egazkiñaren Aldez kanpainan laguntzeko, Euzko Abertzale Ekintzako eta Eusko Alderdi Jeltzaleko kideen arteko partida izan zen selekzioaren ernamuina. Gerraren ondorioz, Bizkaiko frontean futbol partidak bertan behera geratu ziren, baina Jaurlaritzak “paxismuaren arerijo guztijoi” deia egin zien dirua-biltzeko, eta horren harira ekintzaileek erronka bota zien jeltzaleei match bat jokatzeko. Urte hartako otsailaren 7an San Mamesen 22.000 lagun orroka eta txaloka aritu ziren, garaiko prentsaren arabera: “Gudariak suizkiluakin mendian ari diran bitartean, bulartzu jokaturik emen atzealdean”, irakur liteke Tierra Vasca egunkarian.
“Gure misioa guztiz gizalegezkoa eta baketsua da. Diru-ekarpenak ez dira izango fusil bakar bat ere erosteko, bai ordea gerrak sortutako miseriak arintzeko. Euskal herritarrek ez dute elikagairik. Gure senideak, anai-arrebak, gure haurrak, ahoan ogi koskor bat ere sartzeko ez dutela oheratzen dira gau askotan”
Luis Regueiro, Euzkadi-ko kapitaina, 1937
Futbolaren bidez, euskal herritarren aldeko elkartasuna nazioartean hauspotzeko aukera zegoela ikusi zuten agintariek orduan, eta hala, Euzkadi selekzioa osatu zuten Europan barrena jokatzeko. Helburu bikoitza zuen bira horrek: Bigarren Errepublika barruan sortu berria zen behin behineko Eusko Jaurlaritzari ikusgaitasuna ematea alde batetik, eta erbestean zeuden haurrentzat dirua biltzea bestetik. Pariskoa izan zen lehen geltokia.
Anai-arreben miseria arintzeko
1937ko martxoaren 20an, etxeko txikienak gerrako sufrimendutik aldentzeko lehen itsas espedizioa abiatu zen Bermeotik, eta ordutik milaka izan ziren erbesteko bidea hartu zuten gerrako haurrak. Europako herrialdeetako gobernu askok gogo txarrez hartu zuten ekimen humanitario hori; aldiz, herritar eta erakunde ugarik elkartasun uholde bat sortu zuten, eta euskal selekzioak Parisen izandako harrera beroa hor kokatu behar da.
Racing Parisen aurkako partidaren aurretik, ekitaldi berezia antolatu zuten. Eliseo Zelaietan dagoen Izenik Gabeko Soldaduaren Hilobian utzitako lore sortan, honela leitu zitekeen: Izen gabeko gudariari Euzko Ostikolariak, agur. Jokalariek ez zuten trukean ezer jasotzen, beste arrazoi batzuengatik zeuden hor: “Gure misioa guztiz gizalegezkoa eta baketsua da. Diru-ekarpenak ez dira izango fusil bakar bat ere erosteko, bai ordea gerrak sortutako miseriak arintzeko. Euskal herritarrek ez dute elikagairik. Gure senideak, anai-arrebak, gure haurrak, ahoan ogi koskor bat ere sartzeko ez dutela oheratzen dira gau askotan”, hala azaldu zuen Luis Regueiro selekzioko kapitainak Radio-Citén egindako mintzaldian, Joseba Gotzon Varela idazleak euskal selekzioaren historiari buruzko bere liburuan jaso duenez.
1937ko apirilaren 25ean Parc des Princes estadioa lepo bete zen euskaldunen eta Frantziako ligako txapeldunaren arteko norgehiagoka ikusteko. Egun gogoangarria izan zen, Isidro Langara antxotarraren golak tarteko. Hotelean, xanpain botilak eta Manu de la Sotaren deia berriz ere nazioarteari: babesa emateko legezko gobernu errepublikarrari. Martin eta Xabier Etxeberriak deskribatu zuten eszena, Ez dadila eguzkia sartu (Elkar, 2006) nobelan: “Gernikako Arbola abestuz bukatu zuen De la Sotak jarduna, espedizioko guztien ahotsak bereari batuta”. Paradoxikoki, ordu berean, Gernikako kaleak “izugarrizko hondakin-mendi gorri eta ibili ezinak” bihurtu zirela kontatu zion George Steer kazetariak munduari The Times-en.
Manu de La Sota, Txanka ezizenez, Ramon de la Sota enpresari jeltzale ezagunaren semea zen eta Jaurlaritzaren delegatu aritu zen bira hartan. Atheltic Clubeko presidente izandakoa, bere parte hartzea funtsezkoa izan zen euskal selekzioaren zeregin propagandistikorako. Gero, erbestean, Eresoinka musika eta dantza taldearekin ibili zen, Agirre lehendakariaren eskariz. Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) narrazioan honela idatzi du: “Manuk berak urte batzuk geroago aitortu zuenez, ‘ez zegoen Agirreri ezetz esaterik’, hain zuen karisma berezia; eta lehenago euskal futbol selekzioaren Europako biraz arduratu zen bezala –eta lortutako arrakastaren ondorioz– bere gain hartu zituen enbaxada kulturala osatzeko eta garatzeko lanak”.
Lokomotiv estadioan paraxutista bat zerutik zelaira jaitsi zen hegan lore sorta batekin. 1937ko ekainaren 24a zen, eta aurreko egunean Bilbo faxisten eskuetan erori zen
Moskun paraxutistak eta loreak
Paristik Pragara, Marseillara, Moskura, Tbilisira, Kievera, Kopenhagera... Horrela ibili zen euskal futbol taldea 1937tik 1938rako gerra urte gogor horietan. Moskuko egonaldian espedizioko kideek aukera izan zuten ikusteko Sobietar Batasunaren antolaketa politiko itzela: Lokomotiv estadioan paraxutista bat zerutik zelaira jaitsi zen hegan lore sorta batekin, dozenaka milaka begiren aurrean. 1937ko ekainaren 24a zen, eta aurreko egunean Bilbo faxisten eskuetan erori zen.
Azkeneko partidak Ameriketan jokatu zituen Euzkadik, Kuban eta Mexikon. Baina taldeak gero eta oztopo gehiago aurkitu zituen, frankistek nazioarteko diplomazian boterea hartu ahala. 1939ko abuztuan erabaki zuten selekzioa desegitea, eta hainbat jokalari Hego Ameriketako taldeetan integratu ziren. Aldiz, nazioarteko estadioetan jasotako solidaritate eta laguntzaren oihartzuna ez zen desegin, gaurdaino iritsi zaigu. Iritsiko ote zaie palestinarrei ere?