Elgoibarko Morkaiko mendian zegoen gurutze frankista eraitsi dute

  • Morkaiko mendiaren gailurrean aurkitzen zen gurutzea eta 1936ko Gerran hildako Borboitar familiako printze baten oroimenez eraiki zuten frankistek, plaka batekin. Astearte gauean ezezagunek eraitsi egin zuten. 2014an Elgoibarko Udalak plaka kendu zuen, baina gurutzea ez eraistea erabaki zuen, beste esanahi bat eman beharra zegoela argudiatuta. 


2025eko azaroaren 18an - 16:14
Azken eguneraketa: 17:33
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hego Euskal Herrian jatorri frankista duten zenbait monumentu aurki ditzakegu oraindik, eta azken urteetan eztabaida bizia piztu da iragan ilun hura gogoratzen duten sinboloen inguruan, hala nola Iruñeko Eroritakoen Monumentuarekin eta Donostian Urgull gaineko Jesusen Bihotza eskulturarekin. Elgoibarko Morkaiko mendiaren gailurrean aurkitzen den gurutzea ere ez zegoen eztabaida horrretatik salbu, eta Franco ohean hil zela 50 urte betetzear direnean, eraitsi egin dute. 

Gurutzea, Alfonso Carlos Borboi eta Orleans printzearen –Juan Carlos I. Borboikoa espainiar errege emerituaren osaba– eta bertan hildako errekete guztien omenez eraiki zuten. Borboikoa 1936ko irailaren 27an hil zen buruan tiro bat jasota. Gurutzearen eraikuntza Pedro Muguruza arkitektoaren esku egon zen, besteak beste Bilboko eta Urgulleko (Donostia) Jesusen Bihotzak eta Erorien Arana eraiki zituena.

Astearte gauean burutu zuten gurutzea eraisteko ekintza ezezagunek, eta Diario Vasco-ren arabera bi lagun identifikatu ditu Ertzaintzak horren harira. Barren tokiko hedabideak ere zabaldu duenez, gertakariarekin zerikusia izan dezaketen bi auto ikertzen ari da Polizia; ibilgailuak tontorretik gertu aurki dituzte gurpilak zulaturik.

Elgoibar 1936 memoria historikoa berreskuratzeko taldeak sare sozialetan azaldu du herrian gelditzen zen azken monumentu frankista zela. Talde memorialistaren ustetan, ekintza ez da sinbolo erlijioso baten aurkako eraso bat izan, aitzitik, ikur frankisten aurkako ekintza gisa irudikatu dute.

2014an, Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioei jarraituta, Elgoibarko Udalak udalerriko ikur frankistak kentzea erabaki zuen. Orduko hartan kendu zituen hanbat armarri eta etxebizitzetan zeuden plakak, baita Morkaikoko gurutzean zegoen plaka ere, baina gurutzea bera bertan utzi zuen.

Barren-ek esan duenez, orduko alkate Alfredo Etxeberriak erabaki zuen gurutzea bertan uztea, ikur frankista guztiekin ezin zela berdin jokatu argudiatuta. Urte askoan Morkaiko mendizale elkartearen logotipoa izan da gurutzea, kendu zuten arte. 2019an, hain zuzen, Gogora Institutuak gurutzea EAEn sinbologia frankista duten eta kendu beharrekoak diren elementuen txostenean sartu zuen.

Esanahia "berritua"

Elgoibarko Udalak ohar bidez adierazi du, bere asmoa “gurutze horren esanahia berritzea" zela, eta horregatik, “bertan zegoen plaka kendu eta garaiko gertakarien biktimak gogoratzeko lekuko gisa" utzi zela. Udal gobernuaren ustetan, memoria historikoan adituak direnen gomendioak jarraitu zituen, eta gurutzea eraitsi ordez panel bat jartzea proposatu zuen, “gurutzeari esanahi berritua emango diona”. Gainera, oharrean gehitu dute, elgoibartarrentzat mendizaletasunarekin identifikatzen den ikurra ere badela gurutzea.

Elgoibarko EAJk, bere aldetik, komunikatu batean “bandalismo” ekintzatzat  jo du sinbolo frankista eraistea, eta "ikur bat leherrarazten" saiatu direla esan du, "esanahi-berritze prozesuaren baitan zegoen sinboloa".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Eguneraketa berriak daude