Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak egin dute desobiratzea. Hezurrak egoera txarrean egon arren, gorpuak identifikatzeko itxaropena dute, eta “oroimena duintzeko eta familiek zauriak sendatzeko” urratsa dela nabarmendu dute.
Iragan igandean desobiratze lanak egin dituzte Saibigainen, Abadiñon (Bizkaia).1936ko Gerran mendi horretan jazo zen guda odoltsuko hainbat hobi daude desobiratzeke, eta oraingoan, este bi gudulariren gorpuzkiak atera dituzte. Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskal Prospekzio Taldeak gauzatu dute lana, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza skubideen Euskal Institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenarekin. 2023tik, bost borrokalariren gorpuzkiak aurkitu dituzte bertan, hiru desobiratze lan desberdinetan.
Desagertuen senideen eta boluntario memorialisten presentziarekin egin zituzten igandeko lanak. Teresa Usaola, Sabino Arana Goiri batailoiko komandantearen –Felipe Bediaga Aramburu– iloba, Saibigaingo urteroko omenaldien aitzindaria eta egungo prospekzioaren bultzatzaileetako bat da. Berak esan duenez, "hobitik ateratzea beste urrats bat da Saibigainen borrokatu, hil eta desagertu zirenen oroimena duintzeko, eta haien familiek hainbat belaunaldik oinordetzan jasotako zauriak sendatzeko". Izan ere, desobiratzearen helburua aurkitutako gorpuzkiak berreskuratzea da, ondoren ikertu eta identifikatu ahal izateko.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Lourdes Herrastik jakinarazi duenez, hezurrak “oso hondatuta” egon arren, identifikazio lanetan lagundu dezaken "plaka bat" aurkitu dute gorpuzkiekin batera. Uste dute plaka txiki horrek gorpu baten izen abizenak argitu ditzakeela.
Saibigain, "Odolaren Mendia"
Abadiñoko Saibigain delako mendia, “Odolaren Mendia” gisa ere ezaguna da. 1937ko apirilaren 6 eta 15 bitartean, Guda Zibil betean, Francoren aldeko tropek Euskal Herria hartzeko ofentsiban, gatazka odoltsu bat izan zen bertan, Frankisten eta lurraldea defendatzen zuten Eusko Gudarostearen batailoien artean. Lekua gorpuz josita geratu zen, eta horregatik deritzo "Odolaren Mendia".