Torturen ondorioz hildako Txomin Letamendi gudariari aitortza instituzionala egingo dio Ondarroako Udalak

  • Duela 75 urte frankistek egindako torturen ondorioz hil zen Txomin Letamendi gudari-ohi eta EAJko militantea omenduko dute Ondarroan, ostiral honetan. Bera torturatu zuten agenteen kontrako kereila artxibatu egin du Espainiako Justiziak, eta Gogora Institutuak biktima gisa aitortu du berriki.

Txomin Letamendi (1901-1950), EAJko militante, musikari eta torturen ondorioz hildako erresistente antifrankista. Wikipedia

2025eko abenduaren 17an - 11:48
Azken eguneraketa: 13:21
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1936ko Gerran gudarien komandante izandako Txomin Letamendi Murua 1950eko abenduaren 20an hil zen, bere egoera penagarria zela-eta espetxetik aske utzi ostean. Aurreko atxiloaldietan agente-frankisten eskutik jasandako tortura fisiko eta psikikoen ondorioz hil zen, 35 kilo besterik ez zituela.

Bere hurbilekoek, erbestean eta sasi-klandestinitatean baizik ezin izan zuten gogoratu urte askoan, eta orain, 75 urte geroago, Ondarroako Udalak aitortza instituzionala egingo dio. Ostiralean ekitaldia egingo dute Kofradia Zaharrean gudari-ohia omentzeko, eguerdiko 12:00etan hasita.

Musikaria eta Agirreren espia sekretua

Letamendi 1901ean jaio zen Bilbon. Musikaria zen eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan aritu zen tronpetista bezala; gaztetan hara eta hona ibili zen orkestra batean eta jazz banda batean jotzen. EAJko militantea ere bazen eta 1936ko Gerran hartu zuen parte gudarien komandante bezala. Ondoren Parisera erbesteratu zen. Hala, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako informazio zerbitzuetan sartu zen eta Eresoinka taldean ere ibili zen; han ezagutu zuen bere emazte izango zen Karmele Urresti erizain eta abeslari ondarroarra.

Letamendi Parisen tronpeta jotzen, atzean Agirre lehendakaria duela.

Letamendiren eta Urrestiren bizitza Kirmen Uribek jaso zuen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian (Susa, 2016) eta berrikitan Asier Altunaren Karmele pelikulan islatuta ikusi ahal izan ditugu historia horren printzak. Biak ala biak Venezuelara joan ziren, baina 1946an Letamendi Hego Euskal Herrira itzuli zen Agirre lehendakariak eskatuta, espia sekretu bezala lanean jartzeko. Birritan atxilotu zuten agente-frankistek dokumentazio konprometituarekin, Donostian 1946an eta Bartzelonan 1947an, eta birritan izan zen modu basatian torturatua, azkeneko aldia Eduardo Quintela inspektore krudel eta ezagunaren gidaritzapean.

Bartzelonako atxiloaldiaren ostean, gerra kontseiluan epaitu eta bost urteko espetxera kondenatu zuten. Konderriko hiriburuko Modelo espetxean egon zen lehenik, gero Madrilen, Guadalajaran... Baina hain zen kaskarra bere egoera, aske utzi zutela, eta apenas bi hilabete geroago hil zela, 49 urterekin. Madrilgo San Justo hilerria ehortzi zuten.

Lehen planoan, Txomin Letamendi eta Karmele Urresti, Venezuelara eramango dituen itsasontzian. Jazoera.blogspot

Kereilatik aitortzara

2011n senideek bere gorpuzkiak berreskuratu zituzten –forentseek ikusi ahal izan zuten tortura aztarnak zituela– eta erraustu ondoren, Euskal Herrian zabaldu zituzten bere errautsak. 2024an Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak (GEBehatokia) kereila jarri zuen bere kasua ikertu zedin, baina Espainiako Justiziak artxibatu egin zuen, bera torturatu zuten Fernando Escudero eta José Nogues poliziak hilda zeudela esanez.

Nolanahi ere, GEBehatokiaren esanetan ebazpen hori aurrekari bat zen, epaileek lehen aldiz Espainiako Amnistiaren Legean babestu beharrean kereila tramitera onartu zutelako, Oroimen Demokratikoaren Legea oinarri hartuta. Horren ondotik Gogora Institutuak biktima gisa aitortu du Txomin Letamendi, eta orain merezitako aitortza jasoko du herritarren eta tokiko instituzioen partetik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Eguneraketa berriak daude