Kleptomania

Behe Banda

2025eko urriaren 27an - 09:41
Azken eguneraketa: 11:33
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bata bestearen gainean jartzen ditu, banan-banan, ez baitu premiarik, azken hilabeteko mozkinak. Txikienetik hasten da, bost xentimokoak lehendabizi, euro batekoak ostean. Azkar batean heltzen da billeteetara, lehendabizi txikiak, xeheak, eta gaua heltzen denerako hasia da kontatzen bostehunekoak, more eta egundokoak. Azken hauek polis y cacos jolasean apustu egiten lortu ditu.

Eguna hasten denean irekitzen dira dendak, langileek orduak daramatzate barrenean, apalategietan hutsuneak betetzen, alkandorak tolesten eta zoruak leuntzen. Eskaparatera tentuz begiratuz gero, bertan ikusiko duzu goizeko seietan esnatzeaz nazkatuta dagoena, baina ez duzu astirik. Hasia da jendea gora eta behera, ero moduan bazterrak nahasten.

Ordu luzez aurrera so, ortzi mugan plastikozko poltsa bat eta buruz dakizun diskurtso erreakzionarioa: “Dendako txartelik bai?” Burua zulatzen dizu datafonoaren txistuak. Migrainatzarra. Ezohikoa den txirrinak aztoratzen du ordura arteko lasaitasuna: zure bizilagunaren semeak galtzatan sartu ditu hiru txorizo eta kilo bat babarrun. Aurrera eta atzera doaz lankidea, sarrerako polizia enbrionarioa eta hirurogei urteko agurea. Norbaitek Polizia abisa dezala!

Baina hau ez da Louvrea, hau Merkarroña bat da.

Lehen ezetz, lehen ez zela ezer lapurtzen, lasai askoan ibil zintezkeela kaletik. Beldurra, beldurra eta fobia, xenofobia, kleptofobia, den-denarifobia

Lapurretak sarri dira eguneko berri, batzuetan Napoleonen bitxi batzuk direla eta besteetan zure auzoan egunero, gutxi gorabehera, laurehun eta hogeita hamazazpi atsori eskumuturrekoa osten diotela. Lehen ezetz, lehen ez zela ezer lapurtzen, lasai askoan ibil zintezkeela kaletik. Beldurra, beldurra eta fobia, xenofobia, kleptofobia, den-denarifobia.

Berezko zaizkio intriga, lilura eta harridura. Gioconda ere horretxegatik ei da ospetsua, inoiz inork lapurtu zuelako. Badu bere xarma egoera kanpotik imajinatzeak, kafetegi batean eserita zazpi lagun, telefonoak kotxean utzi dituzte gaurkoan, alarmak nola deskonektatzen diren asmatzen saiatzen. Atzetik sartu, beira zulatu eta patrikara sartzea, ez jakinarena egiten. Norberak ez duena bereganatzea, lapurreta ere iraultzailea da.

Baina hau ez da museoa, hau propaganda da.

Lapurretak eta kapitalismoak harreman sinbiotikoa eratu dute, ugazabak langileoi lan indarra lapurtzen digun neurrian, betebehar morala bihurtzen zaigu guri era bertsuan erantzutea. Ying yang, karma zein libra, dena dago asmatua.

Jarraituko dute, ez egin zalantza, oreka bila dabilenaren aurkako kanpaina zitalean. Zigorrak geroz eta potoloagoak, isunak geroz eta luzeagoak, alarmak geroz eta sofistikatuagoak. Baina hau dena bals eder bat da, besterik ez, urrats bat atzera eta bi aurrera.

Aitortuko dut, nik ahal beste lapurtzen dut. Ikastaro pare bat egin nituen Lanbiden: Lapurtu zurea dena, 250 orduko ikastaro expresa eta Nola heldu hilabete amaierara saiakeran zendu gabe. Denbora kontua izan da baina ikasi dut azkenean alarma guztiak kentzen, kamerak non dauden, noiz dagoen auzoko supermerkatua jendez goraino. Curriculum Vitaean sartuko dut.

Eta hau ez da kleptomania, hau gerra bat da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Eguneraketa berriak daude