Seme-alaben argazki eta bideoak sare sozialetan partekatzea arautu nahi du Espainiako Gobernuak

  • Mugak eta baldintzak jarri nahi dizkiote hain ohiko bilakatu den joerari, adin txikiko seme-alaben irudiak eta informazioa sare sozialetan partekatzeari. Haurren gain-esposizioaren kalteez ohartarazi du Gazteria eta Haurtzaro Ministerioak.


2025eko urriaren 29an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Haurraren irudiak eta informazioa irizpide handiegirik gabe sareratzen dituzte gurasoek, maiz gainera haren onespena jaso gabe, eta gain-esposizioak kalteak ekar diezazkioke umeari, osasunean, garapenean eta ongizatean, baita kalte psikologikoak ere. Hala mintzatu da Espainiako Gazteria eta Haurtzaro ministroa, eta propio horri mugak eta baldintzak jartzeko legea martxan jarri nahi duela iragarri du. Aditu talde batekin hitz egin ostean, lege proiektua abiatzea da asmoa.

Gogoratu du irudi horiek ziberbullyingerako bazka izaten direla batzuetan, edota pedofiloen esku bukatu dezaketela. Azken finean, irudiak sarean partekatzen ditugularik, haien kontrola galtzen dugu, non, noren eskuetan, zertarako… bukatu dezaketen ez dakigula. Sharenting izenez ezagutzen den praktika arautzea adin txikikoen eskubideak bermatzeko ezinbestekoa dela adierazi du ministroak.

Nabarmendu du lege berriak esku hartuko duela baita ere seme-alaben irudia partekatuz dirua irabazten duten ama-aita influencerren kasuetan. Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira, ARGIAn kontatu genuenez. Adin txikikoen esplotazioa argudiatuta, negozio eredu hori legez mozteko eskatua dute aspalditik. Izan ere, nola da posible normalizatu izana 10 urteko haurrak influencer gisa lanean aritzea?

Irudiak sarean partekatzen ditugularik, haien kontrola galtzen dugu, non, noren eskuetan, zertarako… bukatu dezaketen ez dakigula

Seme-alabak Interneten: hiru gako eta gomendio bat

Sareetan gure haurren irudia partekatzeari lotuta, Liliana Arroyo soziologoak emandako hiru gako jaso genituen ARGIAn. Batetik, irudia eta jabetza: batzuetan ahazten dugun arren, seme-alabak beste pertsona bat dira, ez gurasoen hedadura bat, haien identitatea eta pribatutasuna dituzte. Bestetik, baimena: umeak ez du bere irudia zabaltzeko baimenik eman. Azkenik, arrasto digitala: argazkiak ez dira saretik desagertzen, seme-alabak handitzen direnean ere hortxe izango dira ziurrenik, eta beharbada ez zaizkie gustatuko argazki horiek.

Soziologoaren gomendioa: argazki edo bideo bat sarera igo aurretik, hogeira arte kontatu, eta pentsatu irudi horrek zure bizitza aldatuko al duen, eta batez ere, pentsatu zure seme-alaben bizitza aldatuko al duen, eragingo al dion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren eskubideak
Eguneraketa berriak daude