Sidenorreko presidente José Antonio Jainaga eta beste bi zuzendari ikertzen ari da Francisco de Jorge Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. Azaroaren 12an deitu ditu deklaratzera Israel Military Industries armagileari altzairua saltzeagatik.
Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak hasitako kereila baten ondorioz hasi zen prozedura eta epaileak bi delitu leporatzen dizkie hiru gizonei: kontrabando delitua, eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izatea, eta agian, modu alternatiboan, genozidio delitu baten konplize izatea ere bai.
EFE albiste agentziak zabaldutako informazioak dioenez, epailearen arabera, hedabideetan egunero ikusten dugu zer gertatzen ari den Gazan, Nazioarteko Zigor Auzitegia ere ikertzen ari da Israel balizko genozidio delitu batengatik, eta Francesca Albanese NBEko Palestinarako errelatore bereziak ere salaketa ugari egin ditu Israelen aurka.
Epaileak dio, beraz, badira zantzuak pentsatzeko Sidenorreko arduradunek bazekitela saldutako altzairua armak egiteko erabiliko zela. Horrez gain, azaldu du altzairuaren salmenta Espainiako Gobernuari baimena eskatu gabe eta dagokion erregistroan zehaztu gabe egin zela.
Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko Lehen Epaitegi zentraleko epaileak dioenez, Clerbil SL merkataritza-sozietatea ere delitu horien errudun izan daiteke, bera baita Sidenor Holdings Europaren administratzaile bakarra. Oraindik, alabaina, ez du joko Sidenor Aceros Especiales SLU ikertzera enpresa horretako langileek jarrera aktiboa erakutsi dutelako gertaeren salaketa publikoan.