Aramaio eta Eskoriatza arteko ingurunean zortzi haize-errota jartzeko makroproiektua ez du gauzatuko multinazional norvegiarrak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu dute erabakia astelehen honetan.
Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa ez du gauzatuko Statkraft multinazional norvegiarrak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu dute erabakia astelehen honetan, eta ingurumenean eraginen lukeen kaltea izan da bertan behera uzte horren arrazoia.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen aurka jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke enpresak Energiaren Estatu Idazkaritzako titularrari, hilabeteko epean. Dena dela, Itsaraz parke eolikoaren gauzapena zaila luke, erran bezala, ingurumen-kalteena badelako erakunde publikoek egitasmoa errefusatzeko arrazoi gaindiezina.
Urtarrilaren 3an, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak zuen atzera bota Itsaraz parke eolikoaren egitasmoa. Arrazoia oroitarazten dute Aldizkari Ofizialeko idatzian: "Inpaktu kaltegarri nabarmenak eragingo ditu babestutako eta mehatxatutako fauna-espezieetan, eta sustatzaileak aurreikusitako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio-neurriek ez dute berme nahikoa osatzen ingurumena behar bezala babesteko". 50 megavatiotik gorako poligonoa denez, azken hitza Espainiako Gobernuarena da, eta hortik etorri zitzaion ezetza multinazionalari. Statckraftek bere harridura erakutsi zuen ministerioaren erabakiaren aurrean, batetik, beste toki batzuetan onartu dizkioten parkeetan antzeko baldintzak zeudelako, eta bestetik, hori aitzin hainbat erakunderen baimena lortu zuelako, hala nola Gipuzkoako eta Arabako diputazioena –Bizkaiko Aldundiak, haatik, ingurumen-eraginari ezezkoa eman zion–.
Hori horrela, abuztuaren 8an, sustatzaileak sustapen-idatzia bidali zuen, proiektuaren espedientea artxibatzeko eskatuz, izapidetzearen esparruan ingurumen-inpaktu kaltegarriaren adierazpena lortu zuelako eta sarbide eta konexio-baimena ezeztatu zuelako. Irailaren 11n, entzute-izapidea jakinarazi zioten multinazionalari, proiektuaren aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera ezesten zuena. Urriaren 7an, proposamenarekin ados zegoela adierazi zuen Statkraftek, proiektuari lotutako berme ekonomikoa kitatzeko eta itzultzeko eskatuz.
Zortzi haize-errota jarri nahi zituen Statkraftek, bakoitza 7,55 megavatiokoak eta gehienezko 201 metroko alturakoak. Aparailuen hegalek 2,32 hektareako azalera hartuko zuketen martxan aritzean. Sortutako energia ateratzeko bi sare eraikitzeko asmoa zegoen: bata 30 kilovatiokoa eta lurrazpikoa, Aramaioraino (Araba); eta bestea 132 kilovatiokoa, airean –13 kilometro eta 48 poste– eta lur azpian –481 metro– eraikitakoa, Abadinoraino (Bizkaia). Duda gabe, garaipen bat ingurumenaren alde eta kapitalismo berdeak bultzaturiko makroproiektuen kontra dabilen ororentzat. Itsaraz parke eolikoa gehitu zaio beraz aurrera eraman ez diren makroproiektuen zerrendari. Hor daude, oraingoz Usurbil eta Zizurkil arteko Ezkeltzu mendian eraikitzekoa zutena eta Karakateko zentral eolikoaren proiektua.