Ez aurrera, ez atzera. Hala segitzen dute villavesetako langileek euren lan hitzarmenaren negoziazioan. Bilerak eskatuak dituzte: TCC Moventis enpresako ordezkariekin eta Iruñerriko Mankomunitatearekin, baina ez dute gaur gaurkoz erantzunik jaso. Asteleheneanelkarretaratzea egin zuten Iruñeko Udaletxeko plazan: "Udal garrantzitsuena da hau eta inplikazio bat ere nahiko genuke", eskatu du Alberto Longas villavesetako lan batzordeko presidenteak. Protesta horretako kartelek argi erakusten zuten zein den helarazi nahian dabiltzan mezua: hamar orduko lanaldi amaigabeak dituztela, 7,2 euro jasotzen dituztela jaiegunetan aritzeagatik, atsedenaldi gabeko jardunak ari direla egiten…
Ia bederatzi hilabeteko protesten eta lanuzteen ondoren gogor eusten diete aldarrikapenei. Negoziazio bide guztiak zabaltzeko prest segitzen dutela jakinarazi dute. Iruñeko Udalarekin ere biltzeko irekirik daudela esan dute villavesa gidariek, ezinbesteko aldea delakoan. Batzarretan biltzeko egindako eskaeren zain daudela jakinarazi dute eta asteazkenean Iruñerriko Mankomunitatearekin batzartuko direla: "Espedizio gaia jarriko dugu mahai gainean. Atsedenaldiak hartu ahal izateko zenbat ibilgailu gehiago jarri beharko liratekeen martxan aztertuko dugu", azaldu du Longasek.
Ostegunean eta ostiralean abiatuko dituzte lanuzteak, orain arte bezala, ordutegi berarekin: "Geldialdiak ostegun eta ostiraletan eginen ditugu urriaren 23an abiatuta. 06:00etatik 08:30etara izanen dira", ohartarazi du. 600 langile inguru ari dira euren lan baldintzak duinduko dituen hitzarmena eskatzen.