Koop 57k hamar urte bete ditu euskal ekonomia eta gizartea eraldatzen

  • Finantza etiko eta solidarioen kooperatibak urteurrena ospatu du Gasteizen. Euskal Herriko 80 entitatek eta 330 norbanakok 4 milioi euro aurrezten dituzte Koop 57n. Haiei esker, 5,6 milioi euro eman dira guztira 86 mailegutan.

1- Koop57ren urteurrenean bildu ziren lagun guztiak, Izaskun Arrue Kulturgunean.

2025eko urriaren 27an - 14:10
Azken eguneraketa: 16:49
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Maileguak, kredituak eta debituak, euriborra, tasa finkoak eta aldakorrak… Erraza da ekonomilaria ez den edonor bankuek erabiltzen dituzten kontzeptuetan galtzea eta haien jarduteko modua guztiz ezin ulertzea. Baina, xehetasunetatik haratago, ideia orokorra argi dago: herritarron beharrak txanpon bihurtzen dituzte bankuek eta gure dirua erabiltzen dute negozioa egiteko.

“Normalean zerbaitetarako dirua behar dugunean bankuetara jotzen dugu. Baina, zergatik finantzatuko dituzte bankuek hain onuragarri zaien sistema aldatu nahi duten proiektuak?”, galdetzen du Koop57 finantza etiko eta solidarioen zerbitzu kooperatibaren webguneko azkeneko albisteak. “Guk gure diru apurra inuzenteki banku batean sartzen dugu, eta diru hori inoiz onartuko ez genituzkeen proiektuak finantzatzeko erabiltzen dute”. Armagintza, esate baterako, aipatzen du idatziak Israel Palestinan egiten ari den genozidioa gogora ekarriz.

Logika hau errotik iraultzea posible dela erakutsi du 10 urtez Koop 57k. Urteurrena ospatzeko, larunbatean Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean saretuta dauden hamarnaka lagun bildu dira.

Bartzelonako langile borrokaren edota Marinaledako komunaren oinordeko

Koop 57 Euskal Herriak 10 urte bete baditu ere, bere jatorria ongi ulertzeko 1980ko eta 1990eko hamarkadako Bartzelonara jo behar dugu. 1986an, Mortadelo y Filemón edota Capitán Trueno bezalako komiki famatuak ekoizten zituen Bruguera editorialak porrota aitortu zuen. Hilabete gutxira, Industria Maileguen Bankuak enpresa itxi eta 775 langile kale gorrian utzi zituen. Arrakastarik gabe itxiera hura eragozten saiatu zen langileen erresistentziari borroka judizialak hartu zion lekukoa. Azkenean, bederatzi urte beranduago epaiak langileei kalte ordainak ematera behartu zituen Bruguerako jabeak.

Jasotako diru hori amankomunean jarri zuten. Zati bat Nikaraguako borroka sandinistara bideratu zuten, beste bat Andaluziako jornalarientzat eta gainerakoarekin Coop 57 abian jarri zuten. Aipagarria da datorren azaroaren 8an Kataluniako finantza etiko eta solidarioen zerbitzu kooperatibak ere urteurren borobila ospatuko duela: 30 urte. 1995ean ideia zera izan zen: "sor dezagun tresna bat guri gertatu zaiguna ekiditeko". Baina tresna hura ez zen erresistentzia kutxa erreaktiboa, baizik eta lan esparruan harreman mota justuak eraikitzeko giltza. Hau da, Brugueraren eta Industria Maileguen Bankuaren eredua bera kolokan jartzen zuen, enpresen eta banketxeena. Hasierako laguntzen artean azpimarragarria da Marinaledak jaso zuena.

Óscar García Jurado (Talaios Koop). / Mikel Urabaien

Hura eskertzeko Gasteizen izan da Óscar García Jurado andaluziarra: “Garai horretan lurren pribatizazio orokorra gertatu zen Andaluzian. Marinaledako komunalak jabetza pribatutik babesteko 600.000 euro behar genituen. Coop 57ri esker, hilabete eta erdian kopuru hura Marinaledako kooperatibaren kontu korrontean zegoen eta beste 300 edo 400.000 euro gehiago ere bai, badaezpada. Sinestezina zen! Diruaz gain, geroztik, feminismoa eta ekologismoa ardatz zuten harremanak sendotu genituen. Orain kudeaketa kooperatiboak eta lur publikoak Marinaledako biztanleriaren aberaste kolektiboaren oinarria osatzen dute”.

Latifundismoaren aurkako garaipen hura mugarria izan zen. Ildo horretatik, Coop 57k soilik ekonomia sozial eraldaitzailearen proiektu kolektiboak finantzatzen jarraitu du, hots, egitura horizontalak dituzten eta haien inguruneari ekarpena egiten dioten kooperatibak, elkarteak edo fundazioak. Horretarako, García Juradok nabarmendu bezalaxe, ekologismoan eta feminismoan oinarritzen dira. Diru-iturri bakarrak bazkide laguntzaileen (norbanakoen) zein zerbitzu bazkideen (entitateen) aurrezkien bidez utzitako maileguen interesak dira.

Banku alternatiboa ez, bankuen alternatiba baizik

Aurrezki, mailegu edota banketxeek erabiltzen dituzten hainbat hitzen eremu semantikoak honako galdera errepikakorra dakar ezinbestean: “Orduan, banku bat zarete?”. Baina, “ez gara banku bat” eta “ez dugu bezerorik, bazkideak baizik”, azpimarratzen du Koop 57 Euskal Herriko idazkari tekniko Jone Otxoak proiektua azaltzen duen aldi oro. Alde batetik, “dirua ezin delako koltxoi azpian gorde eta, hortaz, bankuen artean ‘etikoenak’ diren horietan gorde behar dugu, gero guk kudeatu ahal izateko”, aitortzen du. Beste aldetik, “interesak ez daudelako Banku Zentralaren menpe, Koop 57n aurrezten duten bazkideek erabakitzen dituzte urtero”.

Jone Otxoa (Koop 57ko idazkari teknikoa), Ramón Pascual (Coop 57ko sortzaileetako bat), Liher González (Koop57ren bultzatzaileetako bat) eta Jone Etxeberria (Koop 57ko lehendakaria). Mikel Urabaien

Beraz, interesak ezartzerakoan beti mantentzen da onuradunarentzako itogarria ez izatearen eta proiektu komunarentzako bideragarria izatearen arteko oreka. Asanbladan parte hartzeko Koop 57n jarri behar den kapital sozial edo aurrezki minimoa 300 euro da bazkide laguntzaileentzako eta 1.000 euro zerbitzu bazkideentzako, behar izanez gero edozein momentutan atera litekeena 0€ eta 98€ko gastuekin, hurrenez hurren.

Baina buelta gaitezen proiektuaren jaiotzara: Sorrera Bartzelonan izan bazen ere, ezin daiteke esan, ordea, Koop 57 Euskal Herriaren sustraiak han daudenik. Ispilua bai, baina inondik inora ez sustraiak. Izan ere, albiste honetan bertan jatorrizko Coop eta Koop euskalduna desberdindu izana ez da garrantzirik gabeko zerbait. Kontua da Aragoin begi onez ikusi zutela katalanek irekitako bidea, eta 2005ean haiekin harremanetan jarri ziren eredua kopiatzeko.

Kutxa amankomuna eta erabaki burujabeak

Horrela gogoratzen du Coop 57ko sortzaileetako bat den Ramón Pascualek: “Guk ez genuen inolako hazkundea planifikatu, baina horrela izan zen. Orduan erabaki genuen funts komuna sortzea, baina lursail berri bakoitzak erabaki behar zuela bere kredituen inguruan. Hau da, Coop 57 behetik gora hazten da eta harreman horizontalak sustatzen ditu”. Geroztik, Andaluzia, Galizia, Asturias, Madril eta Euskal Herria ere batu dira. Azken honek, Pascualen hitzetan, “espainiar eta frantziar estatuen arteko mugaz gaindiko aukerak zabaldu zituen.

Apurka-apurka, ekonomia sozial eraldatzailea ehunduz joan da Koop 57ri esker. Horren adibide da 2018an mailegu bat eskatzearen harira bazkidetu zen TaPuntu komunikazio kooperatiba. Garai horretaz oroitu da urteurrenean Ainhoa Iribar Lizeaga langilea: “Ordaindu ezin genuen obra aurreikusterakoan, taldeak zera zioen: ‘Lasai, Koop-57 dugu atzean!’. Arraroa da diruaren inguruan hitz egiterakoan dirua bera uzten dizunaren babes betea sentitzea. Gainera, abal komunak eskatu eta lortzen lagundu ziguten, arriskua partekatzeko”.

Ainhoa Iribar Lizeaga (TaPuntu kooperatiba), hitzaldietan zehar. Mikel Urabaien

Merkatu neoliberalarekin alderatuz ez-ohikoa den logika eraldatzaile horri “arnasgune politikoa” deritzo Koop 57ko lehendakari Jone Etxeberria Agirrek. Jarrera horrekin, Euskal nazioan Koop-57ren hazkundea esponentziala izaten ari dela erakusten dute datuek: 80 entitatek eta 330 norbanakok 4 milioi euroko ekarpena egiten dute. Haiei esker, 2015etik hona, 5,6 milioi euro eman dituzte osotara 86 mailegutan, azken bost urteetan bereziki.

Baina ez da nahikoa, ezin baita ahaztu ahalik eta diru gehien zirkulazioan jarri ahal izateko nahi eta nahi ez kutxa handitu behar dela. Horretarako, noski, herritarrek nahiz entitateek haien dirua tokiz aldatu behar dute sarritan. “Bankuak alda ala ‘bankuz’ alda!”, entzun ahal izan zen urteurreneko talde-dinamika batean. Jakina da, ordea, lehenengoa ez dela gertatuko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Eguneraketa berriak daude