Aperribaytarren Sapa, Espainiako armagintza sektorearen “gerraren” erdigunean

  • Gerra ezkutua Indran: Aperribaytarren eta SAPA Placenciaren aurkako dosierra. Urriaren 20an El Confidencial hedabide digitalak argitaratutako artikulu luzeak Sapa eta Aperribay familiaren aurkako salaketa oso gordinak egiten ditu. Ondoren, El Correok euskal enpresaren aldeko informazioa argitaratu du, eta Espainiako beste zenbait hedabidek ere heldu diote gaiari. Denek deskribatzen dute “gerra” egoera Espainiako armagintza sektorean, eta denek kokatzen dute Sapa erdigunean. Batzuek diote bere historiako unerik indartsuenean dagoela Andoaingo enpresa, beste batzuek ataka larrian.

Saparen AEBetako filiala, Michigan-en. Sapa

2025eko urriaren 27an - 07:36
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Sapa euskal armagintza enpresak lerroburu askoren protagonista izaten jarraitzen du. Bi aste direla, AEBetako armadarekin ustez lortutako kontratua “historikoak” oihartzun handia izan zuen, informazioa faltsua bada ere. Iragan astean, hainbat informazio deigarri argitaratu dira.

Zurrunbiloaren erdian Indra dago, Espainiako armagintza enpresa erraldoia, estatuak kontrolatzen duena. Hiru dira akziodun nagusiak: SEPI estatuaren sozietate publikoa (akzioen %28rekin); EM&E Escribano Mechanical & Engineering (%14,3); eta Sapa (%7,94). EM&Eko Ángel Escribano da Indrako presidentea. Bi tentsio faktore nagusi daudela ematen du. Batetik, Escribanok proposatu du Indrak bere enpresa (EM&E) erostea edo fusionatzea, eta Sapa aurka agertu da. Bestetik, Indra saiatu da Santa Bárbara Sistemas enpresa filiala erosten bere jabe General Dynamics Land Systems (GDLS) erraldoi estatubatuarrari, baina GDLSk ez du onartu. Sapak aliantza du GDLSrekin, eta horrek ere tentsioa sortu du Indra barruan.

El Confidencialen artikuluak dioenez, “aurrekaririk gabeko gerra zikina” piztu dute Indrako Administrazio Kontseiluaren “barne desadostasunek”. Gerra zikin horren lekuko, hedabideak eskuratutako dosierra, 11 dokumentuz osatua. Artikuluak ez du zehazten dosierraren egiletza, baina bi egun geroago ateratako beste artikulu batean baieztatu du bestela ere logikoena dirudiena, hau da, Indra barnean Saparen aurka dagoen sektorea dagoela atzean.

“Opakutasunaren eta optimizazio fiskalaren profesional gisa”, diru-laguntza publikoak ezkutatzeko eta zerga dedukzioak lortzeko enpresa sareak sortu izana leporatzen dio dosierrak Aperribay familiari, besteak beste

Ezgaitasun teknologikoa, ate birakariak, ingeniaritza fiskala

Dosierrak epelak botatzen ditu Saparen eta enpresaren jabe den Aperribay familiaren aurka. Duen irudi publikoa guztiz kontrakoa bada ere, Sapa teknologikoki ezgaia dela dio, eta horren froga litzateke VCR 8×8 Dragon blindatuaren programan eragin dituen “atzerapen kritikoak” –Espainiako Defentsa Ministerioak publikoki salatu du Indraren atzerapena, eta zigor posibleez ohartarazi–. Era berean ukatu egiten du nazioartean ustez irabazi duen ospea: “Nazioartekotze-itxura proiektatzeko ahaleginak egin arren, badirudi filial estatubatuarra ‘bluf’ batean geratu dela”. Dosierraren arabera, AEBetako Michiganen dagoen Sapa Tranmissionek hiru milioi euroko galerak ditu.

"Nola liteke, orduan, [Sapa] Indran sartzen utzi izana eta leinu ia osoa (Miren, Ibon eta Jokin Aperribayren seme-alabak barne) SAPArekin profesionalki lotuta egotea?", galdetzen du El Confidencialek filtratutako dosierrak, eta bi erantzun nagusi ematen ditu: “Euskal leinu honen inguruan dagoen influentzia eta ate birakarien sarea”, eta “beti emankorrak izan diren txandakako gobernuarekiko hurbilketak ”.

El Confidencial agerkariak urriaren 22an filtratu zuen Saparen aurkako dosierra. Irudia: elconfidencial.com

Ez hori bakarrik. “Opakutasunaren eta optimizazio fiskalaren profesional gisa”, diru-laguntza publikoak ezkutatzeko eta zerga dedukzioak lortzeko enpresa sareak sortu izana leporatzen dio dosierrak Aperribay familiari. Eta iradokitzen du Koldo auzia moduan ezaguna den Espainiako ustezko ustelkeria sarerekin harremana duela.

Dosierraren bultzatzaileek interes zuzenak dituzte Saparen aurka egiteko, alde horretatik hor jasotakoak ezin dira ontzat eman besterik gabe. Baina salatu dituzten jardueretako batzuk dokumentatu zituen Gasteizkoak talde antimilitaristak 2022ko La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí (Aperribaytarren SAPA. Gerra hemen hasten da) liburuan, eta ARGIAn jaso genituen: diru-laguntza eta kreditu opakuen lortzea, zorren edo kreditu-interesen barkatzea, babes politikoak eta ate birakariak...

Europa-AEB eta geopolitika

Hurrengo egunean, urriaren 21ean, Saparen alde irten zen El Correo, SAPAk lurraldea markatzen du Indraren aurrean, AEBetan kontratua sinatuta artikuluarekin. Armagintza sektorea “minaz beteta” dagoela dio albisteak, eta Indra barneko tentsioak jasotzen ditu. Testuinguru horretan, AEBetako armadarentzat blindatuak egiteko GDLSrekin sortutako aliantzak Sapa indar posizio batean jarri duela dio, eta Sapa maila teknologikoan “munduan erreferentea” dela ziurtatzen du. Barne gerraren sakoneko arrazoia, hain zuzen ere, AEBetako GDLSren eta Indraren artean dagoen gatazka litzateke. 

Aurreikusi daiteke zer gertatuko den Saparekin? Inoizko indartsuen dago? Ataka larrian? Ez bata ez bestea?

Informazio gehiago ere argitaratu dira hedabide horietan zein beste batzuetan, “gerraren” adierazle. Esaterako, honakoa zioen OK Diariok urriaren 22an, azpimarra geopolitikan jarrita: “[Saparen] AEBekiko mendekotasun horrek aurrez aurre talka egiten du Indraren estrategiarekin; izan ere, Indrak bere industria-autonomia indartu nahi du Europan”. Espainiako Gobernua posizio horretan legoke. Egun berean, armagintza arloan erreferentziazkoa den defensayseguridad.es webguneak, Sapak VCR 8×8 Dragon blindaturako egindako transmisoreek ustez dituzten akatsen azalpen teknologiko sakona argitaratu zuen eta, antimilitaristen ikerketak azaldutakoaren ildotik, AEBetan blindatuak egiteko kontratu faltsuaren albistea akats horiek ezkutatzeko “ke-gortina” gisa azaldu.

Sapa, gorabidean ala arriskuan?

Interes talka handia da armagintzak bizi duen barne “gerran”, diru eta botere asko dago jokoan, eta Sapa protagonista nagusietako bat da. Nola interpretatu argitara ateratzen ari den informazio guztia? Aurreikusi daiteke zer gertatuko den Saparekin? Inoizko indartsuen dago? Ataka larrian? Ez bata eta ez bestea?

Hori jakiteko goizegi dela adierazi diote ARGIAri euskal enpresari jarraipen estua egiten dioten Gasteizkoak talde antimilitaristako kideek. Baina ziur dira hurrengo egun eta asteetan informazio gehiago aterako direla, garrantzitsuak ziurrenik –besteak beste Indraren Administrazio Kontseiluaren bilera dago aste honetan–, eta panorama argituz joango dela. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
2025-05-12
Euskal armagintza industria eztabaidagai (IV)
Moldaketa eraldatzailea

Eguneraketa berriak daude