Valentzian kontzesionarioak distiratsu, auzoko eskolak oraindik lokatzetan

  • Urtea pasa da Valentzian denborale batek inguruak txikitu eta berrehun hildakotik gora utzi zituenetik. Baina urtebete ondoren, kalte larriak jasan zituzten herrietako auzo txiroetan jarraitzen dute berdinetan. Aldiz, merkatalguneak aspaldi ireki zituzten eta enpresa handiei diru-uholdea iritsi zaie. Deitu krisi ekonomiko, deitu Covid, deitu dana, hondamendien ondorena ere klase kontua baita.

"Ez diegu beldurrik hondakinei, mundu berria daramagu bihotzetan", dio Algemesíko Raval auzoko eskolako horma lokaztuan mezuak. Argazkia: Rut Moyano
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Raval izena ezin egokiagoa da momentu honetan auzoarentzat. Algemesí herrian dago auzo hori, Valentzia hegoaldeko periferia baino are hegoalderago. 2024ko urriaren 29ko uholdeek bete-betean harrapaturiko arrabal –aldirietakoa, periferikoa den etxe multzoa– horretan, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako eskolan pizarra hutsik dago, eta zorua, lokatz geruza zartatu bati erantsita. 

Irudi hori erabili du La Directa hedabide katalanak hondamendiaren urteurrenaren harira landutako Viure després de la dana, una qüestió de clase (Bizitza goidiaren ondoren, klase kontu bat) kazetaritza-ikerketa lana zabaltzeko. Ondoan, beste irudi bat: Mercedes-Benz luxuzko autoen kontzesionario bat hortik ez oso urrun, erakusleihoak eta logo biribil handi bat distiratsu dituela. “Algemesítik ibiltzen bazara, apenas ikusiko duzu denboralearen orbainik, baina Ravalen dana-k gogor irauten du”, azaldu du bizilagun batek ernegaturik. Eskolak barrakoi batzuetan eman behar izaten dituzte oraingoz.

“Multinazional batzuek, 2008ko krisian bankuek edo pandemian sektore turistikoak izandako jokabide bera izan dute: desegonkortasun momentuetan, politika publikoetatik probetxua ateratzen dute”

Ester Fayos kazetariak Goi-geruzetako depresio Isolatuak –Goidi edo gaztelaniazko hizkiz dana– kalteturiko herrietako auzo txiroetan barrena egin du horrelako eta antzeko testigantzak jasotzeko. Baina gainera, erakundeek orain arte emandako dirulaguntza publikoei jarraipena egin die, eta ondorioa garbia da: “Goidiak eragindako multinazional batzuek, 2008ko krisian bankuek edo pandemian sektore turistikoak izandako jokabide bera izan dute: desegonkortasun momentuetan, politika publikoetatik probetxua ateratzen dute erreskatatuak izateko, eta orain maila lokalean ikusten ari gara hori”.

Alfafar (Horta Sud) herriko Orba auzoan kokatu gaitu orain Fayosek, hangoek Parc Alcosa deiturikoan. Etxabe batzuk berreraiki dira, beste batzuk bidean daude, baina lokal gehienetan, lehen fruitu-denda edo ile-apaindegi bat zegoela adierazten duen kartela besterik ez da ikusten: “Jende pobreena ahaztu dute, etxera itzuli ezin izan dena edo negozioa berriz irekitzerik ez duena”, dio Fernando Gonzálezek. 

Laguntzetan dirutza jaso dutenen artean jadanik euren jarduna berreskuratu duten marka arras ezagunak aurki daitezke: Heineken, Adidas, Kiabi, Decathlon, Consum, Sprinter... 

Gonzálezen kasua paradigmatikoa da: etxea eta ondasun guztiak galdu zituen, baina apenas jaso ditu 6.000 euro Valentziako Gobernutik eta 9.000 euro Espainiakotik. “Pobreziak dakar jende askok ez edukitzea sarbiderik laguntza publiko guztietara”, azaldu du Joan Nacherrek, Ribera Altako berreraikuntzarako tokiko asanbladako kideak –halako asanbladak sortu dira han eta hemen Valentziako Hortan, ekonomia sozial eraldatzailetik parte-hartze espazioak zabaltzeko asmoz–. 

2024ko urriko uholdeak kaltetutakoei laguntzeko, Espainiako Gobernuak, orain arte 16.000 milioi euro bideratu ditu norbanakoentzat, autonomoentzat zein enpresentzat; baina 2025eko uztaila amaieran 6.000 milioi besterik ez zeuden banatuta, %37. La Directa-ren arabera, ordea, kopuru horretatik Konpentsaziorako Aseguruen Partzuergoak jarritakoa kenduz gero, zuzeneko laguntzak 2.552 milioi besterik ez direla ikus liteke. Eta gauza bera gertatzen da Valentziako Gobernuaren diru-laguntzekin: abuztura arte aurreikusitakoaren %36 baizik ez zuen partitu Carlos Mazón buru duen gobernuak.

Raval auzo eskolako parkea, oraindik hondakinez beteta. Argazkia: PSPV-Raval

Handiak eta xicotete-ak

Jarrai dezagun testigantzekin. Javier Bort, Catarrojakoa, pintura-denda baten jabea, 54 urte. Ezin izan du bere negozioa ireki urak irentsi zuelako: “Dendan kalteak hainbestekoak ziren, bere garajea egokitu behar izan zuela, behin behinean pinturak saltzen jarraitzeko”, azaldu digu Fayosek; garajean lokatzak 1,30 metroko altuera “besterik” ez zuen hartu. Bort kexu da burokrazia handia behar delako laguntzak jasotzeko, eta handiek posible duten bitartean, “gu bezalako xicotete-ak galduta gaude”.

Globalizazioaren Zorraren Behatokiko (ODG) Júlia Martí ikertzaileak ahobizarrik gabe esplikatu du zer ari den gertatzen: “Enpresa handientzako laguntzak oso azkar eman dira, emandakoaren kopurua fakturazioaren araberakoa delako, jasandako kalteen arabera baino. Hau da, milioi askotako etekinak dituzten enpresa transnazionalek ehunka milaka euro jaso dituzte laguntzetan”. Adibidez, 10 milioi euroko sarrerak dituen enpresa batek 150.000 euro jaso ditzake, itzuli behar izanik gabe.

Nola uler liteke moto-zirkuitu batek edo autopistetako atsedenlekuek lehentasuna izatea? Eraikuntza enpresei lanak esleitu zaizkie milioi askoren truke eta abiadura bizian

Horrela uler liteke, dirutza hori jaso dutenen artean jadanik euren jarduna berreskuratu duten marka arras ezagunak aurkitzea (Heineken, Adidas, Kiabi, Decathlon, Consum, Sprinter...), baita beste marrazo batzuk ere: Acrismatic apustu-etxea, munduko lider den Cimsa zementu konpainia turkiarraren fabrika, Florentino Pérezen ACSren enpresa filial bat, FCC eraikuntza multinazionala...

Bermeen bidez laguntzak jaso dituzten multinazionalak ere ez dira gutxi, automobilgintza sektorekoak kasu. Adibidez, Valentziako kontzesionario handiena den Marcos Automoción konpainiak zazpi milioi euroko bermea jaso du. Mercadona hornitzen duten bazkideek ere jaso dituzte antzeko bermeak, baita urpean geratzeagatik famatu egin zen Aldaiako Bonaire merkatalguneak ere, Espainiako Estatuko handiena omen dena. Hala, duela urtebete suntsituta geratu ziren merkatalgune eta industriak irekita aurkitu ditu La Directa-ko lagunak, berdin Bonaireko nola Alfafarreko merkatalgunea edo La Silla herriko industriagune handia. 

Denboraleak eragindako kalteak agerian. Argazkia: Unai Beroiz

COVID-19arekin gertatu zen bezala, Valentziako goidiarekin “badago joera bat enpresa handiak erreskatatzeko, gaitasun handiagoa dutelako auzitara jotzeko, kontaktu hobeak dituztelako banku pribatuekin, eta diru hori itzuliko dutela sinesgarritasun finantzario gehiago ere bai”, azaldu dio Nicola Scherer ikerlariak kazetariari. Bere ustez, beharrezkoa da ingurumen irizpideak kontuan hartuko lituzkeen dirulaguntza sistema bat diseinatzea, larrialdi krisia eragin duten enpresek ez dezaten gainera, hortik edan.

Beste kontu bat da gobernuek egindako urgentziazko kontratuekin gertatzen ari dena. Egungo araudiak baimentzen du, halakoetan, tramite asko bete gabe sinatu ahal izatea kontratuak, baina askoren “larritasuna” ezbaian dago. Nola uler liteke moto-zirkuitu batek edo autopistetako atsedenlekuek lehentasuna izatea? Eraikuntza enpresei lanak esleitu zaizkie milioi askoren truke eta abiadura bizian. PW&C aholkularitzako erraldoiak, berriz, bi milioi euro jaso ditu berreskurapen ekonomikorako plan bat idazteko, “kapital pribatuak interes publikoetan infiltratzeko duen joeraren seinale”, leitu daiteke erreportajean. Aldiz, ODGren arabera, enpresa txiki eta ertainekin kontratuen %18 besterik ez du sinatu Generalitateak, %15 Espainiako Gobernuak.

Nicola Scherer ikerlariaren arabera, beharrezkoa da ingurumen irizpideak kontuan hartuko lituzkeen dirulaguntza sistema bat diseinatzea, larrialdi krisia eragin duten enpresek ez dezaten, gainera, hortik edan

Bitartean, “tokien berreskurapena are mantsoagoa da, auzoa umilagoa den heinean”, azaldu du Fayosek. Hori gertatzen da, esaterako, Torrent herrian Murcia eta Albacete karriketan dauden etxe multzoekin, mamu itsu baten gisa jalgi zen Poio errekaren ondo-ondoan. Uholdeek ekarritako arazoez gain, “lehendik bizi zuten marjinazioa” gehitu behar zaio inguruari. 

Murcia carrer-ean aurkitu dugu Consolación Dual, gure hirugarren eta azken testigantza. Errekaren ertzean bizi zen, udalak eraisteko agindu duen 45 etxeetako batean: “Udaletxeko teknikariak esan zigun itzuli gintezkeela, baina ez zigun inongo paperik eman, eta prentsak zioen arriskutsua zela...”. Orain GKE batek lagatako etxebizitzara lekutu behar izan da eta hiru hilabetean behin berritu behar ditu hor egoteko baldintzak. Beretzat ez dago itxaropenerako leiho distiratsurik. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desberdintasun soziala
Eguneraketa berriak daude