Arrigorriagan hildako langilea babesik gabeko makina batean ari zen, LABen arabera

  • 45 urteko langilea tornu batean ari zela hil da eta LABek jakinarazi duenez makinak "ez zituen bere zati mugikorrak babestuta". Egun gutxitan Euskal Herrian hildako hirugarren langilea da. Ostiralean elkarretaratzea deitu du sindikatuak Arrigorriagan, lan-heriotza salatzeko.

Heidelberg Group multinazionalaren Arrigorriagako lantokian hil da langilea, lehen Cementos Rezola izeneko harrobian. Heidelberg

2025eko urriaren 23an - 10:38
Azken eguneraketa: 11:51
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arrigorriagako Heidelberg harrobian langile bat hil da asteazken arratsaldean, lanean ari zen tornuan harrapatuta geratu delako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez.

14:30ean izan da jazoera hilgarria eta 45 urteko langilea hartatzera joan dira osasun zerbitzuetako langileek ezin izan dute ezer egin lantokira iristean. LABek sare sozialetan azaldu duenez "tornuak bere zati mugikorrak ez zituen babestuta. Horrek harrapatu zuen langilea eta hil egin du".

Geuria-k zabaldu duenez, hildako langilea Jagoba Laguna dela jakinarazi du Arrigorriagako Padura futbol taldeak, klub horretako bazkide, ordezkari eta bi jokalariren aita: "Padura Clubak deitoratzen du Jagoba Lagunaren heriotza lan istripu batean", adierazi dute taldetik.

LABek elkarretaratzea deitu du ostiral honetan Arrigorriagako udaletxeko plazan 19:30ean, harrobian gertaturiko lan-heriotza salatzeko.

Arrigorriagako Udalak bat egin du elkarretaratzearekin eta adierazpen instituzionala onartu du udaleko talde politiko guztien izenean. Adierazpenean, senideei elkartasuna adierazteaz gain, erakunde guztiei eskatu diete "laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioen hobekuntza eta areagotzea ere".

57 hildako aurten, azkeneko hiruak egun gutxitan

Egun beltzak izaten ari dira lan munduan Euskal Herrian, dela prekarietateak eraginda dela arduragabekeriagatik, hainbat hildakoren berri izan baitugu. Pasa den astean beste bi langile hil ziren, biak garraiolariak, bata Maulen eta bestea Muxikan.

Arrigorriagakoarekin 57 lirateke aurten lanean ari zirela hildako langileak, LABek egin ohi duen kontaketa kontuan edukita.


Eguneraketa berriak daude