Nexperia eta errealitate-printzipioa

  • Duela ehun urte pasa idatzi zuen europarrik europarrenetako batek Jenseits des Lustprinzips. Plazeraren printzipiotik haratago... errealitate-printzipioa dagoela, oso labur eta trakets esanda.


2025eko urriaren 28an - 10:49
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ehun urte geroago Freuden jarraitzaile zein arerioek tematzen jarraitzen duten Realitätsprinzip-a, errealitate-printzipioa, europar arduradun politiko batzuei ere ulertarazten saiatzeko garaia heldu dela pentsatu behar genukeela, agian, Nexperia kasuaren harira. Edo, bestela, Gutiziaz, nola pikutara bidali txukun funtzionatzen ari zena izenburuko komeria bat ere idatz genezake; baina oso grazia gutxi izango luke.

Ibilbide luzeko konpainia herbeheretarra da Nexperia. Hein batean, esan liteke Freuden errealitate-printzipioak adinaxe urte dituela, 1920ko hamarkadan sortu baitzen Philips erraldoiaren gerizpean. Baina enpresaren historia garaikidea 1990eko hamarkadan hasten da, Philipsek bere erdieroaleen atalaren lantegiak Asia Ekialdera (Filipinetara, Malaysiara) eramatean, eta hura, konpainia independente legez, inbertsio-funts eta abarrei saltzen hasi zenean. Deslokalizazio arrunta zen, sortzezko kokapenei eutsiz.

Negozio emankorra baita. Betiere oinarrizko funtzioetarako erdieroaleak egiten aritu da Nexperia. Batik bat, automobilgintzarako, gero eta beharrezkoagoak baitira halakoak ere. Zer esanik auto elektrikoen garai hauetan. Testuinguru horretan aski ulergarria dena gertatu zen 2018an: Wingtech txinatarrak erosi zuen konpainia osoa 3.600 milioi dolarren truke, haren egoitza nagusia Herbehereetan dela eta Europako eta Asiako lantegiak mantenduz eta, aldi berean, Txinan berriak abian jarriz. Bapo?

Ez. Wingtechen akziodunen artean Txinako estatua dagoela eta, trabak ezarri zaizkie, bata bestearen ondotik, Nexperiaren egitasmoei Herbehereetan, Erresuma Batuan... “segurtasun-arriskuak” direla eta. Inoiz zehaztu ez diren arriskuak. Hori bai, haren ekoizpen-katean Txinan landutako gailuak zirkinik egin gabe ezartzen jarraitu dute Europako autogileek eta gainerakoek.

Aurtengo urrian jo du goia kontraesanak. Plazeraren printzipioagatik (bestelako kontua da norena litzatekeen plazera) antza, Herbehereetako gobernuak konfiskatu egin du Nexperia, aspaldiko lege bati helduz. Lanean jarrai dezan, baina bertako gobernuak izendatutako arduradunen pean. Kito?

Ezta ere. Wingtechek, noski, errefusatu egin du neurria, eta ebatzi du erbesteko lantegiek ez diezaiotela men egin konfiskazio-aginduari. Esan gabe doa, Txinakoen kasuan bederen, hala egiten ari direla. Eta Europa eta Txinaren arteko liskar latza sutu dela. Eta Nexperiaren etorkizuna, oro har, oso kolokan egon daitekeela.

Baina “albo kalte” batekin: mundu osoko automobilgintza baina, batez ere, Europakoa, gelditzen ari dela jada funtsezko gailuak iristen ari ez direlako.

Errealitate-printzipioa funtzionatzen ari baita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresak
2025eko abenduaren 4
Ez da eten

Eguneraketa berriak daude