Ostiralean abiatutako itxialdia amaitutzat eman dute Maderas de Llodioko langileek. Larunbat goizeko bederatziak pasata atera dira Laudioko Udaletxetik, bertan gaua pasatu ostean. Dozenaka lankide eta herritarrek egin diete harrera, txalo artean.
Beharginek eskerrak eman nahi izan dizkiete ostiraleko manifestaziora bertaratutako pertsona guztiei, eta baita azken egun eta asteetako protestetara gerturatu direnei ere. “Aiaraldean langile elkartasunak mugarik ez duela erakutsi duzue beste behin”, nabarmendu dute.
Ondoren, Garnicako arduradunei eta Eusko Jaurlaritza zein Aldundiko ordezkariei luzatu diete mezua. Maderas de Llodioko jabeei “argi” utzi nahi izan diete ez dutela inolako kaleratze edota ekoizpen deslokalizaziorik onartuko, eta beste behin ere salatu dute enpresak izan duen “borondate falta” mahai gainean jarritako alternatibak negoziatzeko, eta baita “kaleratzeen berri emateko izan den komunikazio, gardentasun eta enpatia falta”.
Bilera eskaera Aldundiari
Erakunde publikoei, aldiz, “behingoz esku hartzea” exijitu diete. “Enpresak egin duen bezala, instituzio hauen aldetik ez dugu inolako proposamenik jaso. Jaso ditugun bakarrak gu eta gure eskualdea kriminalizatzeko mezuak izan dira”, salatu dute, eta aldarrikatu dute arazoa ez dutela beharginek sortu: “Arazoa ez dugu guk sortu. Arazoa kaleratzeak gauzatu eta enpresak gure eskualdetik kanpora eraman nahi dituzten horiek sortu dute. Eta zuek sostengatzen duzuen eredu honek, non enpresa handi eta multinazionalei ateak zabaldu eta diru publikoa eskaintzen zaien, gero langileak kaleratzen dituztenean frenorik jarri ezin diezuelarik”.
Ramiro Gonzaleza Ahaldun Nagusiak ostegunean proposatutako mahaiari ere egin diote aipamena, eta “promesa faltsu” moduan kalifikatu dute. Horren aurrean, aldarrikatu dute ezin dela “etorkizunari buruz hitz egin orainaren inguruan hitz egin gabe”, eta nabarmendu dute Maderas de Llodioko langileen kaleratzeei aurre egitea izan behar dela une honetako lehentsuna.
Horretarako, bilera bat eskatu diote Aldundiari, eta exijitu diote “mekanismo guztiak” martxan jartzea “kaleratzeak iragana izan daitezen, eta ez oraina edo etorkizuna”.
Bukatzeko, beharginek ziurtatu dute borrokan jarraituko dutela. Gauzak hala, datozen egun eta asteetako deialdietara batzeko gonbita luzatu diete herritar guztiei.





