Rafah bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

Zuzeneko jarraipena
  • 34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko maiatzaren 02an - 12:08
Azken eguneraketa: 15:37
Gakoak
Nazio Batuetako idazkari nagusiaren dimisioa eskatu du Israelek, Hamasen erasoak ez direla ezerezetik sortu esateagatik

Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak hamar bat ordu iraun ditu, Palestina hizpide. Ez dute inongo erabakirik hartu, baina eten humanitarioak eskatu ditu hainbat herrialdek. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak adierazi du “onartu beharra” dagoela Hamasen erasoak “ez direla ezerezetik sortu”, “palestinar herria okupazio itogarrian azpiratu dute 56 urtez”, eta jasaten duten egoera zaila eta biolentzia nabarmendu ditu, “baina palestinar herriaren aurkako bidegabekeriek ezin dituzte justifikatu Hamasen eraso ankerrak, eta eraso hauek ere ezin dute justifikatu palestinar herriaren aurkako zigor kolektiboa”. Adierazpen horien ostean, Israelek NBEn duen ordezkariak Guterresen dimisioa eskatu du. Gaineratu du Hamasekoak “gaur egungo naziak” direla eta Hamas garaitzeko nazioarteak Israel babestu behar duela.

“NBEko ordezkariek beren diskurtsoak bukatzen dituztenerako, gaur 150 palestinar hilko dituzte, tartean 60 ume”, gogoratu du Palestinako Aginte Nazionalaren ordezkariak. Txinak su eten berehalakoa exijitu du eta Errusiak “negoziazio prozesua eta Israelekin batera existituko den estatu palestinar burujabea” defendatu ditu. AEBek esan dute gatazka handiagoa “eremu guztiarentzako suntsitzailea” litzatekeela eta eten humanitarioak eskatu ditu, ez su etena. Europar Batasunaren ordezkariak “Israelek defendatzeko duen eskubidea" azpimarratu du, "zibilen babesa alde guztiek bermatu behar dute”, eta eten humanitarioez mintzatu da baita ere, baina ez su etenaz.

Palestinaren aldeko elkarretaratzea egingo dute larunbatean Baionan

Boikot Israel, Palestina askatu! lelopean egingo dute elkarretaratzea Baionako tren geltokiaren aitzinean, larunbatean 17:00tan. "Palestinako herria apartheid egoera batetik genozidio bat jasaitera pasatzen ikusi dugu. Gaza aire libreko presondegi bat da eta laster hilerri erraldoi bat bilakatuko da", antolatzaileen arabera. Herritar talde bat aritu da larunbatekoa antolatzen, eta zehaztu dutenez Bilboko manifestazio nazionaletik Baionako elkarretaratzera, ahotsak batuko dituzte palestindarrei elkartasuna adierazteko.

Frantziako Estatuaren jarrera ere salatzeko unea izanen da larunbatekoa: Israeli erakutsitako sostengua eta orokorkiago Euskal Herrian zein munduan zehar duen "politika kolonialista". Palestinaren aldeko ekimenei begira Frantziako Gobernuak duen jarrera "errepresiboa" eta "arrazista" ere salatzen dute antolatzaileek.

 

Azken 24 orduetan gutxienez 704 palestinar hil dituzte

Israelen aire erasoek gutxienez 704 palestinar hil ditu Gazan, bertako Osasun ministroak jakinarazi duenez. Urriaren 7an Hamasek erasoa egin eta Israelen bonbardaketa etengabeak hasi zirenetik, hauek izan dira hildakoak eta zaurituak datu ofizialen arabera: Gazan 5.791 hildako eta 16.297 zauritu, Zisjordanian 96 hildako eta 1.828 zauritu, eta Israelen 1.405 hildako eta 5.431 zauritu.

Israelek jarraitzen du Gaza bonbardatzen, eta ospitaleetatik gertu ere egin ditu aire erasoak.

Macronek Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioak Hamasen aurka ere borroka dezala proposatu dio Netanyahuri

"Ez zaudete bakarrik", ziurtatu dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, Tel Aviven egindako bileran. Proposatu dio Estatu Islamikoaren aurka Iraken, Sirian eta Kurdistanen ari den koalizioak Hamasen aurka ere egin dezala borroka, eta Frantzia horretarako prest dagoela. Netanyahuri gogorarazi dio Ekialde Hurbileko egonkortasuna lortuko dela baldin eta Israelek "Palestinako gatazka bide politikotik lantzen badu".

Hamasek askatutako gatibuak dio indarrez bahitu zutela, baina Gazan ondo tratatu dutela

Astelehenean Hamasek aske utzi du Yocheved Lifschitz 85 urteko emakumea, eta hedabideei jakinarazi dienez, bahiketako unean makilekin kolpatu zuten: "Ez zizkidaten saihetsak apurtu baina mindu egin ninduten".

Gazan bahituta egon den uneoro, ordea, "ondo tratatatu" zutela baieztatu du. Bizpahiru egunetik behin mediku batek artatzen zuen, beste gatibu batzuk bezalaxe, eta baldintza onetan eduki dituztela dio.

"Haur palestinarrek ezer balioko ez balute bezala jokatzen ari da nazioarteko komunitatea"

Qatargo emir Tamim bin Hamad Al Thani-k nazioarteko komunitatea kritikatu du, "geldirik" dagoelako Israel ume palestinarrak hiltzen ari den bitartean: "Jokatzen ari zarete haur palestinarrek ezer balioko ez balute bezala, aurpegirik eta izenik izango ez balute bezala", leporatu die. Nazioarteko komunitateari eskatu dio ez emateko Israeli "baldintzarik gabeko argi berdea legez kanpoko basakeriak egiten jarrai dezan palestinarren aurka, Hamasen kontrako borrokan".

"Nahikoa da. Jada ezin dugu onartu ura, elikagaiak eta medikamentuak arma moduan erabiltzea herri oso baten aurka", salatu du Qatargo emirrak.

15 egunetan gutxienez 23 kazetari hil dituzte

Urriaren 7an Israel Gaza bonbardatzen hasi zenetik gutxienez 23 kazetari hil dira, Al Jazeerak ohartarazi duenez. Igandean hil zuten Israelen bonbek azken kazetaria: Roshdi Sarraj palestinarra. Zenbait kazetari, hedabide eta erakundek zabaldu dituzte Sarrajen heriotza salatzeko mezuak. Ain Media Palestinako berri agentziak, esaterako, fotokazetariaren lana goraipatu du, eta azpimarratu Gazako herritarrei ahotsa ematen ziela, "ahotsa eman zien Israelen okupazioko zapalkuntzapean zeudenen esperantzei".

Hildako 23 kazetarietatik hemeretzi palestinarrak dira, hiru israeldarrak, eta libanoarra bat.

Macron Israeli elkartasuna adieraztera joan da Tel Avivera

Asteartean iritsi da Emmanuel Macron Frantziako presidentea Tel Avivera, Israeli elkartasuna adieraztera, eta esan du urriaren 7ko Hamasen erasoa ez dutela "inoiz ahaztuko". Israelgo lehen ministro Benyamin Netanyahurekin eta presidente Isaac Herzog-ekin elkartzeko joan da bertara.

Hamasek bahitutako bi emakume israeldar askatu ditu

Hamasek jakinarazi duenez, Nurit Yitzhak eta Yochved Lifshitz israeldar emakumeak askatu dituzte, 79 eta 85 urtekoak, hurrenez hurren. Gazan zeuzkaten bahituta, eta "giza arrazoiengatik eta osasun egoera eskasagatik" utzi dituzte libre, milizia islamistak azaldu duenez. Nazioarteko Gurutze Gorriaren Kontseiluak ere baieztatu du aske utzi dituztela astelehenean.

Urriaren 7an Hamasek "inoiz ez bezalako" erasoa egin zuen, eta orduan bahitu zituen gutxienez 222 pertsona, gehienak zibilak, israeldarrak zein nazionalitate bikoitzekoak. Urriaren 20an askatu zituzten lehen aldiz bi bahitu: Judith Raanan eta haren alaba Natalie, biak estatubatuar hiritartasuna zutenak. Egipto eta Qatar ari dira bitartekari lanetan, eta gatibu gehiago askatzea aurreikusten dute.

Israeli boikota eta Palestinaren erresistentziarako eskubidea aldarrikatuko dituzte Bilboko manifestazioan

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak urriaren 28an manifestazioa antolatu du Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta 18:00etan. Palestinarren erresistentziarako eskubidea aldarrikatu dute deitzaileek, eta sionismoa normalizatzen duten mezuak kritikatu. Informazio gehiago lotura honetan.

Alemaniak, Danimarkak eta Suediak giza laguntza eten dute

Israel Gaza bonbardatzen hasi zenetik bi aste behar izan dituzte laguntza humanitarioa sartzeko Gazara, Egiptorekin mugan dagoen Rafahko pasabidearen bitartez. Asteburuan iritsi dira bi konboi, eta orotara 34 kamioi sartu dira Gazara. Gobernu hauek dira giza laguntza bidali dutenak: Turkia, Arabiar Emirerri Batuak, Qatar, Jordania, Tunisia, India eta Ruanda. Europar Batasunak Gazara bialitako laguntza hirukoiztu du, baina zenbait estatuk behin-behinean eten egin dute laguntza humanitarioa, Hamasen erasoei emandako erantzun gisa. Herrialde horiek dira, Alemania, Dinamarka eta Suedia, besteak beste.

Unicefeko Egiptoko ordezkariaren esanetan, egunean 100 edo 200 kamioi beharko lirateke giza laguntza bermatzeko. Gainera, Israelek debekatu egin du erregaia sartzerik, eta ezinbestekoa da ospitaleek martxan jarraitzeko.

5.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek

Urriaren 7tik, Hamasek erasoa egin zuenetik, gutxienez 5.087 palestinar hil ditu Israelek, horietatik 2.055 haurrak. Palestinako Osasun ministroak eman du hildakoen eguneraketaren berri, eta gehitu du gutxienez 15.273 palestinar zauritu dituztela Israelen erasoek. Hamabi ospitale eta 32 osasun etxe zerbitzuz kanpo daudela ohartarazi du, Israelen erasoen eta erregaien eskasien ondorioz, eta 57 osasun langile hil eta 100 zauritu ere eragin dituzte. Beste 1.500 pertsona inguru suntsitutako eraikinen azpian harrapatuta daudela jakinarazi du.

Zisjordanian ere operazio militarrak egiten ari da Israel

Israelek erasoak zabaldu ditu, eta Zisjordanian eta Libanon Hamaseko eta Hezbollah-ko hainbat miliziano atxilotu dituztela ziurtatu du Israelgo Armadak. Libanoko mugan Hezbollahren aurkako erasoak egin ditu Israelek, eta armadaren esanetan, Israelgo tankeen aurkako misil eta suziriak botatzeko asmoa zuen taldeak. Haiek suntsitu dituztela baieztatu du Israelek. Hezbollahren esanetan, hamaika miliziano hil dituzte azken bi egunetako mugako borroketan.

Zisjordanian Israelek egindako sarekadetan 123 palestinar atxilotu dituztela jakinarazi du Palestinako Wafa berri agentziak. Aldiz, Israelek dio gutxienez 64 palestinar atxilotu dituztela, horietatik 37 ustez Hamasekoak. UNRWAk salatu du Nur Shams errefuxiatu kanpalekuan egindako erasoetan hamahiru palestinar hil dituztela, horietatik bost, haurrak.

Zisjordanian gutxienez 800 pertsona atxilotu dituzte Israelek gerra deklaratu zuenetik, horietatik 500 ustez Hamasi lotutakoak. Hamasen erasotik Israelek atxilotutako palestinarren kopurua 10.000 baino gehiagora bikoiztu da, Palestinako funtzionarioek pasa den astean zehaztu zutenez, eta Al Jazeerak zabaldu duenez.

Gazako ospitaleak ia anestesiarik gabe

Israelek Gaza setiatuta duenez eta Rafahko pasabidetik ia laguntzarik sartu ez denez, Gazako ospitaleak baliabiderik gabe daude. "Ia anestesiarik gabe" daudela eta ospitaleen erdia baino gehiago "zerbitzuz kanpo" daudela ohartarazi du Middle East Eye hedabideak. Gazara erregaia sartzeko eskatzen ari dira, argindarra ezinbestekoa baita ospitaleek funtzionatzeko.

Al-Ahli ospitaleko sarraskiaz gain, Israelek jarraitzen du aire erasoak ospitaleetatik gertu egiten. Igandean al-Shifa eta al-Quds ospitaleen ondoan "hainbat misil" jaurti zituzten Israelgo indarrek, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera.

Zergatik ez du hasi lurreko erasoa Israelek?

Israel etengabe ari da bonbak jaurtitzen Gazara, eta azken 24 orduetan gutxienez 400 pertsona hil dituzte. Halere, egunak daramatzate esanez lurreko erasoari ekingo diotela, baina oraindik ez dute hasi. AEBak egiten ari diren presioagatik dela zabaldu du New York Times egunkariak, esanez Lloyd Austin Defentsa idazkariak Israeli presio egin diola lurreko erasoa atzeratzeko. Batetik, AEBetako tropak hara iristeko tartea izan dezaten, eta, bestetik, Hamasek bahituta dituen pertsonak askatzeko aukera izateko –bi estatubatuar libre utzi zituzten ostiralean, Al Jazeerak jakinarazi duenez–. Izan ere, behin lurreko erasoa hasita, zailagoa izango litzake bahituak askatzea, Alan Fisher Al Jazeerako berriemaileak ziurtatu duenez.

Palestinaren alde mobilizatu dira milaka herritar Donostian

Milaka lagun mobilizatu dira Donostian, Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelen genozidioa salatzeko. Gernika-Palestina ekimen herritarrak manifestazio nazionala deitu zuen larunbaterako, eta kaleak hartu zituzten milaka herritarrek. "Boikot Israel, Palestina askatu" aldarria izan zen nagusi Donostiako kaleetan, Antiguako tuneletik abiatu eta Alderdi Ederren amaitu zen manifestazioan. Bukaerako manifestuan, antolatzaileek eskatu zuten gelditzeko Israel Gazan egiten ari den genozidioa, argudiatuta "ezein erasok" ez duela "justifikatzen Israel Palestinako herriari aplikatzen ari zaion zigor kolektiboa". Israelen okupazioa amaitzeko galdegin zuten, baita Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzeko ere.

Mobilizazioak izandako atxikimendu zabala azpimarratu zuten, eta baloratu zuten Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoa adostasunean bildu izana Palestinari elkartasuna adierazteko.

Gutxienez 4.651 palestinar hil ditu Israelek azken erasoaldietan

Gazako osasun agintariek kopuruak eguneratu dituzte igandean: gutxienez 4.651 hildako eragin ditu Israelek, horietatik 1.873 haur eta 1.023 emakume.

Azken hiru egunetan 866 pertsona hil dituzte.

Israelek lehenengo ukatu eta gero onartutako beste lau eraso

Israelek ukatu egin du 500dik gora hildako eragin zuen Gazako Al Ahli Baptist-eko erasoa berak egin zuenik. Beste askotan ere hala jokatu izan du, erasoa egin, ukatu eta azkenean onartu, batez ere ikerketek Israelgo armada izan zela erakutsi dutenean. Hemen zabalago.

 

Natasha Vergara: “Palestinako bandera erakusteak ez du kirol legea urratzen”

Joan den astean Eibarko Ipurua futbol zelaian ikusle bat kanporatu zuten Palestinako bandera erakusteagatik. Asteburu honetan ere errepikatu daitezke horrelako egoerak eta Natasha Vergara EHUko zuzenbide irakasle eta zuzenbideko kirol adituari galdetu dio gaiaz EITBk, eta haren esanetan, “Palestinako bandera erakusteak ez du kirol legea urratzen”. 'Indarkeriaren aurkako kirol legeak dio indarkeria bultzatu eta inor iraindu edo mehatxatzen dituen banderak eta ikurrak debekatuta daudela”, baina bere ustez hori ez da gertatzen Israel edo Palestinako bandera erakusteagatik. Gaineratu du Errusiak Ukraina inbaditu zuenean Ukrainako bandera ugari ikusi zirela futbol zelaietan eta ez zela arazorik sortu: “Zergatik kasu batzuetan bai eta besteetan ez?”.

Saskibaloian Tel Aviveko Maccabi taldeak jokatzen duenean, hainbatetan egon dira presente palestinarrekiko elkartasun adierazpenak kirol aretoetan.

 

Abu Ghraibeko itzala Zisjordaniako atxiloketetan

Gertaerak Ramalatik hamasei kilometrora dagoen Wadi al-Seeq herri txikian gertatu ziren urriaren 12an, eta 46 urteko Muhammad Mattar, eta 27ko Muhmmad Khaled-ek eman diote erasoaren berri Israelgo Haaretz egunkari ezagunari. Israelgo aktibistekin batera, herri horretatik ihesi egiten ari ziren palestinarrei laguntzen ari ziren egun hartan eta haiek ere alde egin zutenean iritsi ziren armadako kide eta kolono talde bat. Lurrera bota zituzten, biluztu, zigarroekin erreketak egin, gainean pixa egin, eta haietako bortxatzen ere saiatu ziren, bi aktibisten arabera. Erasotzaileetako batek argazkiak egin eta Israelgo muturreko talde juduen sare sozialetan zabaldu zituen. The Times of Israel egunkaritik jaso dugu albistea.

Argazkia: "The Times of Israel"
Argazkia: "The Times of Israel"

 

Israeleko armadak larunbatean, igandean eta astelehenean deitu zuen ospitalea husteko, asteartean eraso zioten

Hori da Hosam Naoum artzapezpiku anglikarrak al-Alhi al-Arab ospitaleak jasotako erasoari buruz egindako sekuentzia. Ospitale hori eliza anglikanoak jarritako funtsekin mantentzen da. Prentsaurrekoaren unea jarraitu daiteke txio honetan. Dionez mundu osoko gobernuetatik deitu diete zer gertatu zen jakin minez, baina Israelgo gobernuaren deirik ez dute izan. Txio honen ondoko bideoan (6:45. minututik aurrera) entzun daiteke artzapezpikua Israelgo armadak emandako huste aginduen berri ematen.

Bideotik jasotako argazkian, artzapezpikuak, erdian, Gazako beste eliza batzuetako ordezkariekin eman zuen prentsaurrean. 

Halaber, ostegun gauean Israelgo armadak Greziako eliza ortodoxo baten aurka egindako erasoan hamazortzi palestinar hil zituen, Gazako agintarien esanetan. Erasoetatik ihesi milaka palestinarrek hartzen dute babesa eliza, meskita eta ospitaleetan.

Argazki: The Observer Post

 

21 kazetari hil dituzte Gazan, ia aurreko 25 urteetan beste

Urriaren 7tik eta hilaren 19ra arte 21 kazetari hil dituzte Palestina eta Israelen arteko gerra jarraitzen ari zirela, Kazetarien Babeserako Elkarteak (CPJ) jakinarazi duenez. Horietatik hamazazpi palestinarrak dira, hiru israeldarrak eta bat libanoarra. Halaber, zortzi kazetari zaurituta daude eta beste hiru atxilotuta edo desagertuta. Elkartearen webgunean hildako eta zauritutako kazetarien zerrenda osoa agertzen da eta baita eraso zituztenean zein hedabiderentzat ari ziren lanean. 2000. urtetik iragan urriaren 7ra arte, beste 25 kazetari hil dituzte gerra honetan.

Fatma Kanso, Issam Abdallah Reuterseko kameralariaren ama, Libanon urriaren 14an egindako hiletetan. (Argazkia: Reuters/Zohra Bensemra)

 

Gilbert Achcar: "Hau bigarren Nabka da"

Gilbert Achcar Londresko unibertsitateko nazioarteko harremanen irakasle libanotarraren arabera, Gazako iparraldea palestinarrez husteko aginduaren atzean bigarren Nakba (hondamendia arabiarrez) edo palestinarren exodoa eragiteko asmoa dago. Bere ustez, Israelgo armadaren aginduaren atzean ez dago bakarrik Hamasen aurka libreago borrokatzeko nahia, horretan Israel Handiaren eraikuntzarekin jarraitzeko asmo argia ikusten da. 1948an Israelgo Estatua sortu zuten lehen Nakba eta haren ondorioz 700.000 palestinar baino gehiago egotzi zituzten beren lurretatik. Gilbert Achcar-en esanetan, oraingo Nabka horretan izaten ari den hildako palestinarren kopurua 1948ko hartan izandakora iristen ari da. Artikulua ingelesez irakurri daiteke bere blogean eta gaztelaniaz Viento Sur agerkarian.

Al Jazeeraren bideo azterketaren arabera, ez ziren palestinarren suziriak izan al-Alhi al-Arab ospitala jo zutenak

Hori da ospitalearen aurkako erasoaren aurretik jasotako bideo ugari eta irudien azterketatik Al Jazeerak atera duen ondorioa. Analisian ikus daitezke nola Israelgo armadak etengabe suntsitzen dituen Gazatik Israelera jaurtitzen dituzten suziriak, baita ospitalearen aurkako eraso hilgarria baino zerbait lehenago suntsitzen duen suziria ere. Azken horren suntsiketatik lau segundora sarraskia eragin zuen erasoa gertatu zen. Israelek aipatu du suziriaren pizte sisteman izan zela akatsa eta horretarako bideoa erakutsi du. Al Jazeeraren ustez hor ez da “pizte sistemaren” akatsik ikusten, eta bai ordea, Israelgo defentsa sistema baten misila Gazatik botatako suziria suntsitzen. Hemen azalpen osoaren bideoa.

Israelek bere soldaduei: "Orain Gaza kanpotik ikusten duzue; laster barruan izango gara"

Yoav Gallant Israelgo defentsa ministroa Gaza inguratzen duen harresira gerturatu da ostegunean, eta soldaduekin elkartu.

Diskurtsoa zehatza izan da, propagandistikoa, eta nazioarteari iradoki dio lurreko erasoei ekingo dietela. Soldaduei zuzenduta, honela esan du: "Orain kanpotik ikus dezakezue Gaza. Laster barruan izango gara".

Gassan Abu Sitta doktorea: "Gazako osasun sistema hondoa jotzen ari da"

Gassan Abu Sitta doktoreak Gazatik elkarrizketa labur honetan azaldu dio CGTN Europe kate txinatarrari krisi humanitarioaren larritasuna:

https://www.youtube.com/watch?v=_O0_foAKlks

Gutxienez 3.785 palestinar hil ditu Israelek azken egunotan

Gazako osasun agintariek jakitera eman dutenez, atzotik gaurrera 300 hildako baino gehiago izan dira. Guztira 3.785, eta horietatik 1.525 haurrak.

Laguntza humanitarioen hogei kamioi soilik sartuko dira Gazan

Osasunaren Mundu Erakundeak salatu du gutxiegi direla. Gerra indartu baino lehenago 500 kamioi sartu izan dira eguneko Gazan, OMEren arabera.

Erresuma Batua ere Israelekin lerratu da: "Zuek irabaztea nahi dugu"

Sunak lehen ministroak ere bisitatu du Israel. Netanyahurekin bildu da, eta elkarri eskua ematen argazkia atera dute. Laguntzak emateko prest agertu da Sunak: "Zuek irabaztea nahi dugu gerra hau".

Jordania eta Egiptoko presidenteak biltzekoak dira ostegun honetan

Egiptoko Abdel Fattah al-Sissi eta Jordaniako Abdallah II erregea elkartuko dira gaur Gazako egoeraz eta "Israelen erasoaz" hitz egiteko.

Asteazkenean elkartu beharrak ziren AEBetako Bidenekin eta Zisjordaniako gobernukideekin, baina Gazako Al-Ahli Arabi ospitalearen aurkako erasoa gertatu bezain laster ezeztatu zuen bilera Jordaniak. "Gailur hori egingo dugu gerra eta masakreak gelditzeko erabakia hartuko denean", adierazi zuen Kanpoko arazoen ministro Ayman Safadik. Geitu zuenari segi, gailur horren emaitza bakarra ondokoa izan beharko litzateke: "Gerraren bukaera eta palestindarren biziaren errespetua".

Gerraren aurkakoak “autobusez” Gazara bidaltzeko mehatxua luzatu du Israelgo Poliziaren buruak

Israelen eraso militarraren aurkako ahotsek ez dute lekurik Israelen. Zentzu horretara ondoko mezua luzatu die gerraren aurkakoei: “Israeldar bihurtu nahi duen oro ongi etorria da. Gazan identifikatua izan nahi duenak ere badu aukera, autobusez bidaliko ditut hara”. Gerraren aurkako manifestazio oro du gobernuak debekaturik eta errepresio bortitza bideraturik du palestinarrei elkartasuna erakusten dutenen aurka. Urriaren 7az geroztik 60 pertsona baino gehiago atxilotu ditu Israelgo Poliziak.

Diputatu ezkertiar bat kargugabetua

Ofer Cassif deitzen da 45 egunez kargua galdu duen politikari ezkertiarra. Israelen politika salatzeagatik kargugabetu du Israelgo Parlamentuko Etika Batzarrak. Gazan bideraturikoa nazien politikari konparatzeagatik dute zigortu.

Frantziako Estatu Kontseiluak prefeten esku utzi du Palestinaren aldeko ekimenak debekatzearen erabakia

Palestinaren aldeko ekimen oro debekatzeko manua luzatu zuen urriaren 12an Gerard Darmanin Frantziako Barne ministroak. Azkenean, Estatu Kontseiluak arindu du debekua: kasuan kasu prefetakl erabakiko du ekimena debekatu ala ez.

Comité Action Palestine taldeak jo zuen Estatu Kontseiluaren aitzinera, adierazpen askatasuna zangopilatzen zuelako Darmaninen manuak. Palestinari sostengua adierazteko mezua ezin daiteke izan ekimen bat debekatzeko arrazoia, epailearen hitzetan.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, elkarretaratzeak egin ziren asteazken gauean hainbat Herriko Etxeen aitzinean. Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere elkarretaratzea antolatu du ostegun honetan 19:00ean Baionan, Elkartasuna zilegi da, manifestatzeko debekuari ez lelopean.

Palestinaren alde, milaka lagun atera dira Euskal Herriko kaleetara

Milaka lagun atera dira Euskal Herriko kaleetara, Palestinari beren elkartasuna adierazteko. Besteak beste, jendetza bildu da asteazken arratsaldean Gasteizen eta Donostian. Israeli boikota egiteko deia luzatu dute herritarrei, oroitaraziz Euskal Herriko hainbat egitura eta enpresa direla Israelgo Estatuaren "konplize".

Mobilizazioek jarraitzen dute, besteak beste, urriaren 21ean egingo da manifestazio nazionala Donostian eta urriaren 28rako ere Bilbon egingo duten mobilizazio handi bat antolatzen dabil BDZ sarea.

Gasteizko manifestazioaren Arabako Alea-ren bideoa:

https://x.com/ArabakoALEA/status/1714743138755989982?s=20

Sostengu osoa berretsi dio AEBetako presidente Bidenek Israeli

Urriaren 18an elkartu dira AEBetako presidente Joe Biden eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu. AEBetako presidenteak "erabateko babesa" adierazi dio Israeli, zehaztuz gainera "inoiz ez bezalako" laguntza militarra emateko asmoa dutela –AEBetako Kongresuak onartuz gero–..

Gazako Al-Ahli Arabi ospitalearen aurkako erasoari dagokionez ere Israelen bertsioaren alde kokatu da Biden: "Ikusi dudanaren arabera, badirudi ospitaleko erasoa beste bandoak egin duela".

Erresuma Batuko lehen ministroa bilduko da Israelgo Netanyahu eta Herzogekin

Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunak ere egingo du bi eguneko bisita Israeletik hasi eta inguruko herrietara ere. Ostegun goiz honetan bilduko da Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin eta presidente Isaac Herzogekin. Bi egun horietan Egipton, Turkian eta Qatarren egonen da Erresuma Batuko Kanpo Arazoetako ministro James Cleverly.
Erresuma Batuko Gobernuak Israeli adierazi dio sostengua, nahiz eta zehaztu musulmanen komunitatearen "estutasuna" ulertzen duela. Bertara iritsi bezain laster ondokoa adierazi dio Israeli: "Ez duzue defendatzeko eskubidea, defendatzeko beharra duzue".

Osasungintzako langileek Gazako Al Ahli Ospitaleko bonbardaketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte

Osakidetzako ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte Gazako Al Ahli Ospitaleko bonbardaketa salatu eta Palestinar herriari elkartasuna adierazteko.

Urriaren 20an, ostirala, Euskal Herriko hiru ospitaletan egingo dituzte elkarretaratzeak. Donostiako Ospitalean 11:00etan; Gurutzetako Ospitalean 11:00etan; eta Santiagoko Ospitalean 12:00etan.

Baldintza oso gogorretan bada ere, Rafahko pasabidea irekitzea adostu dute

Egiptoko eta AEBetako presidenteek jakitera eman dute Gazarako laguntza humanitarioa Egiptotik sartzen ahalko dela, Rafahko pasabidea irekita utziz. "Egunero hogei kamioi arte" utziko dituzte bertatik pasatzen –Nazio Batuen Erakundeak zioen alta laguntzak" eraginkorra" izateko egunero ehun bat kamioi beharko liratekela–. Baldintza oso gogorrak jarri ditu Israelek: laguntza zibilentzako izatea –Hamasek eskuratuz gero, laguntza "zapuztuko" duela argi utzi du–; laguntzek ezingo dute Israel zeharkatu...

Ghassan Abu Sittah zirujauaren testigantza gordina al-Ahli ospitaletik

Ghassan Abu Sittah mediku ezaguna da, Gazako Osasun arduradunaren ondoan ikusi dugu azken orduetan, al-Alhi al-Arab ospitaleko sarraskiaren ondoren, hildako gorputzen artean prentsaurrekoa ematen (argazkia: RED).

Zirujau plastikoa, iraganean esperientzia handia dauka, tamalez, Israelgo armadak eragindako zaurituak artatzen. Gazan errefuxiatutako familia batean sortua, 1987ko lehen intifadatik hona izan diren gudu guztietan joan da bolondres zaurituak artatzera.

Bere berri eman genuen Net Hurbil batean eta hau esaten zuen: "Gazan gaur osatu dituzun haur zaurituok hurrengo gerran berriz zaurituko dituzte”.

Iragarpen hori bete da eta orain al-Alhi al-Arab ospitalearen bonbardaketako testigantza zuzena izan da. Leherketaren unean edo ostean mugikorra galdu du Abu Sittahk, baina mezu hau zabaltzeko eskatu du:

"Goizean Al-Ahli ospitalera joan nintzen, Bautista Ospitalea bezala ere ezaguna, gaixoz beteta baitzegoen eta zirujau plastiko baten laguntza behar baitzuten. Ospitale guztietan gertatzen den bezala, barrua aterpe bila zebiltzan familiez beteta zegoen. 17:30ak inguruan, lankideekin hitz egin ondoren, gaua han pasatzea erabaki nuen, lanean jarraitu ahal izateko.

Bitartean, bi misilen kirrinka entzun nuen, eta gero karga leherketa bat. Sabai faltsua kirofanoan erori egin zen. Ebakuntza-gelaren alboko sarrerarantz nindoala, ikusi nuen ospitalea sutan zegoela eta zuzenean harrapatu zutela. Zaurituak gure aldera estropezu egiten hasi ziren.

Gero, larrialdietako gelara joan nintzen korrika, eta han ehunka zauritu larri eta hildako zeuden. Hanka lehertu zioten gizon baten izterrean torniketea jarri nuen eta gero lepoan zauri sarkor bat zuen gizon bat artatzera joan nintzen. Anbulantzia iritsi zenean Shifa ospitalera eraman nuen mediku laguntzaileekin.

Ondo nago, baina hau sarraski bat izan da ospitale baten kontra. Nire telefono mugikorra galdu dut. Mesedez, zabaldu mezua".

NBEren arabera, 61 palestinar hil dituzte Zisjordanian larunbataz geroztik

NBEak egindako azken kontaketaren arabera, Zisjordanian eta Jerusalen Ekialdean gutxienez 61 lagun hil dituzte, denak palestinarrak, pasa den urriaren 7an Gazan gatazka lehertu zenetik, horietak 16 haurrak dira

Erakunde horren esanetan beste 1.200 lagun zauritu dira Ramala, Hebron, Belen eta Nablusen kolonek edo Israelgo armadak eta poliziak egindako erasoetan.

Osasunaren Munduko Erakundeak, berea aldetik, Zisjordaniako 77 osasun azpiegiturari eraso egin diela jakinarazi du.

Manifestazio nazionala Donostian larunbatean

Gernika-Palestina plataformak manifestaziora deitu ditu euskal herritarrak datorren larunbatean, hilak 21, Donostian. Palestinari elkartasuna adierazteko ekitaldi jendetsua egin nahi dute. Gazako sarraskia gelditu! lelopean, gatazkari aterabide politikoa ematea eskatuko dute, besteak beste.

"Sarraski honen aurrean ezin dugu ixilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea eta bake eta itxaropen etorkizuna eskaintzea", dio zabaldu duten eta atxikimendu ugari biltzen ari den manifestuak.

Manifestazioa arratsaldeko 17:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik.

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


Urriaren 7az geroztik, 142 kazetari hil ditu Israelek Gazan: bi egunero kazetari bat

Gerra garaian zentsurak eta propagandak berebiziko lekua hartzen dutela jakina da, eta horren froga bat gehiago dugu Israelek Gazan bideraturikoa. Hala ere, prentsa askatasunaren alde dabiltzan egiturak izugarri kezkaturik dira: ez da munduan eta historian zehar beste gatazkarik... [+]


Israeli boikota egitera deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Nakbaren urteurrenean

Duela 76 urte abiatutako Nakbak martxan jarraitzen duela salatu dute hiri eta herri ugaritan. 5.500 euskal herritar inguruk egin dute bat BDZk antolatutako mobilizazioekin. Larunbatean manifestazioa izango da Iruñean, 12:30ean.


Sionistak sabotajeak egiten ari dira Gazara laguntza humanitarioa daramaten kamioietan

Ehunka sionistek eserialdia egin dute Israel hegoaldean, bidea oztopatzeko Jordaniatik datozen kamioiei. Zisjordanian laguntza humanitarioa zeraman konboi bati eraso egin eta produktuak suntsitu dituzte.


Eguneraketa berriak daude