Zibilizazio deitzen dugun hau


2025eko abenduaren 6an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Azal zuriek lurra eta zerua erosi eta saltzen dituzue, zuenak balira bezala. Lurra ez da ordea gizakiarena, gizakia lurrarena baizik. Hain da aseezina zuen gosea, lurreko gauza guztiak irensten dituzuela, atzetik basamortua soilik utziz. Ezin dugu ulertu zergatik hiltzen dituzuen, plazer hutsez, animaliak; zergatik soiltzen dituzuen basoak. Zeren eta lurrari gertatzen zaiona, bere seme-alaboi gertatuko zaigu ondoren. Inguru guztiak txikitzen eta kutsatzen dituzuenez, zuen hondakinetan itota desagertuko zarete”. 

Seattle buruzagia, 1854

Txiki-txikitatik, gure (Mendebaldeko) gizartea zibilizazio moduan deskribatu, saldu izan digute leku guztietan. Gure arrazionaltasuna eta balioak etengabe goraipatuta. Gainontzekoak baino hobeagoak, garatuagoak garela ondorioztatuta. Eta bestelako gizarte antolaketa moduak zein natura edota animaliak basatitzat hartuta.

Haatik, ingurura begiratu eta eraiki dugun gizadia ikusi besterik ez dago, aurrez aipatu guztia zalantzan (edota hankaz gora) jartzeko; gutxi batzuen interes ekonomikoek eta botere goseak, indarkeriaren bidez, gidatutako errealitate bat topatzeko:

    • Urtero gosez zein desnutrizioz 11.000.000 pertsona hiltzen dira (ditugu). Lau segundoero pertsona bat. Eta 828.000.000 pertsona gosez bizi dira.
    • Egunero 5 urtetik beherako 13.800 haur hiltzen dira ekidin zitezkeen arrazoiengatik (goseagatik, bereziki).
    • Gizarte desberdintasunak gero eta handiagoak dira. Lurreko %10 dirudunenak aberastasun guztien %75 baino gehiago kontrolatzen dute. 2000 eta 2024 artean sortutako aberastasun totalaren %41 %1 dirudunaren eskuetara joan zen; aldiz, aberastasun horren %1 soilik eskuratu zuen %50 txiroenak.
    • Naturaren eguneroko kutsadurak, txikizioak, ez du etenik. 2015-2025 artean, urtero 10.900.000 baso hektareako deforestazioa eragin dugu.
    • Migrazioaren drama ere handituz doa. 2024an, 9.000 pertsona hil ziren itsasoan itota.
    • Animaliekiko indarkeria sistematikoa bilakatu da. Gero eta espezie gehiago desagertu, edo desagertze arriskuan kokatu dira. XXI. mendean, 581 espezie desagerrarazi dira jada.
    • Emakumeen aurkako indarkeriaren (bere forma eta intentsitate guztietan) datuak oso larriak dira. Espainiako Estatu mailan, 2003tik gaurdaino 1.327 emakume izan dira erailak. Mundu mailan, oraindik ere lanpostu berdinagatik %23 gutxiago kobratzen dute.
    • Gero eta gerra gehiago, gastu militar handiagoa dugu, eta bakea gero eta urrunago, lausoago. Egun, 59 gerra (edo gatazka armatu) daude aktibo, eta tentsio handiko beste 116 gatazka.
    • Indigenak, jatorrizko herriak, etengabe lekualdatuak, desterratuak zein erailak dira, baliabide naturalen ustiapenean dirauten enpresen eraginez. Pixkanaka, gero eta gutxiago dira ondorioz, gero eta erreserba txikiagoetan, dispertsatuagoetan gatibu.
    • Demokraziaren eta bakearen ikonotzat hartu ohi diren AEBak sortu zirenetik 249 urte igaro dira, eta horietatik 232 urtetan gerran murgilduta egon dira, mundu osoan.

Edonondik begiratuta izua eta higuina eragiten duen genozidioa, garbiketa etnikoa. Arabiako herrialde ‘demokratiko’ eta ‘zibilizatu’ bakarra omen denak eraginda. Inpunitate osoz

Aurreko datuez gain, Palestina 1948tik gaur egun arte, eta 2023tik are eta modu krudelagoan, pairatzen ari dena zibilizazio deituriko honen ispilu, adibide ezin garbiagoa eta gordinagoa dugu:

    • 2023tik 170.000 pertsona zauritu eta 67.000 pertsona erail dituzte, horietatik 20.000 haurrak. Eta benetan hildakoak 200.000tik gora izan daitezke (suntsitutako eraikinen azpian daudenak eta desagertuak medio…).
    • 2.000.000 pertsona (ia-ia populazio guztia) desplazatuak izan dira, asko eta asko behin baino gehiagotan.
    • Hiri eta herri osoak suntsitu dituzte (etxebizitzak, azpiegiturak, errepideak…).
    • Eskolak, ospitaleak, anbulantziak, GKE-en egoitzak, errefuxiatu guneak, okindegiak, nekazaritza lurrak… bortizki bonbardatu eta erabat suntsitu, birrindu dituzte.
    • Goseak jota, janari bila AEBek eta Israelek jarritako bilketa puntuetara gerturatutako zibil errugabeak tiroz josita erail dituzte.
    • Laguntza humanitarioa blokeatu dute, gosea, egarria zein argindar mozketak gerra arma gisa erabilita.
    • Euren lana betetzen soilik ari ziren 200 kazetaritik gora erail dituzte.

Eta hori dena mundu guztiaren aurrean, telebistaz, zuzenean. Edonondik begiratuta izua eta higuina eragiten duen genozidioa, garbiketa etnikoa. Arabiako herrialde demokratiko eta zibilizatu bakarra omen denak eraginda. Inpunitate osoz. Zibilizazio deitzen dugun honetako gobernuekin sinatutako akordio komertzialek finantzatuta. Guk saltzen dizkiegun armen bidez. Herrialde zibilizatu ia guztietako agintarien isiltasunarekin, konplizitatearekin edota indiferentziarekin.

Eta oraindik ere, genozidio hau sufritzen ari diren herritarrak hartuko ditugu basatitzat. Eta genozidioaren erantzuleak zibilizatutzat. Duela hainbat mende, naturarekin eta gainontzeko izakiekin armonian, errespetuz bizi ziren indiarrak edo indigenak basatitzat hartzen ziren bezala. Eta haiek erail eta haien lurrak bortizki hartzen zituzten azal zuri edota konkistatzaile hiltzaileak zibilizatutzat.

Bien bitartean, etengabe jarraituko dute bozgorailuetatik esaten gurea dela zibilizazioa, gezur hori behin eta berriz errepikatuz, egia bilakatu nahian… Zibilizazioa? Benetan? Baina ze zibilizazio klase?

Larriena ez da gure gizarteari zibilizazio deitzea; zibilizazioa benetan gurea dela sinestera iritsi garela baizik. Belarriak itxi, ispiluaren aurrean jarri, eta benetan zer ikusten dugu?

Aitor Irigoien Odriozola

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude