Israel Military Industries enpresari altzairua legez kanpo saldu ote zion ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, eta horren harira deklaratzera deituak izan dira asteazken honetan enpresako presidentea eta beste bi goi kargudun.
Errugabeak direla defendatu dute Sidenor enpresako presidente Jose Antonio Jainaga eta beste bi zuzendarik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Francisco de Jorge-ren aitzinean. Israel Military Industries (IMI) enpresari altzairua saltzeagatik irekita dute enpresaren kontrako ikerketa. IMIk arma astun eta arinak ekoizten ditu eta epailearen ustez, agerikoa zen saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zutela. "Erabat jakitun" izanda ere, ez zioten salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari, eta ez zuten izenik eman dagokion erregistroan.
Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak jarritako kereila baten ondorioz hasi zen prozedura eta epaileak bi delitu leporatzen dizkie: kontrabando delitua, eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izatea, eta agian, modu alternatiboan, genozidio delitu baten konplize izatea ere bai.
Espainiako Poliziak epaileari bidalitako informazioaren arabera, 2023ko otsailetik Sidenorrek 42 aldiz bidali zion altzairua IMIri, orotara 4.587 tona, 5,8 milioi euroren truke. Bidalketa horietarik 33 bideratu zituen 2023ko urriaren 7az geroztik, hau da, Gazako genozidioa hasiz geroztik.
Altzairu konpainiak horrela defenditu du berea: ez Europako araudiak, ezta Espainiakoak ere, ez zioten Sidenorrek ekoitzitako altzairuak Israelen saltzeko "kontrol berezia" behar zuenik, eta horregatik, konpainiak ez zion salmentarako baimenik galdetu gobernuari, eta ez zuen izenik eman zegokion erregistroan. Beste argudio bat ere aurkeztu diote epaileari: salmentak egin zirenean ez zegoen mugarik Israelekilako salerosketentzat. Espainiako Gobernuak enbargoa irailean ezarri zuen, baina, Sidenorreko buruzagiek zehaztutakoari segi, beraiek hiru hilabete lehenago eten zituzten Israelekilako harreman komertzialak.