Israelek Morpheus martxan jarri du, soldadu israeldarrek beren sare sozialetan partekatzen dituzten sarraskiak ezabatzeko. Bertsio ofizialak dio, aldiz, informazio sentibera babesteko dela. Bitartean, genozidioak ez du etenik: su-eten akordiotik hona Israelek gutxienez 347 palestinar hil eta 889 pertsona zauritu ditu.
Israelgo armadak berriki adimen artifizialeko sistema bat abiarazi du, Mopheus, euren soldaduen sare sozialak monitorizatzeko. Agintari israeldarrek diotenez, "informazio militar sentikorraren filtrazioak prebenitzeko" helburua du sistema berriak, alegia, ezkutuko edo klasifikatutako informazioa sarean publikoki partekatzea ekiditea. Izan ere, Israelgo txostenen arabera, Hamasek inteligentzia masiboko sare bat eraiki zuen soldadu israeldarren sare sozialetako kontuetatik bildutako informazioa erabiltzeko. Sareak urriaren 7ko erresistentzia operazioa planifikatzen lagundu omen zion Hamasi. Kritikoek diote, baina, neurria Israel Palestinan egiten ari den gerra krimenak ezkutatzera bideratuta dagoela.
Morpheus Israelgo soldaduen sare sozialetako testu, argazki eta audioak eskaneatzeko gai da, eta informazio konfidentzial gisa identifikatzen duen publikazio oro zentsuratzera bideratuta dago. Sistemak bi mailatan funtzionatzen du. Lehenik, zerbitzu aktiboan dauden soldaduen sare sozialetako kontu publikoak arakatzen ditu, 170.000 inguru. Bigarrenik, erreserbako soldaduak zaintzen ditu, Israelek zibiltzat jotzen dituenak, Quds Newsen arabera.
Genozidioa ez da bukatu
Bitartean, herri palestinarra jasaten ari den sarraskiak ez du etenik. Amnistia Internacional GKEak ohartarazi du “Israelgo agintariak genozidioa egiten jarraitzen” dutela Gazan, su-etena aldarrikatu arren: erasoak ez dituzte eten, eta laguntza sarbideak geldiarazten ari dira.
Urriaren 10ean jarri zen indarrean su etena, baina Israelek behin eta berriz urratu du akordioa. Al Jazeera-ren kalkuluen arabera, zazpi asteetan 500 aldiz baino gehiagotan, eta gutxienez 347 palestinar hil eta 889 pertsona zauritu ditu. 2023ko urriaren 7tik gutxienez 70.000 palestinar hil ditu Israelek.