Palestina ikasleekin lantzeko aitzakiarik ez dago: unitate didaktikoak eta material ugari, eskura

  • “Genozidioaz ari gara, eta hezkuntzan ezin gara neutralak izan”. Horrela animatu dituzte HH, LH, DBH eta Batxilergoko irakasleak ikastetxeetan Palestina landu dezaten. Ziklo guztietarako unitate didaktikoak aurkeztu ditu Irakasleok Palestinarekin elkarteak, eta gaian sakontzeko materiala ere ez da falta sarean.

"Gaza ikasleekin" proiektua.

2025eko abenduaren 10ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Irakasleok Palestinarekin ekimenak azaroan aurkeztu zuen Haur eta Lehen Hezkuntzarako unitate didaktikoak bi jarduera barnebiltzen ditu, ikastetxe eta adin bakoitzera moldagarriak. HH eta LHrako lehenengo jarduerak “Nola bizi dira Isham eta Miasha?” du izena eta Gazako bi haurrek idatzitako gutunaren irakurketa du oinarri. Lehen Hezkuntzarako bigarren jarduerak berriz, genozidioaren aurrean hezkuntza komunitatea aktibatzea du helburu: “Zer egin dezakegu guk?” du izena eta galderen bidez ikasleekin ideia-jasa egitea du abiapuntu, “gure egunerokotik Palestinako herriari nola lagun diezaiokegun” pentsatzeko.

Bai haurren eskubideak, bai Palestinako historia eta gaur egungo egoera ezagutzeko, bertako errealitateaz eta prekarietateaz jabetzeko, eta “pertsonen eta herrien arteko harremanek nolakoak izan behar duten zehazten duen marko juridiko bat dagoela eta errespetatu egin behar dela” ulertzeko pautak ematen ditu unitate didaktikoak.

Proiektuak lantzen ditu, besteak beste, sionismoa, kolonialismoa, autodeterminazio eskubidea, genozidioa, eta giza eskubideen urraketa gatazka testuinguruetan

DBH 3-4 mailetatik hasi eta Batxilergo nahiz Lanbide Heziketan jorratzeko unitate didaktikoa, berriz, astearte honetan aurkeztu dute. Proposaturiko jarduera: taldeka banatuta eta ikerketa proiektu baten bidez, denen artean bideo-dokumental bat sortzea, eta ondoren herriko kultur etxean edo antzerakoetan proiektatzea. Proiektuak lantzen ditu, besteak beste, Palestinaren testuinguru geografiko, historiko, politiko eta soziala; kontzeptu gakoak (sionismoa, kolonialismoa, autodeterminazio eskubidea, genozidioa); eta giza eskubideen urraketa gatazka testuinguruetan.

Bi unitate didaktikoen asmoa da ikasleengan enpatia, pentsamendu kritikoa eta elkartasun-ekintzak gauzatzeko gaitasuna sustatzea.

Leiho bat Palestinara

Aurretik ere, Israelek abiaturiko genozidioak aurrera egin ahala, gero eta ikastetxe gehiagotan hasi ziren gaia lantzen, giza eskubideez, heriotzaz eta injustiziaz mintzatzen, adinaren arabera zer eta nola kontatu konplexua izan badaiteke ere. ARGIAn bi kasu nabarmendu genituen: Lesakako Irain eskolan 8-9 urteko haurrekin landutako bideo motzak, ume palestinarren ingurukoak, eta Iruñeko Iturrama institutuan 14-15 urteko ikasleekin auzian sakontzeko duten proiektua, Iturrama Solidarioa egitasmoaren baitan.

Beste ekimen interesgarri baten berri izan dugu: Kultur leiho bat webgunearen barruan, ‘Palestina’ fitxa sortu du Iñigo Aldabaldetreku Landaberri ikastolako irakasleak, eta material ugari ari da biltzen bertan. Hala nola, okupazioaren bilakaera irudikatzen duten mapak, palestinarren testigantzak, abestiak, ikasleekin egindako proiektuak, irakurgai gomendioak, genozidioaren aurka egindako protesta eta salaketa esanguratsuak, Israelen kontrako boikot ekintzak, eta palestinar herriaren aurkako hainbat erasoren bilduma.

"Garbi ikusten dute ez dela gerra bat, eraso bat baizik, eta oso gogorra zaie Palestinan bizi dutena"

Material hori erabili dute “Gaza ikasleekin” proiektuan: Gazako haurren testigantzak ikusi eta entzun ostean, horien inguruan gogoetatu dute ikasleek, ikasitakoari eta egindako hausnarketei hitzak eta argazkiak jarri dizkiote kartulinetan, eta ondoren eskolako pasilloetan ipini dituzte ikusgai. Azken finean, su eten gisa saldu dutena gorabehera, “arazoak hor jarraitzen du” eta gaia lantzea garrantzitsua da, iritzi dio Aldabaldetrekuk, batez ere ikusita lanketak ikasleengan uzten duen arrastoa: “Gazan gertatzen ari dena jakitea eta ulertzea eskertzen dute; garbi ikusten dute ez dela gerra bat, eraso bat baizik, eta oso gogorra zaie Palestinan bizi dutena. Kontzientzia hartzeaz gain, horren aurrean laguntzea edo zerbait egin ahal izatea baloratzen dute, elkartasuna aktiboki transmititzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025eko azaroaren 26
Saioa Mujika Sierra. Pedagogia mugimenduan
"Herritartasuna bueltatu behar diegu, hori da umeekin daukagun zorra"

2025eko azaroaren 14
Iñaki Alegria Loinaz eta Amaia Torrealday Galarreta ikerlariak
"Oso garrantzitsua da administrazioak onartzea euskara zientzia hizkuntza bat dela"

Eguneraketa berriak daude