Rafah bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

Zuzeneko jarraipena
  • 34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko maiatzaren 02an - 12:08
Azken eguneraketa: 15:37
Gakoak
Zer dakigu al-Ahli al-Arab ospitalearen kontrako erasoaren egiletzaz?

Erasoa gertatu eta berehala, Netanyahouren gobernuak Israelgo armada ez dela izan esan du, eta Yihad Islamikoari egotzi dio egiletza, esanez talde horren kohete erratu batek jo duela ospitalea.

Ordu batzuetara Israelgo armadak berak bideoa zabaldu du, hori "frogatuko" lukeena. Bideoan erakutsi nahi du ez dagoela misil batek utzitako kraterrik eraikinaren inguruetan.

Horren aurretik beste bideo bat zabaldu du Israelgo Gobernuak X sarean, ustez kohete batzuen jaurtiketarena litzatekeena, baina datak eta orduak ez zuten bat egiten ospitaleko eztandarekin –The New York Times-eko kazetari batek bideoaren jatorria aztertu du–. Segidan, gobernuak berak bideoa ezabatu du mezu horretatik.

BBC kateko kazetariek esan dute eztanda ez dela izan kohete palestinarrek eragin ohi duten gisakoa, baina ezin dutela ezer gehiago baieztatu Israelek ez dielako uzten gunera sartzen.

Yihad Islamikoak ukatu egin du bera izan denik erasoaren egilea eta esan du erakunde horrek ez dituela ospitaleak, eraikin publikoak eta eraikin erlijiosoak erabiltzen gune militar eta biltegi moduan.

"Akusazio horiek faltsuak dira", adierazi du Yihad Islamikoak, eta Israel "egindako sarraskian duen erantzukizuna saihestu nahian" dabilela esan du.

Israelgo armadak birritan abisatu zituen ospitaleko arduradunak, azpiegitura ebakuatu zezaten. Pasa den larunbatean beste jaurtigai batek jo zuen eraikina eta hainbat zauritu eragin zituen. "Atzo bi granadarekin abisatu genizuen", esan zieten militarrek telefonoz deituta, Middle Eat Eye hedabidearen arabera.

Ospitalea kudeatzen duen Jerusalengo Eliza Episkopaleko arduradun batek esan du geroztik israeldarren beste eraso baten beldur zirela.

Greba orokorrera deitu dute Zisjordania osoan

Asteazken honetarako greba orokorrera deitu dute Zisjordaniako palestinar lurralde okupatuan, Israelek al-Ahli al-Arab ospitalea eraso eta ehunka lagun hil ostean.

Wafa albiste agentziaren arabera, unibertsitateak, dendak eta bestelako zerbitzuak itxita egongo dira eta garraio publikoa geldirik.

Asteazkenean protesta handiak espero dira, ez bakarrik Zisjordanian, baita Libanon, Jordanian, Iranen eta munduko beste hainbat txokotan ere, Israel Gazan egiten ari den bonbardaketa indiskriminatuetatik protestatzeko.

Ospitalean sarraskia eragin eta ordu gutxira Hezbollah-k "aurrekaririk gabeko Haserre Eguna" antolatu du eta herritarrei kalera ateratzeko eskatu die.

Israelgo Segurtasun ministroa: "Gazara soilik ehundaka tona lehergailu sartu beharko lirateke"

Itamar Ben-Gvir Israelgo barne ministroak Gazako ospitalearen kontrako sarraskia egin eta denbora gutxira adierazi du palestinar zerrendara "soilik ehundaka lehergailu" sartu beharko liratekeela.

"Hamasek bahituak askatzen ez dituen arte, laguntza humanitario bakar bat ere ez da sartu behar, ehunka tona lehergailu baizik", esan du eskuin muturreko politikari israeldarrak, A News-ek zabaldu duenez.

 

Biden asteazkenean iritsiko da Israelera

Netanyahurekin batzartzekoa da AEBetako presidente Joe Biden.

Jordaniako eta Egiptoko agintariekin ere batzartzekoa zen, baina Al Jazeerak jakitera eman berri duenez, herrialde arabiarrek uko egin diote bilerari.

Erresuma Batuak bestalde, gerraontziak Mediterraneo itsasora mugitu ditu Gazako azken eraso bortitzaren ostean.

Protestak lehertu dira munduko hainbat txokotan

Gazako ospitalea bonbardatu ostean, palestinar asko eta asko protestara irten dira Zisjordanian.

Sareetan zabaldutako bideoen arabera, dozenaka mila lagun kalean daude oraintxe bertan Jordanian, Libanon, Turkian, Tunisian eta Berlinen, besteak beste.

Israelgo Gobernuaren, AEBen eta Frantziaren enbaxadei eraso egin diete.

Hildakoak 1.000tik gora izan daitezke

Gazako osasun langileek diotenez, kalkuluen arabera, 1.000 hildako baino gehiago egon daitezke Israelek bonbardatu duen ospitalean. Tartean dira medikuak, pazienteak eta bertan errefuxiatuta zeuden ehunka familia.

Israelek "abisatua" zuen Gazako 22 ospitale ebakuatu egin behar zirela, eta aire erasoekin mehatxatu zuen. Ospitaletako langileek uko egin zioten agindua betetzeari, eskaera "ezinezkoa" dela esanez.

Israelek ospitale bat bonbardatu du Gazan

Astearte gauean Al-Ahli ospitale arabiarra bonbardatu du Israelgo Gobernuak. Ehunka eta ehunka dira hildakoak eta zaurituak.

700 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte Zisjordanian

Israelgo indarrek Zisjordanian egindako atxiloketen kopurua hirukoiztu egin da egunotan: 700 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte urriaren 7tik.

Israelgo soldatuak indarrez sartu dira astelehen gauean Hebroneko (Zisjordania) eskola batera. 50 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte gaueko erasoaldian. Gazako langile palestinarrak zeuden eskolan, zeintzuek ezin zuten etxera itzuli Israelek muga itxi zuenetik.

Atxilotuen familiak Gurutze Gorriak Ramallahn (Zisjordania) dituen bulegoen aurrean bildu dira eserialdia egin eta gertatutakoak salatzeko. Anbulantzietako langileek bat egin dute haiekin elkartasuna adierazteko.

24 ordurako ura, elektrizitatea eta erregaia baino ez dira geratzen Gazan

Gerrak hamargarren eguna du gaur. Osasunaren Mundu Erakundeak astelehen gauean ohartarazi duenez, gutxi gorabehera 24 ordurako erregaia geratzen da energia sorgailuetan, osasun instalazioek funtzionatzen jarrai dezaten, modu mugatuan bada ere. “Sorgailuek funtzionatzeari utziko baliote arriskuan jarriko lituzke ehunka pazienteren bizitzak”, adierazi du erakundeak.

Urari dagokionez ere, “ur eta saneamendu zerbitzuen kolapsoa” dagoela ziurtatu dute: “Gazara iritsitako ura, Zerrendako biztanleen %14ak bakarrik jaso zuen”. Nazio Batuen Erakundeak azpimarratu du “kezkatuta” daudela Gazan urak kutsatutako gaixotasunen agerraldi baten arriskuarekin.

Palestinar herriari elkartasuna adierazteko deialdiak Euskal Herrian

Hona aste honetan Euskal Herrian egingo diren elkarretaratzeen deialdiak:

Urriak 17
    • Orereta (19:30)
    • Bergara (19:30)
    • Getxo (19:00)
    • Iruñea (18:30)
    • Hernani (19:00)

Urriak 18
    • Donostia (19:30)
    • Gasteiz (19:30)

Urriak 19
    • Zarautz (19:00)
    • Lekeitio (19:00)
    • Iurreta (19:00)
    • Lasarte-Oria (19:00)

Urriak 20
    • Ermua (19:30)
    • Bilbo (19:00)
    • Oiartzun (19:00)
    • Barañain (19:00)
    • Larrabetzu (19:30)
    •Mungia (20:00)

Urriak 22
    • Erandio (13:00)

 

Iturria: @ideiazabaldub

Sumar-en inguruak Israelen jarduna "genozidio planifikatua" dela esan ostean, Israelen enbaxadak erantzuna: "Estatu Islamikoarekin alineatu da"

Podemos, IU eta Sumar-en bueltako politikariek Israelen aurkako mezuak zabaldu dituzte azken egunetan. Besteak beste, Espainiako Gobernuko jarduneko ministro Ione Belarrak bat egin du Palestinaren herriaren aldeko manifestazioekin, eta publikoki adierazi "genozidio planifikazioa" egiten ari dela Israelgo Gobernua. Horrez gain, Europar Batasunari eskatu dio Netanyahuren gisako "gerra kriminalekin" harremana hausteko. Yolanda Díaz jarduneko ministroak ere bide beretik hitz egin du, "israeldar apartheid-a" seinalatuta, eta Alberto Garzón jarduneko ministroak ere salatu du Gazako herritarren aurka egiten ari diren "bidegabekeriagatik".

Bestalde, ingurumaria horretatik Palestinako herria nazio gisa aitortzeko ere exijitu diote PSOEri.

Israelgo Gobernuak Espainian duen enbaxadak mezu komunikatu gogorra igorri du prentsara, "oso kezkagarria" delako Espainiako Gobernuko hainbat ordezkari –ez ditu izenak eman, ezta alderdien siglak ere– "Estatu Islamikoaren gisako eragileekin alineatu" izana. Espainiako Gobernuko kide horiek politikoki horrela lerratzeak Espainian bizi den komunitate juduaren  "segurtasuna arriskuan jartzen" duela nabarmendu du.

Espainiako Gobernuaren komunikatua: "Hamasen erasoa irmoki gaitzesten dugu"

"Erabat gezurtatu" ditu Espainiako Gobernuak "zabaldutako hainbat iritzi". Politikari jakin batzuen pentsaerak direla adierazi du; "inola ere ez Espainiako Gobernuarena".

Espainiako Gobernuak beharturik ikusi du bere burua Hamasen inguruan duen iritzia puntuz puntu adierazteko: irmoki gaitzesten du Hamasen erasoa; bahituak berehalako askatzeko exijitzen du; eta Israelek defentsarako duen eskubidea aitortu.

Hezbolá prest Israeli eraso egiteko

Egia esan, Hamasek urriaren 7an Israeli eraso egin zionetik, Hezbolák eta Israelek elkar eraso dute bi herrialdeen arteko mugan. AEBak ohartarazi diete Hezbolári eta Irani ez sartzeko gerran, baina ia analista gehienen ustez, gerra nonbaitetik hedatuko bada, muga horretatik izan daiteke.

2006an ere aritu ziren gerran Hezbola eta Israelgo armada, eta 34 eguneko gerran Israelek 1.150 libanotar hil zituen, eta Hezbolák 165 israeldar. Gurutze Gorriaren arabera, Israelek 30.000 etxebizitza, 109 zubi eta 79 osasun eraikin suntsitu zituen Libanon. Israelentzat kostu handikoa litzateke Hezbolári aurre egin behar izatekoa, baina Israelek Libano erraustu dezake. Aldea handia da.

Analisten arabera, aldiz, gaur egungo Hezbolák ez du zerikusirik 2006koarekin. Orduan 3.000-5.000 gerlari zituen, gaur egun 60.000 bat mila. Orduan 14.000 suziri, egun 150.000, asko modernoak, gidatzeko modukoak, Iranan fabrikatutakoak. Horrez gain, Hezbolako gerrillariak Sirian aritu izan dira gerran hango gobernuaren alde eta biziki trebatu dira gerran.

Hezbolák ezingo luke Israel inondik inora garaitu, baina 2006an baino askoz kalte handiagoak eragin bai. Israelek zer egin dezakeen argi erakusten ari da orain Gazan. Eta orduan Iranek egingo al luke zerbait gehiago? Hor dago gerra Ekialde osora zabaltzeko egunotako beldur nagusia.

Al Jassera-ko albiste honetan irakur daiteke Hezbolári buruzko informazio gehiago.

"Inoiz ez bezalako giza hondamendia" Gazan, Nazio Batuen arabera

Gutxienez 2.750 palestinar hil dituzte Israelen bonbardaketek, eta 10.000 zauritu. Hondakinen azpian desagertuta daude gutxienez 1.000 palestinar. Gazatik Egiptora igarotzeko pasabide bat irekiko dutela iragarri du Anthony Blinken AEBetako idazkariak, baina soilik laguntza humanitarioa sartzeko eta atzerriko pasaportea duten herritarrak ateratzeko. Ireki denik ukatu dute Hamasek zein Israelek.

Asteleheneko egoeraren datu guztiak Leire Artolaren artikuluan.

Frankfurteko liburu azokak bertan behera utzi du idazle palestinar baten saria, Israeli “elkartasuna” adierazteko

Adania Shibli idazle palestinarrak Liberaturpreis 2023 saria jaso behar zuen urriaren 20an, baina argitalpen-industriaren azokarik garrantzitsuenak iragarri du idazle palestinarrak ez duela saria jasoko, eleberria soldadu israeldarrek hil zuten neskato beduino palestinar baten benetako istorioan oinarritzen delako. 350 egilek baino gehiagok palestinarren aurkako “erasotzat” jo dute iragarritako aldaketa gutun ireki batetan, eta palestinarren ahotsak “itzaltzea” leporatu diote Frankfurteko Liburu Azokari.

Shibli idazleari babesa adierazi dieten idazleen artean, Colm Tóibín irlandar eleberrigilea, Kamila Shamsie britainiar-pakistandar eleberrigilea eta William Dalrymple britainiar historialaria aurkitzen dira. Frankfurteko liburu azokaren antolatzaileei kargu hartu diete, esanez Palestinako idazleek “garai latz eta krudel hauetan”, beren pentsamenduak, sentimenduak eta literaturari buruzko gogoetak partekatzeko espazioak sortzeko “erantzukizuna” dutela.

Hamabi kazetari hil dituzte dagoeneko Gazaren aurkako azken gerra hasi zenetik

Kazetarien Babeserako Batzordeak (CPJ, ingelesez) salatu duenez, gutxienez, hamabi kazetari hil eta zortzi zauritu dituzte, eta beste bi desagertuta daude, Israelek Gazaren aurka abiatu duen azken gerra hasi denetik. Horietako hamar palestinarrak dira, beste bat israeldarra eta beste bat jatorri ezezagunekoa. Hildako gehienak Israelek Gazako Zerrendan eginiko bonbardaketetan gertatu dira, ez baitago leku segururik.

Sherif Mansour CPJko Ekialde Hurbilerako eta Afrika Iparralderako koordinatzaileak azpimarratu du, kazetariak “zibilak” direla, krisi garaietan “lan handia” egiten dutela eta ez dutela “gerrazaleen erasorik” behar. "Kazetariak sakrifizio handiak egiten ari dira gatazka garrantzitsu hau estaltzeko. Hortaz, alde guztiek neurriak hartu beharko lituzkete segurtasuna bermatzeko eta zenbaketa hilgarria amaitzeko", gaineratu du

Palestinako bandera, Ipuruatik ere kanporatua
Eibar-Israel peña “harro” agertu da klubak palestinar bandera zeraman zaletua kaleratu dutelako.

Irakurri artikulu osoa Jon Tornerren blogean: Palestinako bandera, Ipuruatik ere kanporatua

Zergatik lehertu da Gazako Zerrenda setiatua?

Komunikabide gehienek ezin dutenez eta/edo irakurleei ez dietenez azaldu nahi zergatik gertatzen ari den “Gaza eta Israel” artean gertatzen ari dena. Labur-labur, sortu daitezkeen funtsezko galderei erantzungo diegu: Zer? Non? Noiz? Nola? Zergatik? Nor?

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
2024-05-22 | Mikel Zuloaga
Palestina, maite zaitugu, aske

Titularra beste bat izan zitekeen: “Ez gaitzatela nahastu”, unibertsitatean kanpatzeagatik esaten digutenean Hamas babesten dugula, terroristak, antisemitak edo bortitzak garela leporatzen digutenean, unibertsitatetik kolpeka atera gaituzten arren. Aktibismoa... [+]


Rafah: 4.000 urteko hiriaren zatiketa

Egipto, K.a. 1303. Seti I.a faraoiak Gaza eta Siria inguruan egindako kanpaina militarren berri jaso zuten idazkun batean. Inskripzio horretan lehenengoz aipatu zen Robihwa herria. Egiptoarrek hala esaten zioten, asiriarrek Rafihu, greziarrek eta erromatarrek Raphia eta... [+]


Gazan AEBek eraiki duten portua: laguntza humanitarioa ala baliabide naturalen lapurreta?

AEBek Gaza kostaldeko behin-behineko portua eraikitzen amaitu dute, eta kamioi bakan batzuk sartu dira zerrendan. AEBetako mila soldadu aritu dira eraikuntza lanetan. Okupazioaren tresna izatea leporatu diote eragile ugarik portuari, eta begirada Palestinako kostaldeko baliabide... [+]


Netanyahu eta Hamasen buruzagitza atxilotzeko eskatu du Hagako Auzitegiko fiskalak

Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak eskatu du astelehen eguerdian Israelgo Lehen Ministro Benjamin Netanyahu eta bere Defentsa Ministro Yoav Gallant atxilotzeko, guda krimenak egotzita. Ondoko hiru palestinar hauen aurka ere gauza bera eskatu du: Hamaseko buruzagi Yahya Sinwar... [+]


Eguneraketa berriak daude