Palestinan gertatzen denaren kontra egotea ez da zaila. Halako bortizkeriaren aurrean askok ikusten dugu hori sarraski bidegabea dela, baina hori sentitzea hain da gauza berezkoa, non ia ez duen esanahi esanguratsurik. Munduan bakea nagusitzearen nahiarekin ere antzeko zerbait gertatzen da, oso zilegi dela desioa, baina inor ez dagoenez esplizituki gerraren alde eta bakearen kontra, ezer gutxirako balio duen aldarri neutro huts bilakatzen dela.
Gatazka baten kontra egote hutsa ez da aski, eta ez da guztiok bat egiteko nahikoa baldintza, gatazkaren arrazoiak eta soluzioak zein diren arakatzea delako benetan egin beharreko ariketa, analisi politiko horren araberako jarrera koherentea hartzearekin batera. Baina noski, hor bukatzen dira bake-aldarri aseptikoen inguruko adostasunak, eta hor gelditzen da agerian halako batasun antzuen hutsaltasuna.
Munduan elkarbizitza baketsua eta iraunkorra nahi duenak, munduan giza-eskubide oinarrizkoak indarrean ezar daitezela exijitu behar du, eta estatuetako agintariak behartu horiek oinarrian izango dituen politika demokratikoaren arabera joka dezaten. Baina giza-eskubideetan lehena eta funtsezkoena herrien autodeterminaziorena da, eta horren urraketa, hain zuzen ere, munduan ankerkeria eta bidegabekeria gehienak eragiten dituen arazo sistematikoa. Bakearen oinarrian, herriek bere lurraldean libre bizitzeko duten eskubidearen errespetua dago, atzerriko inbasio eta okupaziorik gabe.
Gehiegi entzuten ari gara ezin dela Palestinan gertatzen dena gurearekin konparatu, (...) gure erresistentzia desaktibatzeko beste trikimailu baten moduan erabiliko da argudio hori
Palestinaren alde antolatutako elkartasun orokor honetan badira kirrinka egiten didaten hainbat kontu. Hasteko, Palestinako genozidio krudela salatzetik harago, benetako arazoa den okupazio-erregimena litzatekeela benetan salatu beharrekoa, jatorrian dagoen inperialismoa seinalatuz eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz. Baina noski, auzia hala planteatzeak inplikazioak ditu. Palestinarentzat eskatzen dugunak munduko populu guztiendako balio izan behar duela, baita –eta bereziki hemen– Euskal Herriarentzat ere. Eta ez da egiten ari, ez da auzia koordenada horietan kokatzen ari.
Nola da posible Palestinarentzat askatasuna eskatzen duten euskaldun askok, euskaldunon askatasun falta aipatu ere ez egitea, salatzen dituzten zapalkuntza, kolonizazioa eta etnozidioa Euskal Herriak ere pairatuko ez balitu bezala? Eta nola liteke horretan aritzea, gainera, gure nazioak jasaten duenari ez ikusiarena egiten dionaren ondoan, edo are, mendean hartuta gaituzten estatuetako partidu eta sindikatu guai bezain lotsagabeekin ere? Palestinako estatua aitortzen duten baina euskaldunona bahitua duten horiekin berekin?
Ez dit balio auzi honen larritasunak denak batera aritu beharra eskatzen duelako baieztapenak, oinarrizko printzipio izan behar lukeelako gure menderakuntza ahalbidetzen duenarekin inora ez joatearen baieztapenak. Ezta bi gatazken bortizkeriaren intentsitate konpara ezinaren justifikazioa erabiltzea ere. Nazio zapaldu bakoitzak duelako bere historia partikularra, non tartekatuta pairatzen dituen ofentsiba bortitzeko uneak "lasaitasunezkoekin", zapaltzailearen komenientziaren eta zapalduaren jokabidearen arabera. Ze, zein litzateke gure egoera Saharak eta Palestinak bezala jokatuta autonomiaren amua irentsi ez bagenu? Zein, Palestinarena edo Sahararena, gure moduan jokatuko balute? ...
Gehiegi entzuten ari gara ezin dela Palestinan gertatzen dena gurearekin konparatu, eta seguru nago gure erresistentzia (gehiago) desaktibatzeko beste trikimailu baten moduan erabiliko dela argudio hori. "Benetako" zapalkuntzen nolakotasunaz ohartuta (eta beldurtuta), zintzo onar dezagun geurea. Kasu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.