Hilabete pasa da AEBetako presidente Donald Trumpek Gazarako "bake-plana" aurkeztu zuenetik Egipton. Urriaren 14an izenpetu zuten, Trumpek berak baita Egiptoko, Qatarreko eta Turkiako estatuburuek ere Israelek begi onez ikusitako hogei puntuko bide-orria, eta Hamasek hala beharrez onartu behar izan zuena. NBEko Segurtasun Kontseiluak ere horren alde bozkatu du azaroaren 17an. Munduko boteretsuenak dabiltza Gazaren geroaz erabakitzen, palestinarren erabakimenaren gainetik pasata. Palestinar eta israeldar kazetari batzuk bideratu +972 komunikabide independenteko bi analisi gureganatu ditugu, palestinarren aldetik so egiteko "bake-plana" izena dakarren bide orri kolonial eta inperialista horri.
Sharm El-Sheikhen gertatutakoa [urriaren 13ko Gazarako Bakearako gailurra] ez da palestinarrei benetako aldaketa emateko ahalegina izan, baizik eta eskualderako beste koreografia ekitaldi bat, Israelgo eta AEBetako interesen inguruan eraikitako Ekialde Hurbileko ikuspegi bat, ez palestinarren eskubideen inguruan". Oharpen hori irakurri daiteke gailurraren biharamunetan Mahmoud Mushtaha kazetari gazatarrak +972 aldizkarian publikaturiko analisian. Bere etorkizunaz erabaki behar du Gazak, munduak gure ordez egin aurretik testuan kausitzen dugu palestinar honen irakurketa: Palestina aitortzen ez duten AEBek gidaturiko akordioa izatea; Gazako egituraketa politikoa Israelen etenik gabeko erasoek suntsitu izana; Hamas erakundea zein Palestinar Aginte Nazionala krisi sakonean egotea; Israelek urte luzeetan bideraturiko "setio psikologiko eta fisikoa"... Horrek guztiak eragin du beraien geroaz erabakitzeko eskubidea inolako konplexurik gabe zangopilatzen ari zaiela. Donald Trumpek landutako planaren helmuga zera dela dio: "Kanpotik inposaturiko kontrola eta gobernantza baten bidez palestinarren autonomia deuseztatzea".
Egoera jasangaitza zaion arren, nazioarteak babesturiko Israelen gehiegikerien salaketaz gain, begirada etorkizunean jarri eta palestinarrek eman beharreko urratsak mahai gaineratzen ditu. Batetik, erresistentzia berrikusi beharra: "Erresistentziak birdefinitua izan behar du. (...) Jakina, inongo herrik ezin du mugarik gabe itolarrian bizi, erantzun gabe. Historiak erakusten digu Israelek palestinarren gaineko presioa handitu ahala –setioaren, lur kentzearen edo indarkeria huts eta sinplearen bidez–, horrek bai ala bai erantzuna dakarrela. Baina okupazioari aurre egiteko eskubidea ukaezina bada ere, haren formak errealitatearekin batera eboluzionatu behar du. Erresistentzia eraginkorrak multidimentsionala izan behar du, politikoa, ekonomikoa, juridikoa eta kulturala. Okupazioa ahuldu behar dugu, ez bakarrik konfrontazio armatuaren bidez, baita presioaren eta deslegitimazioaren bidez ere. Israel, azken batean, Mendebaldeko potentziaren hedapena da, eta haren biziraupena Mendebaldeko patronatuaren mende dago; horregatik dira hain boteretsuak armei buruzko enbargo-mehatxuak".
Bestetik, herri mugimenduaren norabidearen definitzea. "Zeinek definituko du duintasunera eta burujabetzara bideratuko gaituen mugimendu nazionala?" galderari ondokoa erantzuten dio: "Hamarkada luzez, beste batzuek diseinatutako esparruetan bizi izan gara: Osloko akordioetan, blokeoan, gerren ziklo amaigabean, su-etenetan eta berreraikuntzan. Biziraupen hutsetik haragoko zerbait ekarri behar badigu gaur egungo momentuak, autohausnarketarena da. Ezin dugu gure haserrea atzerriko potentzietara mugatu, eta, aldi berean, geure ikuspegi eta lidergo porrotak isilik mantendu. Lehenik eta behin, herritarren zilegitasuna lortu behar dugu, eta erreforma esanguratsurik egin ezean, ez Hamasek ez Palestinako Aginte Nazionalak ezingo dute hori aldarrikatu. Ondoko ideiarekin bukatzen du berea: "Orain gure kultura politikoaren oinarriak birplanteatu behar ditugu, baita etsipenari biziraun diezaioketen antolaketa politikorako modu berriak eraiki ere. Israelek ez du lortu Palestinako herria ezabatzea, baina, Gaza suntsituta, kudeatu nahi gintuzten sistema guztien porrota azaleratu du". Ados izan ala ez, bere horretan interesgarria da munduak jasotzea palestinar baten gogoeta beraien geroa baldintzatuko duen –baina beraien iritzia kontuan hartu gabe idatzitako– "bake hitzarmen" horretaz. Eta +972 gisako komunikabide independenteei esker bakarrik dugu hori posible, Israel babesten eta armatzen dabilen mundu honetan.
“Desarmatze osoa eta berehalakoa egiteko Israelen tema nahita egindako tranpa bat da, berez bideraezina delako eta palestinarren erabateko errendizioa erran nahi lukeelako”
Muhammad Shehada
Israelen irakurketa eta adierazpen oro heltzen zaigu; Hamas ala bestelako palestinar askapen erakundeenak, ordea, ez. Adituak dabiltza, tertulia eta zutabegintzan, baina horietarik zenbat dira palestinarrak? Erabat isilduta dute palestinarren ahotsa. Beraien ordezkaririk ez zen egon Sharm El-Sheikheko gailurrean –Israelenik ere ez, baina jakina da Tel-Aviven iritzia kontuan hartuta idatzitakoa dela 20 puntutako testua–. Berdin-berdin ezin izan zuten parte hartu NBEren irailaren 22ko gailurrean, nahiz eta Palestinaren geroa izan aipagai. Ezin sinetsia da nola zangopilaturik den palestinarren erabakimena; eta alta, gertatzen ari da. Eta bakerako planari segi, gisa berekoa nahi dute biharko Gaza: AEBetako presidentea buru lukeen nazioarteko "bake batzorde batek" kontrolatuko luke eta horren menpe litzatekeen "batzorde apolitiko eta teknokrata palestinar batek" izanen luke zerbitzu publikoen bideratzeko ardura eta "nazioarteko egonkortze indar" batek, berriz, terrenoko kontrola. Zer gordetzen du Gaza bitan zatitzea dakarren israeldar plan berriak idatzia ere publikatu dute +972n, gailurretik hilabete batera. Muhammad Shehada Gazako kazetariak azaroaren 11n idatzitakoa da.
Berez aldi baterako izan behar zuen "lerro horia" –Israelgo armada lurretik ateratzeko lehen fasea markatu behar zuelakoan– gelditzeko jarri dutela dio Shehadak, eta horrela banaturik daukate Zerrenda: lurraldearen %42 dituen Gaza mendebaldea –zeinetan bi milioi herritar metaturik dituzten eta Hamasek segitzen duen boterean– eta beste %58 dituen Gaza ekialdea, erabat hustuta dagoena eta Israelgo armadak eta bere hurbileko lau gang-ek kontrolatuta daukatena. Kazetariak dio Gaza mendebaldeak geroz eta antza handiagoa duela Hego Libanorekin, hots, su-etena egonda ere, sionistek erregularki bonbardaturikoa da–250 bat palestinar hil dituzte "bake planaren" gauzapenaz geroztik–. Laguntza humanitarioa ere ez zaie adostutako heinean sartzen, egunero 600 kamioi izan beharrean, 95 uzten dituelako sartzen Israelek. Gaza ekialdean, berriz, bonba eta suntsitze arrabotsak baizik ez dira entzuten: "Israelgo soldaduek eta kolonoen enpresaburu pribatuek gainerako eraikin guztiak sistematikoki eraisten segitzen dute, Israelgo armadaren babespean bizi diren eta armaz, diruz, ibilgailuz eta bestelako luxuz beteta dauden bandentzako kanpamentu txikiak izan ezik". Kazetariak argi du: "Gaza ekialdea ez du berehalakoan uztekoa Israelek". Bake plana gauzatzeko ardura duen Jared Kushner Etxe Zuriaren ordezkariak jakitera emana du Gaza ekialdea dutela berreraikiko –Rafahtik hasita–, eta Hamasek hor segitzen dueino gerra, murrizketa eta hondamendi izaten segituko duela bi milioi palestinar dituen Gaza mendebaldeak.
Benjamin Netanyahuz hurbil den israeldar kronikariak ere zera dio: "Gaza moderatua genuke Rafah berria, (...) eta beste Gaza genuke Gaza Hiriko eta erdialdeko errefuxiatu kanpamentuetako hondamendikoa". Rafahren hautua eginez gero, ez litzateke bertatik ateratzeko aukerarik egonen. Bestela erranda, kontzentrazio esparru bat litzateke.
Hori palestinarrek hor segitzen duteino, idealean, palestinarrik gabeko eremu gisa kontsideratzen dutelako Gaza: tabula rasa egin eta zerotik berreraikiko lukete, guztia kapitalismoaren alde bideratuta. Horrela irudikatuta du Netanyahuk Gaza 2035 txostenean eta berdin-berdin Trumpek, Great Trust egitasmoan, eta nola ez, "bake-plana" aitzina eramateko ardura duen Kushner amerikarrak ere bai, higiezin sektoreko marrazo boteretsua ere badelako.
Hamasen armagabetze manua "zepotzat" dauka kazetariak: "Armagabetzea eremu anbiguoa da, eta Israeli aitzakia ia mugagabea ematen dio Gaza mendebaldearen berreraikitzea eragozteko eta bere kontrol militarrarekin segitzeko". Zehazgabetasunez betetako plana da, gainera, Trumpena, eta horrek dakar Israelek segitu dezakeela nahi bezainbeste bere erasoekin, eta gainera, berea inposatzen. Adibidez, nazioarteko egonkortze indarrean ez du palestinarrik onartuko, ezta turkiarrik eta qatartarrik ere. Hala ere, kazetariak dioenaz, Hamasek zehaztu izan du bake akordio baten baitan –ez aldez aurreko baldintza gisa– onartuko lukeela eraso-armen –gerrako suziriak, besteak beste– desegitea, baita gainerako defentsa-armamentu arinena ere –su-armak eta tankeen aurkako misilak barne–.
Dena dela, baldintza hori betetzekotan Ipar Irlandan bideraturiko prozesuaren baldintzetan ikusiko luke berea Hamasek: "Prozesu horretan bere defentsa-armak biltegietan giltzapetuko lituzke, eta erasoak hamarkada batean edo bitan erabat gelditzeko konpromisoa hartuko luke, edo Israelen okupazio ilegala amaitu arte. Kasu horretan, geratzen diren arma arinek, nolabait, Israelek Gazatik erretiratzeko eta genozidioa amaitzeko promesei uko egingo ez diela ziurtatzeko balioko lukete". Kazetariak dioenaz, Egiptoko, Britainia Handiko eta Saudi Arabiako gobernuak badabiltza horren alde eragin nahian. Finean, baldintza konplexua delako: "Desarmatze osoa eta berehalakoa egiteko Israelen tema nahita egindako tranpa bat da, berez bideraezina delako eta palestinarren erabateko errendizioa erran nahi lukeelako".