ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Zisjordaniako herriak hesiz inguratzeko asmoa dauka Israelgo Segurtasun ministroak

Zuzeneko jarraipena
  • 28.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko otsailaren 22an - 11:49
Gakoak
Palestinaren aldeko "elkartasun astea" antolatu du Gernika-Palestinak

"Herrien arteko elkartasuna" iparrorratz, aste osoko egitaraua antolatu dute hainbat sindikatuk, Gernika-Palestina dinamikaren baitan. Otsailaren 25etik martxoaren 3rako egitarau oparoa osatu dute: hildakoen izenen irakurketa, hitzaldiak, diru bilketa, bilera informatiboak ala beste.  ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, CGT, Etxalde eta Ikama aritu dira Palestinaren aldeko ekimenen antolaketan. Palestinaren banderak etxeko leihoan jartzeko deia luzatu diete herritarrei.

Iazko urte bukaeran martxan jarritako Elkartasun Aktiboa kanpainaren parte da ekimena. Bi helburu nagusi dituzte: batetik, Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eramatea; eta, bestetik, Palestinako erakundeek Gazan antolatutako proiektuak babestea.

Netanyahu nazioarteko epaitegien aurrera eramateko, "herrien arteko elkartasuna"

PCHR Palestinako Giza Eskubideen Erakundeak, Al-Hacqek eta Al-Mezak Nazioarteko Zigor Auzitegian salaketa jarri dute genozidioagatik, Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramateko. Bide horretan laguntzeko asmoz abiaturik du Gernika-Palestinak diru bilketa. "Ekarpen ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, Gazako erakundeek bultzatutako bide judiziala laguntzeko". Laguntzeko moduak askotarikoak direla zehaztu dute sindikatuek: dohaintza ekonomikoa (Laboral Kutxako ES0530350083240830140015 kontu zenbakian); Mundubat GKEaren dohaintza atalean ekarpenak (BIZUM bidez  08736 kodearekin) edota Palestinarekiko elkartasun taldeetan parte hartuz.

Horrez gain, Euskal Herriko hainbat abokatuk jarraipen talde bat sortu dute. "Egunero genozidioa gertatzen ari da gure aurrean; hori dela eta, arlo juridikoko ekimen hori babestu behar dugu", azaldu zuen Carlos Alberto Ruiz Socha abokatu eta Mundubat gobernuz kanpoko erakundeko kideak otsailaren 14an Bilbon egindako agerraldian. Ruizez gain, taldearen parte dira Nazario Oleaga, Joseba Crespo, Amaia Izko, Aitzol Asla eta Iratxe Urizar abokatuak.

Gernika-Palestina dinamikaren baitako sindikatuen prentsaurrekoa, otsailaren 21ekoa.

 

Palestinari buruzko gogoetaldia antolatu dute Leioako unibertsitatean

EHUko irakasle talde bat aritu da "Zer egin dezakegu Palestinako sarraskiaren aurrean?" galderaren inguruko hitzaldia antolatzen. Otsailaren 26an iraganen da, 12:30etan Gizarte eta Komunikazio Fakultateko sarreran, Leioan.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, ekimenaren helburuak dira "palestinar herriaren aurkako sarraskia salatzea" eta, "berezki, herritarrak horren aurkako jarrera aktiboa izatera animatzea". Israelen "maniobra kolonial, inperialista eta kapitalista" salatzeko betebeharra azpimarratuz, aktibatzeko deia luzatu diete herritarrei: "Horren aurrean herritarrak ezin gara geldirik geratu, nahiz eta askotan ez jakin distantziatik zer egin dezakegun".

Horra hitzaldiaren mamia:

 

Mugarik Gabeko Medikuak-en eraikin bati eraso egin dio Israelek

"Gaur egun, Gazako errealitate izugarria da ez dagoela leku segur bat ere ez, gune seguruen promesak alferrikakoak direla eta erakin zehatz batzuk saihesteko mekanismoek ez dutela balio", MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko zuzendari Meinie Nicolai-ren hitzak dira. Israelek tanke bidez MSFren eraikin bati eraso egin ondoren egindakoak dira. Otsailaren 20an MSFeko langileak eta senideak zeuden Khan Yuniseko etxe bat jomugan hartu dute, bi lagun hil dituzte –medikuen senideetarikoak– eta beste sei kolpatu.

Zisjordaniako herriak hesiz inguratzeko asmoa dauka Israelgo Segurtasun ministroak

"Bizitzeko dugun eskubidea palestinarren mugimendu-askatasunaren gainetik dago". Israelko Segurtasun ministro Itamar Ben-Gvir-en hitzak dira. Hori erranik, Zisjordaniako herriak hesiz inguratzeko xedea plazaratu du. Israeldar kolonoek okupaturiko Zisjordaniako eremu batean izandako tiroketa baten ondotik egindako adierazpena da. Guttienez hildako bat eta zortzi kolpatu daude kolonoen aldetik, erasoa bideratu duten bi palestinar hil dituzte, eta hirugarren bat dute atxiloturik.

Gaur egun, 300 kolonia daude Zisjordanian, 700.000 kolono israeldar ari dira Palestina ilegalki okupatzen. "Israelek lurrak bereganatzeko politika ankerrarekin jarraitzen du, nazioarteko zuzenbidea urratzen duten legez kanpoko koloniak etengabe zabalduz, eta horrek ondorio izugarriak ditu giza eskubideei eta palestinarren segurtasunari dagokionez. Israelgo kolono bortitzek palestinarrei eraso egin diete hainbat hamarkadatan, eta ia erabateko inpunitatea dute", Amnesty International-eko Agnes Callamarden hitzetan.

Urriaren 7az geroztik, Zisjordaniako palestinarren aurkako indarkeria gora

Urriaren 7az geroztik, azkarki gogortu da Zisjordaniako palestinarren aurkako indarkeria. Amnesty International-ek salatu egin du "neurriz kanpoko indarkeria hiltzailearen erabilpena manifestazioetan eta atxiloketetan".

2023an Zisjordaniako 507 palestinar hil ditu Israelek –tartean, 81 adin txikiko–. 2005ean abiatu zituen biktimen kontaketak Nazio batuen Erakundeak eta orduz geroztik izandako urterik hilgarriena izan da iazkoa. "Gazako bonbardaketen eta ankerkeriaren estalpean, Israelgo indarrek legez kanpoko indar hilgarria biderkatu dute okupatutako Zisjordaniako palestinarren aurka; legez kanpoko hilketak eginez eta bizitzarekiko mespretxu nabarmena erakutsiz. Legez kanpoko hilketa hauek giza eskubideen nazioarteko legedia zapaltzen dute eta inpunitate osoz bideratzen dira, etenik gabeko zapalkuntza eta menderatze erregimen instituzionalizatuaren testuinguruan". Amnesty International-entzat dabilen Erika Guevara-Rosas abokatuaren hitzak dira.

2023ko urriaren 7tik aurtengo urtarrilaren 29ra bitartean guttienez 360 palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian.

AEBek betoa jarri diote su-etena eskatzeko NBEren ebazpenari
Thomas-Greenfield AEBetako enbaxadorea besoa altxa duen momentuan. Argazkia: NBE / Manuel Elias

Beste behin AEBek Israelen sarraskia babesteko erabakia hartu dute eta NBEren Segurtasun Kontseiluan erabakitzekoa zen su-eten ebazpena eragotzi du bere botoarekin.  Hala, Netanyahuren gobernuari baimena eman diote jarraitu dezan Gazan eta Palestina osoan bere sarraskiarekin.

Segurtasun Kontseiluko ia herrialde guztiak bozkatu dute su-eten baten alde, hamairu herrialdek zehazki. Erresuma Batua abstenitu egin da, baina AEBetako enbaxadore Thomas-Greenfieldek besoa altxa du ezezkoa emateko eta, hortaz, beto horrekin, ebazpena ez da aurrera atera.

AEBek argudiatu dute, ebazpenak trabak jarri ditzakeela Washington baldintza batzuen truke lantzen ari den su-etena lortzeko esfortzu diplomatikoetan. "Batzuetan, diplomazia gogorrak gutako edonork nahi baino denbora gehiago behar du", esan du amaieran Thomas-Greenfieldek.

Ebazpenaren proposamena Aljeriako enbaxadoreak aurkeztu du eta besteak beste, biztanleria zibilaren leku-aldatzeak gelditzea eta bahituen askatzea ere eskatzen zuen.

Errusiak AEBei egotzi die "hiltzeko lizentzia" ematea Israeli, beren jarrerarekin.

Giza laguntzako kamioietara hurbiltzen diren palestinarrak tirokatzen ari da Israel

Gaza hirian oinarrizko elikagaiak dituzten Nazio Batuen giza laguntzako kamioietara hurbiltzen diren palestinarrei tiro egiten ari dira Israelgo soldatuak, Al Jazeerak bideo batzuen bidez baieztatu duenez. NBEk ohartarazi du palestinarrak gosete larrian daudela. Elikagai kaxak hartu nahi dituzten "ehunka" palestinar tirokatzen ari da Israel: "Aukerarik gabe geratzen ari dira etsita eta gosez dauden palestinarrak. Euren bizitzak arriskuan jartzen ari dira frankotiratzaile israeldarren tiroen aurrean, Gaza hirira sartzen diren giza laguntzako kamioi gutxi horietako batera heltzeko", jakinarazi du Al Jazeerako kazetari Tareq Abu Azzoum-ek, Rafahtik.

Goseteari aurre egiteko, palestinarrak ontzi txikien bidez arrantzatzen saiatzen ari dira Gazako kostaldean, baina kanoiontzietatik Israelgo soldaduak arrantzale horiek ere tirokatzen ari da, Al Jazeerak ziurtatu duenez. Gosete larria eragiten ari dira Gazako herritarrengan, eta Israelek ez du giza laguntzaren sarbiderik baimentzen ia.

Israel Afrikako Batasunetik kanporatu dute

Israeli ikuskatzaile estatusa kendu dio Afrikako Batasunak, eta bertatik kanporatu dute, Le Monde egunkariak baieztatu duenez. 2021eko uztailean berrizendatu zuen Afrikako Batasunak (AB) Israel ikuskatzaile gisa, nahiz eta ABren parte diren 21 estatuk neurri hori gaitzetsi, Palestinarekin elkartasunez –besteak beste, Hegoafrikak, Aljeriak, Zimbabwek, Namibiak eta Botswanak–. 2023ko otsailean ABko goi bilera batetik kanporatu zituzten Israelgo ordezkariak, esanez ez zutela baimenik bertan egoteko, eta gonbidatuta zegoela Israelek Etiopian duen enbaxadorea soilik. Palestinako auzia argitzeko eskatu zuten estatu horietako ordezkariek, eta Israelgo Kanpo Harremanetarako Ministerioak kritikatu zuen AB "Hegoafrika eta Aljeria bezalako herrialdeek bahituta" zegoela, eta horiek "gorrotoak gidatuta eta Iranek kontrolpean" jarduten dutela, Europa Press berri agentziak jaso zuenez.

Urtebete geroago, ofizialki kendu dio ikuskatzaile estatusa Israeli Afrikako Batasunak.

Afrikako Batasuneko ordezkari batzuk, 2024ko otsailaren 18an. Argazkia: Michele Spatari / AFP.

 

Gazan martxan zegoen ospitalerik handiena zerbitzutik kanpo gelditu da

The Guardian hedabideak azaldu duenez, Osasunaren Munduko Erakundeak jakinarazi du Nasser ospitalea geldirik dagoela. Hala egoteko hiru arrazoi eman dituzte OMEko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek eta tokiko osasun funtzionarioek: borrokaldiak, erregai gabezia, eta Israelen erasoaldiak.

OMEko zuzendariak mezu hau zabaldu du X sare sozialaren bidez: "Nasser ospitalea jada zerbitzutik kanpo dago, astebeteko setioaren eta ondorengo sarekadaren ondorioz. Taldeari ez zioten utzi sartzen pazienteak nola dauden jakiteko eta osasun behar larrienak ikusteko. Ospitalera erregaia zeramaten. 200 bat gaixo gelditzen dira eta horietatik 20k beste ospitale batera segituan eramatea behar dute. Paziente guztiek dute beste ospitale batera eramateko eskubidea. Atzerapenak biziarekin ordainduko dituzte pazienteek. Ospitalean sartzen eta pazienteengana hurbiltzen utzi behar dute".

Nasser ospitalea Gazako hegoaldean dago, Khan Younis hirian, eta otsailaren 18tik, igande goizetik, ezin ditu erabiltzaileak artatu. Ez dago elektrizitaterik, ezta nahikoa osasun langile ere.

Argindar sorgailuak geldirik egon dira hiru egunez eta ondorioz urik gabe geratu dira. Hondakin-urak larrialditako geletara zabaldu dira eta zainketa intentsiboetako pazienteak nola artatu ez daukate. Oxigeno-hornidurarik gabe egotearen ondorioz, gutxienez, zazpi pertsona hil dira.

Lau mediku-talde baino ez dira gelditzen ospitalean, 25 langile, guztira.

BDZ ekimenak otsailaren 25erako manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan

Boikota, desinbertsioa eta zigorrak mugimenduak manifestazioak antolatu ditu Konplizitaterik ez, Israeli boikota!  lelopean. Bilbon Moyua plazatik abiatuko da, Donostian Boulebarretik eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira. Hirurak 12:30ean hasiko dira. Iruñekoa 12:00etan hasiko da Antoniuttitik.

Carrefourren aurkako kanpainak jarraitzen du

Luzia Etxeberria DBZko kidea da eta  ahotsa-infori azaldu dio Israelen aurkako boikot kanpainan bereziki Carrefour dutela jomugan. Bere aurka egiteko bi arrazoi eman ditu. Batetik, Zisjordanian, Carrefourrek hitzarmen komertzialak dauzka frankizia israeldarrekin. Ondorioz, koloniatan Carrefour dendak ari dira ezartzen. Bestetik, armada israeldarrak Gazan dauden israeldar soldaduak eta militarrak elikatzen ditu Carrefourrek doan emandako janariari esker. DBZko kide Etxeberriak dio Carrefourrek babes hori goraipatzen duela.

DBZk eskatu du Carrefourrek saltzen dituen hainbat produktu ez erostea. HP gailu informatikoen markari boikota egitera deitu dute, Israelek kontrol-guneetan erabiltzen duen sistema nagusia delako eta Israelgo Estatuak erabiltzen duen sistema nagusia delako. Datilei ere boikota egitera deitu dute. Carrefourreko datiletan jartzen du Israelgoak direla eta Etxeberriak dio lurralde okupatuetan landatutakoak direla.  

Ane Irazabal: "Israelek Rafahko mugako pasabidearen kontrola eskuratu nahi du"

Israelek militarki kontrolatzen ez duen muga trabeskatu du berriki EITB hedabideko kazetari talde batek. Erronka zaila, jakinez atzerriko hedabideek galarazia dutela Palestinara hurbiltzea. Israelek Gazaren kontrako ofentsiba militarra abiatu zuenetik, abantsu 30 mila hildako izan dira. Al Arif hiriko ospitalean izan dira euskal telebistako kazetariak, eta bonbardaketen ondorioz zauritutako haurren errealitate gordina ikusi dute bertan. Kazetari horien artean zen Ane Irazabal. Azaldu duenez: "Netanyahuk argiki Rafahko hiria eskuratu nahi du, Egiptoren menpe den pasabide horren kontrola eskuratzeko". Euskal Irratietako lagunek berarekin hitz egin dute.

 

Palestinaren aldeko elkarretaratzea eginen dute Baionan

Otsailaren 23rako jarri dute hitzordua, 18:00tan Baionako Herriko Etxe aitzinean. Gazaren aurkako sarraskia eta Israelek burutu palestinarren genozidioa salatzeko hitzordua izanen da.

 

Libanoren aurkako Israelen aire-erasoan lau hildako

Suziri baten ondorioz Israelgo Armadak soldadu bat galdu izanari aire-erasoz erantzun dio Israelek. "Hezbollah jomugan harturik" bideratu du erantzuna, nahiz eta erakunde horrek ez duen beregain hartu hilketa. Hezbollahko kide bat eta familia bereko hiru zibil hil ditu Israelek, baita beste hamar bat kolpatu ere. Gehiago izango dira, ostegun goiz honetan "gutienez hamabi erasoaldi" bideratu dituelako Israelek, Aljazeera komunikabidearen arabera.

Aspaldikoak diren Hezbollah eta Israelen arteko tentsioak gora doaz urriaren 7az geroztik, eta mugaren inguruan izan ohi badira erasoak, lurralde bakoitzean geroz eta barrurago doaz azken aldian. "Tentsio igoera arriskutsua" deitoratu du beste behin Nazio Batuen Erakundeak.

 

Noraezean, Rafahtik ihes egiten hasi dira bertan babesa hartu zutenak

"Garaipen osoa lortu arte borrokan ariko gara, eta horrek erran nahi du zibilek borroka guneak utzi ondoren eraso indartsu bat bideratuko dugula Rafahn", Benjamin Netanyahuk otsailaren 14an Telegram bidez jakitera eman duenez. 1,4 milioi palestinar bertan metaturik daude –urriaren 7aren bezperan baino bost aldiz gehiago– eta Israelek abiaturiko bonbardaketetatik ihesi, exodoa abiatu dute hainbatek. Alta, berez "segurtasun gune" gisa sailkatua zuen Israelgo armadak Rafah.

Hiri horretan abiaturiko eraso kaotikoaren aurka kokatu dira orain arte Israelen babes sendoak izandakoak: AEB, Kanada, Australia… Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macronek ere galdetu dio "operazio militarren bukaera" Netanyahuri.

Urriaren 7az geroztik Gazako herritarren %80ak ihes egin behar izan du bere etxebizitzatik, baina Gazako Zerrendan gelditu dira. Hori horrela, Rafah hiriko biztanleria bostez biderkatu da azken lau hilabeteetan: 1,4 milioi palestinar dira bertan metaturik, beste inora joan ezinean.

 

645 lagun hil ditu Israelek Gazako osasun azpiegiturei egindako erasoetan
Khan Yuniseko ospitale bat Israelgo indar armatuen eraso baten ostean.

Gazan lau hilabete baino gehiago daramate bonba eta tiro artean. Sarraski horretan ospitaleak, bertako langileak eta han babesten direnak ez dira salbu. Guztira 350 eraso egin dizkio entitate sionistak Gazako osasun sistemari, eta 645 pertsona hil, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakitera eman duenez. Erasoak 98 osasun zentrotan, 90 anbulantziatan eta Gazan ziren 36 ospitaleetatik 27tan gertatu dira eta 818 pertsona zauritu dituzte, OMEren datuen arabera.

Hainbat kasu lazgarriren berri eman du OMEk. Gertatu den azkenetakoa da Jan Yunis hiriko ospitale batean, Gazako hego-mendebaldean, gertatutakoa. Erizain batek tiroa jaso zuen ebakuntza-gelan lanean ari zela.

Zisjordanian ere egoera okerrera egin du. Osasun azpiegituren aurkako 364 eraso zenbatu ditu OMEK, eta horietan 10 palestinar hil eta 62 zauritu egin dituzte indar sionistek. 44 osasun-etxe kaltetu dituzte, 15 klinika mugikor eta 24 anbulantzia.

103 palestinar hil ditu Israelek, azken 24 orduetan

Gazako Osasun ministerioak asteazken honetan eman dituen datuen arabera, urriaren 7az geroztik Israelek egindako erasoen ondorioz 28.576 palestinar dira hildakoak eta gutxienez beste 68.291 zauritu dituzte. Azken 24 orduetan 103 lagun hil dituzte, ministroaren esanetan. Dena den, oraindik ere milaka gorpu harrapatuta dauden hondakinen azpian, eta beraz, Israelgo Estatuak hil dituen herritarren benetako kopurua askoz handiagoa da.

Ospitalea ebakuatzeko eskatu ostean, frankotiratzaile israeldarrek hiru pertsona hil dituzte

A Jazeerak kontatu duenez, Gaza hegoaldeko ospitale handienean errefuxiatuta zeuden herritarrei soldadu israeldarrek ohartarazi diete lekua ebakuatzeko, eta ihesean zeudenean, tiroka hasi dira soldaduak. Ospitalean zeuden hiru lagun hil dituzte eta beste hamar zauritu.

Bestalde, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko buruak salatu du drone israeldarrek Gazan lanean ari ziren bi kazetariren aurka egindako erasoa. Bi kazetariak egoera kritikoan daude.

Palestinaren kontrako erasoa salatzen duten kontu ugari ezabatu ditu Instagramek

Palestinarren defentsarako WOL talde estatubatuarraren kontua (Within Our Lifetime), taldearen presidentearena eta taldearen babes kontuak Instagrametik ezabatu ditu Metak. Eztabaidarako aukerarik eman gabe ezabatu dituela salatu du taldeak. Metatik jaso duten mezua da beren kontuak eta jardunak "ez dituela komunitatearen arauak errespetatzen".

“Israelen genozidioaren aurka egoteagatik plataforma honetan egotea debekatzen bazaigu, Instagramek garbi utzi du zeinen alde jarri den”, salatu du taldeak. Eta gaineratu du salaketa eta protestak egiten jarraituko dutela: “Munduari argi utziko diogu ez gaituztela isilaraziko; alderantziz, zarata gehiago aterako dugu”.

Metaren zentsura

Giza Eskubideen Behatokiak 2023ko abenduan argitaratu zuen txostenaren arabera, Instagram eta Facebook kudeatzen dituen Meta enpresa sistematikoki ari da zentsuratzen Palestinari buruzko edukiak sare sozialetan, tartean bakearen aldeko mezuak. “Palestinaren babes mezuak zentsuratzea iraingarria da eta zaurian sakontzea baino ez dakar, palestinarren adierazpen askatasuna itota dagoen ankerkeria eta errepresio uneotan”.

Urriaren 7az geroztik palestinarren aldeko edukiak zentsuratzea egotzi ostean, Metak argudiatu zuen akats teknikoen ondorio izan zela.

 

Hegoafrikak Hagan eskatu du Israel Rafah-n egiten ari den sarraskia geldiarazteko esku har dezala

Rafahko biztanleria, Gazako Zerrenda hegoaldean, boskoiztu egin da urriaren 7az geroztik eta bertan Israelek martxan jarri duen erasoa hondamendia izango dela ohartarazi dute laguntza taldeek. Hegoafrikak berriz ere Nazioarteko Justizia Auzitegira jo du: auzitegiak esku har dezala eta erasoa geldiarazi dezala eskatu du, urjentziaz. Egoerak hala eskatzen badu, neurri gehigarriak erabaki ditzake auzitegiak, eta hori baliatuta egin du Hegoafrikak eskaera.

Hegoafrikak Hagan aurkeztutako salaketaren harira, genozidioa eragozteko neurriak har ditzala eskatu zion Israeli nazioarteko auzitegiak, joan den urtarrilaren 26an. Ebazpena bete-betean urratzen ari da Israelgo Estatua, Hegoafrikak salatu duenez.

Uneotan gutxienez 1,5 milioi palestinar bizi dira Rafahn, gehienak etxe inprobisatu eta oihal-etxeetan, urriaren 7az geroztik Israel egiten ari den genozidioaren eraginez Gaza ipar eta erdialdetik Rafahra desplazatuta. Herritarrek aukera guztiak agortu dituzte: Rafah zuten azken helmuga, eta orain ez dute leku segururik.

Bertatik bertara laguntzen ari diren talde eta erakundeek ohartarazi dutenez, benetako katastrofea litzateke Rafahren aurkako erasoarekin aurrera jarraitzea. Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen buru Volker Turk-ek adierazi du Rafahren aurkako erasoa luzatzea “beldurgarria” izan daitekeela.

Nazioartean, genozidioaren kontrako hitzak ugaritzen ari dira agintarien ahotan, horren kontrako behar bezalako neurriak hartu ez arren. Italiako Kanpo ministroak esan du Italiak neurrigabetzat jotzen dituela Gazaren aurkako Israelen bonbardaketak eta gehitu du Hamasekin zerikusirik ez duen biktima gehiegi izaten ari dela.

Hitzez baino ez du presionatzen Europak: Borrellek iradoki du Israeli armak ez bidaltzea

Joe Biden AEBetako presidenteak Israelgo Netanyahuri eskatu dio Rafah ez erasotzeko, baina, era berean, AEBek milaka milioi dolarretako arma munizioak bidali dizkio Israeli. Netanyahu ez da arma bidalketaz mintzo, baizik eta bere erasoak gelditzea eskatzeaz: "Rafah ez erasotzeko eskatzea gerra galtzeko esatea da".

Era berean, Europar Batasuneko diplomazia buruak, Josep Borrellek, beste behin ere Netanyahu asaldatzeko moduko adierazpenak egin ditu: "Gehiegizkoak dira Israelek erasoak, Biden berak ere esan du. Beraz, nazioarteari zuzentzen natzaio; gehiegizkoa baldin bada, agian arma gutxiago bidali beharko litzaizkioke".

Horrez gain, Israelera bisitan joan diren nazioarteko agintariei ere zuzendu zaie, "esatea utzi eta gehiago egin" esanda, eta Netanyahuk Rafah ebakuatzeko agindua eman izanari, honakoa erantsi dio Borrellek: "Nora ebakuatuko dituzte? Ilargira?".

Dena den, gogor gisa kontsidera daitezkeen Borrellen adierazpen horiek ez dute forma praktikorik hartzen, ezta bere etxe barruan ere. UNRWAri laguntza ematea utzi zioten dozenaka herrialdek, eta dagoeneko agenda mediatikotik ezabatu den gaia den arren, arazoa ez da konpondu: UNRWAk finantzaketa arazo larriak izango ditu martxoan.

UNRWAko beste langile bat erail du Israelek; guztira, 154

Nazio Batuen Erakundearen parte den UNRWA (Palestinako Errefuxiatuen Agentzia) taldeak jakinarazi du beraien beste langile bat erail duela Israelek azken orduetan, Khan Yunisen. Tiroz hil dute lanean ari zela. Philippe Lazzarini organizazioko buruak jakinarazi du sare sozialen bitartez. Urriaren 7az geroztik, dagoeneko, UNRWAko 154 langile hil ditu Israelek.

"Nazioarteko langile humanitarioei ezin zaie eraso egin, babestuak izan behar dute", jakinarazi du mezu bidez.

Espainiako Gobernuak baimendu zuen genozidio betean Israeli armak bidaltzea

Espainiako Gobernuko Kanpo ministro José Manuel Albares-ek urtarrilaren 23an ziurtatu zuen Israeli arma-blokeoa ezarri ziotela urriaren 7tik, eta ez direla inongo muniziorik bidaltzen ari palestinarren aurkako genozidioa egiten ari direnei. EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu zion arma-blokeoa ezartzeko, eta Albaresek abenduaren 5ean zera erantzun zion: "Urriaren 7tik ez dira Espainiako armak esportatzen Israelera". Dena den, elDiario.es hedabideak baieztatu duenez, azaroan 987.000 euroko balioa zuen munizioa esportatu zen Espainiatik Israelera.

Gobernuak azalpenak eman ditu: argitu du azaroan bidalitako armak urriaren 7a baino lehen baimendu zituztela, eta materiala "probetarako" soilik dela eta ezin dela gatazkan erabili. Baina elDiario.es-ek jakinarazi duenez, baimen hori atzera botatzeko aukera izan du urriaren 7az geroztik, defentsa-materialaren merkataritza kontrolatzeko erregelamenduak hala ezartzen baitu, arrazoi hauek tartean badaude: "Bakea nahasteko", "tentsioak areagotzeko" edo "gizakiari dagokion errespetu eta duintasunaren aurka erabil daitezkeen" ekintzetan erabiliko diren "arrazoizko zantzuak" badaude, besteak beste, baimena ezeztatu daiteke. Nammo enpresako Palentziako filialari ez dio baimena ukatu gobernuak.

Genozidioaren erantzule?

Israeli armak bidaltzen ari diren gobernuak genozidioaren erantzule izan daitezkeela iritzi dute nazioarteko aditu ugarik. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren sortzaile den fiskal ohi Luis Moreno Ocampok dio auzitegi horrek Genozidioaren Arauak "konplizitateari" dagokiona zehazten duela. Moreno Ocampok elDiario.es-i zera azaldu dio: "Nazioarteko Justizia Auzitegiak Gazan genozidioa dagoela uste badu, [Israelera egindako arma] bidalketak genozidiotzat har daitezke".

Netanyahuk dio Rafah ez erasotzeko eskatzea dela "gerra galtzeko esatea"

Israel Rafah-ko lurreko ofentsiba prestatzen ari da eta bitartean aire erasoak egiten. Nazioarteko hainbat agintarik Benjamin Netanyahu lehen ministroari ohartarazi diote "giza ondorio katastrofikoak" eragingo dituela Rafah-n sartuz gero. Izan ere, Israelen bonbardaketatik ihesi hegoalderantz joan diren milioi bat palestinar baino gehiago daude Rafah-n, Gazako biztanleen erdia baino gehiago, alegia. Joe Biden AEBetako presidenteak igandean Netanyahuri eskatu zion Rafah-n ofentsibarik ez hasteko hirian desplazatuta dauden pertsonen segurtasuna bermatzeko "plan sinesgarri eta egingarri" bat izan gabe.

Netanyahuren erantzuna argia izan da: Israelek ofentsiba indartu behar du, bahitu gehiago askatzeko. Hamasen aurkako "presio militarra erabateko garaipenera arte" egiten jarraitzea Israelen segurtasunerako oinarrizkoa dela ziurtatu du. Lehen ministroak hitz eman du palestinarrentzako "pasabide segurua" dagoela Rafah-n, baina ez du ebakuaziorako argibide zehatzik eman, eta espero da Rafah-n pilatuta dauden palestinarrak Egiptoko Sinai penintsulara botatzeko asmoa izatea, mugan baitago. Netanyahuk AEBetako ABC telebista katean adierazi du Israeli Rafah-n ez sartzeko eskatzea dela "gerra galtzeko esatea".

Israelek beste sarraski bat egin du, Rafah-n, eta bi bahitu askatu

Igandetik astelehenerako gauean Israelek aire erasoak egin ditu Rafah-n, eta dozenaka palestinar hil ditu: 67 lagun, Reuters-ek eta Al Jazeerak Gazako Osasun Ministerioaren iturria aipatuta zabaldu dutenez; 100 baino gehiago, Hamasen esanetan. Israelgo Armadak ziurtatu du gau horretan Hamasek bahitutako bi pertsona askatu dituela, eta "egoera onean" topatu dituztela Rafah hiriko etxe batean.

Palestinako Kanpo Ministerioak "modurik gogorrenean" gaitzetsi ditu Israel palestinarren aurka egiten ari den "sarraski masiboak". "Israelek jarraitzen du zibilei eraso egiten eta gerra Rafah-ra bideratzen, herritarrak bonbapean tokialdatzera bultzatzeko".

Israelen erasoak Rafah-ra zabaltzeak dakartzan arrisku katastrofikoez ohartarazi dute nazioartetik zein bertatik, eta azken sarraskian horren emaitzak ikusten ari direla dio Ministeritzak. Rafah-n 1,3 milioi palestinar inguru daude desplazatuta, Gazako biztanleen erdia baino gehiago; Israelen bonbetatik ihes joan dira hara, eta Gazako gunerik seguruenetakoa zela zioten giza laguntzako erakundeek. Orain, ordea, Israelgo Armada lurreko erasoa prestatzen ari da, eta bitartean airetik eraso egiten.

Dozenaka palestinar hil dituzte otsailaren 11 gaueko erasoetan. Argazkia: Mohammed Salem / Reuters.
Rafah airetik eraso du Israelgo Armadak. Argazkia: Ibraheem Abu Mustafa / Reuters.

 

Askaturiko bahituen mezua: "Hamas suntsitzeko bidetik segituz gero, ez zaigu askatzeko bahiturik geldituko"
Avshalom Sassoni / Maariv

Ezohiko prentsaurrekoa burutu dute Hamasek bahitu eta askaturiko bost emakume israeldarrek. Ondoko mezu argia luzatu diote Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen ministroari: "Hamasen suntsitzeko bide horretatik segituz gero ez zaigu askatzeko bahitu bakar bat ere ez geldituko". Bahituak etxeratzeko baldintzak "garestiak" izan arren, horren alde egiteko deia luzatu diote Lehen ministroari.

Komunikabideek zabaldutakoaren arabera, bahitu ohien eskaera ez da palestinarren aurkako sarraskia gelditzeko edota giza eskubideen errespetatzeko betebeharrean oinarritu.

Su-etenerako baldintzak ez ditu onartu Israelek

Qatartarren, estatubatuarren eta egiptoarren azken asteetako adierazpenei fidatuz gero, bazirudien su-etena lortzeko bidean zirela Hamas erakundea eta Israelgo Gobernua, baina azkenean ez dute adostasunik lortu. Urtarrilaren 28an bi aldeei luzatu zieten adostasun batera heltzeko proposamena, eta bere aldetik, kontra-proposamen bat egin zien Hamasek. Hamasek jarritako "eldarniozko baldintzak" ez ditu onartu Israelek, ordea.

Ondokoa zekarren bitartekariei helarazitako proposamenak: 135 egun iraungo lukeen su etena indarrean sartzea; bahitu guztiak eta preso palestinar batzuk trukatzea; laguntza humanitarioaren emendioa; Gazaren berreraikuntzaren abiatzea; Israelgo armada zerrendatik ateratzea eta "gerraren behinbetiko bukaerari buruzko zeharkako elkarrizketak" abiatzea. 45 eguneko hiru fasetan aurreikusia zen guztia, hirugarrenaren bukaeran "gerraren bukaerako akordio" bat lortzeko helmuga argiarekin.

Oraindik ere akordio batera heltzeko aukera ikusten du Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak, nahiz eta dioen, "argiki onartezinak" diren puntu batzuk daudela Hamasen proposamenean.

 

1,3 milioi palestinar metaturik dituen Rafah hiria bonbardatzeko mehatxu kaotikoa

Urriak 7aren bezperan baino bost aldiz herritar gehiago daude gaur egun Gazako Rafah hirian, Israelen erasoetatik ihesi. Bertan kokatu dira milaka eta milaka palestinar. Orain, Rafahn metaturiko 1,3 milioi herritarren gainera jaurtiki nahi ditu bonbak Israelek. Yoav Gallant Defentsa ministroak argi utzi du: « Errendizioa edo heriotza; ez dago hirugarren aukerarik. (…) Lurretik erasotzea da Hamas gailentzeko modu bakarra. Rafahn gorderik dauden terroristek ulertu dezatela Khan Yunis, Gaza hiria edota izan garen leku guztietakoek bukatu duten modura bukatuko dutela». Hiri honen aurkako hainbat bonbardaketa burutu ditu jadanik Israelgo armadak, eta dagoeneko hamalau lagun hil ditu, tartean, bost ume. « Israelen genezidio xedea » salatu du Hamas erakundeak.

Kezkati, mehatxua gogor salatu du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ere: Gazan zutik dauden aterpe bakarretan ez dago gehiago lekurik eta Rafahtik ihes eginen duten 1,4 milioientzako ez dago ezer ere. Israelen mehatxua salatzeko adierazpenak egin ditu NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere, eta argi utzi du gatazka eskualde mailara zabaltzeko arriskua emendatuko duela jomuga berri horrek.

11.000 gaixo eta zauritu berehala ebakuatu beharko lirateke Gazan

Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Israelgo erasoaren ondorioz Gazako Zerrendan harrapatuta geratu diren 11.000 gaixo eta zauritu "muturreko egoeran" daude eta berehalako ebakuazioa behar dute, "medikuen laguntza jaso eta euren bizitza salbatzeko".

Ilargi Gorriak jakinarazi duenez, 77 urteko gaixo bat hil da asteazkenean Khan Youniseko ospitale batean oxigenorik ez zuelako.

Ministerioaren arabera, Gaza iparraldeko ospitale batzuk erdizka ari dira lanean, baina hegoaldekoetan denetarik falta da, botikak eta hornidura tarteko. Beste zifra bat ere eman du iturri berberak: 350.000 pertsonak behar dituzte botikak momentu honetan.

Hainbat kontaketaren arabera, 70.000 lagun baino gehiago zauitu ditu Israelen sarraskiak Gazan, baina horietako gutxi batzuri soilik utzi diete Zerrendatik irteten Rafah-ko pasabidetik.

 

Hamasek ontzat eman du beste su-eten bat, palestinar preso guztiak askatzearen truke

Hamas erakundeak bere Telegram kanalean adierazi du Quatar eta Egiptori bere erantzuna eman diela, hauek lehenagotik beste su-eten baterako egindako proposamenaren harira. Bere esanetan, proposamena "erresistentziako alde ezberdinetako" kideekin kontrastatu du eta "iritzi positiboa" jaso du haiengandik.

"Gure herriaren kontrako erasoari amaiera eman, laguntza eta babesa bermatu eta Gazako Zerrendako setioarekin bukatzeaz gain, presoen arteko trukea ekarriko luke", azaldu du, Al Jazeeran irakurri daitekeenez.

Hainbat iturrik zabaldu dutenez, tartean Reuters agentziak eta Libanoko Al Akhbar egunkariak, Hamasek 45 eguneko hiru fasetako su-etena proposatu du erantzun moduan: epe horretan Israelek hilabeteotan preso hartu dituen milaka palestinar trukatuko lituzke bere esku dauden bahituengatik, baita Palestinaren berreraikuntzarako habeak jarri ere.

Hain justu, Hamasen proposamenaren berri jakin da AEBetako estatu idazkari Antony Blinkenek Ekialde Hurbilera beste bidaia bat hasi duen une berean, nahiz eta urtarrila amaieran idatzia izan, Middle East Eye-ren webgunearen arabera.

 

Nikaraguako Hagako auzitegira eramango ditu Alemania, Kanada, Herbehereak eta Erresuma Batua, genozidioaren "konplize" izateagatik

Daniel Ortegaren gobernuak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian eserarazi nahi ditu Kanaka, Erresuma Batua, Herbehereak eta Alemania, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa babesteagatik eta "konplize" izateagatik.

Prentsa ohar batean Nikaraguako Gobernuak azaldu duenez, herrialde horiei eskatu die utzi diezaiotela Israeli armak, munizioa eta bestelako teknologiak emateari: "Tamalez, arma militarren hornidura eta genozidioan erabili daitekeen bestelako laguntza ez dira gelditu", azaldu dute.

Nikaraguako Gobernuak dio herrialde ororen ardura dela genozidioa bat dagoela edo izateko arriskua dagoela jakitean neurriak hartzea: "Genozidioa prebenitzeko betebeharra, hori gertatzeko arriskua dagoenean hasten da".

UNRWA erakundeari funtsak etetea ere kritikatu du Ortegaren exekutiboak. Bere esanetan Erresuma Batua, Kanada, Herbehereak eta Alemania euren ardurei uko egiten ari dira eta Israelek Nazioarteko Zuzenbidearen arauak urratzea errazten ari dira gisa horretan, Palestinako herriari "zigor kolektiboa" eraginda.

Herrialde horien gobernuaei idatziz jakinarazi die egoki iruditzen zaizkion neurriak hartuko dituela, baita Hagako uaiztegira joatzea ere, Nazioarteko Zuzenbidea errespetatu dadin.

Palestinaren alde, otsailaren 7rako lanuzteak deitu dituzte Katalunian

Kataluniako CGT, IAC eta Intersindikalak bi orduko bi lanuzte deitu dituzte Palestinari elkartasuna adierazteko. Palestinako langileen batasunak egin du nazioartera deia, eta beregain hartu dute deialdia. Israelgo Estatua egiten ari den "masakrea" nabarmendu dute prentsa oharrean, eta gogoan hartu dituzte eraildako 27.000 palestinar baino gehiago.

Robert Bonet / El Salto CC

 

Errusiak eta Txinak "erasoak interes propioen arabera handitzea" leporatu diote AEBei

Nazio Batuen Erakundeko estatuen enbaxadek biltzarra egin dute astelehenean, Errusiak urgentziaz eskatuta, AEBek eta Erresuma Batuak Jordaniako eta Yemengo erasoak areagotu dituztela ikusita.

Errusiak ez ezik, Txinak ere gogor hitz egin du AEBen aurka. Etxe Zuria gerra eskalaz igotzearen arriskua areagotzen ari dela seinalatu dute, eta gertakari horiek Bidenen beraren hauteskunde kanpainarekin lotu: "Trump-ekin lehiatu nahi du eta botere eta segurtasun maila bat eman nahian ari da".

100 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek azken 24 orduetan

Gazako hamabi punturi eraso egin dio Israelek astelehenean. Gazako osasun agintarien arabera, 107 pertsona hil eta 143 zauritu dira erasoaldietan azken 24 orduetan.

Zifra orokorrak eguneratu ditu:

  • Urriaren 7az geroztik, 27.585 palestinar erail ditu Israelek.
  • Zaurituak, berriz, 66.978 dira.
Gazako ospital bat nola txikitu duten erakusten duen bideoa

Sheikh Hamad Ospitaleko irudiak dira Qatarreko Al Jazeera hedabideak erakutsi dituenak eta bertan ikus daitezke nola birrindu duten ospitalea handik pasatutako Israelgo soldaduek. Era berean, era guztietako pintaketa iraingarriak utzi dituzte. Israelek ospitaleari eraso egin zion han Hamasen tunel bat zegoela argudiatuta. Al Jazeerak egin duen ikerketaren arabera, ur biltegia da tuneltzat saldu dutena.

Itamar Ben-Gvbir Israelgo ministroa: “Palestinarrak emigratzera animatu behar ditugu”

Hori da eskuin muturreko Israelgo Gobernuko Segurtasun ministroak igande honetan Wall Street Journal egunkari estatubatuarrari emandako elkarrizketan adierazitakoa. Hori litzateke, bere ustez, “egiazko irtenbide humanitarioa”, eta nazioarteko konferentzia antolatu beharko litzateke hori bideratzeko.

Judutar Boterea eskuin muturreko alderdiaren burua da Ben-Gvbir eta elkarrizketan AEBetako lehendakari Joe Bidenen aurkako kritikak egiten ditu haren administrazioa “Israelen gerra ahalegina kaltetzen ari delako”, eta uste du Donald Trumpek “eskuak libreago” utziko lizkiekeela Hamas erreprimitzeko. Wall Street Journal-ek itxita du egunkaria publiko orokorrarentzat eta Ynetnews hedabidetik jaso ditugu elkarrizketaren aipatu osagaiak.

Yair Lapid Israeleko oposizioko buruak gogor kritikatu du Ben-Gvbiren elkarrizketa, Israel nazioartean ahultzen duela eta Israelgo segurtasunaren aurkako mehatxua delako. Benny Gantz kartera gabeko ministro eta Israelgo Armadako buru ohiaren ustez, Benjamin Netanyahu lehen ministroak ordenera deitu beharko luke Ben-Gvbir.

Ben-Gvbir-ek, eskuinean, Joe Biden AEBetako lehendakaria kritikatu du, "eskuak behar bezain libre" uzten ez dizkielako.

 

Israelek Gazako 176.000 etxebizitza hondatu ditu Gazan, The Guardianen arabera

Hori da The Guardian egunkari britainiarrak atera duen ondorioa, satelite irudiak, unibertsitate adituak, argazki agentziak eta kazetarien lanetan oinarrituta egin duen ikerketarekin.

Etxebizitzen suntsiketaren analisiak Corey Scher-ek eta Joamon Van Den Hoek-ek egin dituzte, hurrenez hurren Oregongo Estatuko unibertsitateko eta New York Hiriko unibertsitateko irakasleak. The Guardian-ek, halaber, nekazaritzan eragindako kalteak ere neurtu ditu.

The Guardian-eko ikerketak Gazako hiru auzo zuzenean aztertu ditu eta ikusi du 250 etxebizitza baino gehiagotan kalteak daudela, berdin hamazazpi eskola eta unibertsitatetan, hamasei eskoletan, hiru ospitaletan, hiru hilerritan eta 150 nekazari negutegitan.

Israelek suntsitutako eraikinen mapa. Egilea: The Guardian

Egunkariaren arabera, Gazako suntsiketak 1,9 milioi pertsona beren etxeak utzi behar izatera behartu ditu, eta ondorioz, ezinezko egin du horietako asko beren auzo eta etxeetara itzultzea. Hainbat adituk “domizidio” deitu diote gertaera horri, hots, etxebizitzak apropos suntsitzea leku horiek bizitzeko modukoak izan ez daitezen. Horrela bertako herritarren itzulera saihestuko litzateke. Kontzeptua ez dago oraindik legez onartuta.

Corey Scher eta Jamon Van Den Hoek-en kalkuluetan, 142.900 eta 176.900 eraikin kaltetu izan dituzte urtarrilaren 17ra arte. Haien ustez, horrek zalantza handiak uzten ditu airean gerra ondoren leku horien birgaitzeaz. Londongo Queen Mary unibertsitateko nazioarteko politikako irakasle Martin Cowarden esanetan, Al Zahra, Khan Yunis eta Beit Hanún-en ikus daiteke azpiegitura zibilaren suntsipena orokorra dela, baita eskola, unibertsitate eta merkataritza guneena ere: “Suntsipen horrek zibilak hil eta lekualdatzen ditu, baina horrez gain, leku horiek bizitzeko modukoak diren ideia ere suntsitzen du”.

Metodologia

Satelite irudiak Planet Labsekin hartuta daude nagusiki. Gerraren aurreko irudiak 2023ko maiatzean jaso ziren, eta suntsipena erakusten dutenak urriaren 30ean, abenduren 31n eta 2024ko urtarrilaren 5ean. Irudietako batzuk, halaber, Copernicus Sentinel satelitearenak dira.

Beit Hanún-eko eta palestinar-turkiar adiskidetasunaren ospitaleko bideoak sare sozialetakoak dira, The Guardian-ek egiaztatuta. Autoz hartutako irudiak Reutersek argitaratu zituen, eta beste hainbat irudi Getty eta Associated Press-enak dira. Halaber, bakarrik egiaztatu dute eremu bat kaltetua izan dela, bi kazetarik horrela baietsi ondoren.

NBEko goi mailako zuzendariek UNRWAko laguntza humanitarioa ez etetea eskatu dute

Israelen hainbat estatu aliatuk Palestinako errefuxiatuen laguntzarako UNRWA erakundeari diru-laguntza moztu ondoren, NBEko goi karguek “Gazako herria ez abandonatzeko” eskatu dute.

Israelek UNRWAko hainbat langilek urriaren 7ko Hamasen erasoan parte zutela esanez egindako akusazioak beldurgarriak direla adierazi dute NBEko goi mailako hamalau zuzendarik. Eta azaldu dutenez, “NBEko idazkari nagusiak dioen gisa, terrorismo ekintzetan jardun duen erakunde horretako edozein langilek egindakoaren kontu eman beharko du”.

Dena den, azaldu dute, horrek ezin due eragotzi behar oso larriak dituzten pertsonei laguntza ematea. “Urriaren 7az geroztik milaka pertsona etxerik gabe eta gose larriaren atarian utzi dituzte eta UNRWAk elikagaiak eta babesa eman die, baita erakundeko langileak lekualdatzen eta erailtzen ari ziren unean ere”.

Goi karguen esanetan, hainbat estatuk UNRWAri diru-laguntza eteteko hartutako erabakiak hondamendi humanitarioa ekarriko du, beste inongo erakunderik ez duelako Gazako 2,2 milioi herritarrei laguntza hori bideratzeko ahalmenik. Horregatik, dei egin diete estatu horiei erabakia berraztertzera.

Honako goi mailako agintariek sinatu dute eskaera: Martin Griffiths (OCHA), Jane Backhurst (ICVA), Christian Aid (ICVA), Jamie Munn (ICVA), Amy E. Pope (OIM), Volker Türk (ACNUDH), Paula Gaviria Betancur, Achim Steiner (PNUD), Natalia Kanem (UNFPA), Filippo Grandi (ACNUR), Michal Mlynár (NBE-Habitata), Catherine Russell (UNICEF), Sima Bahous (NBE Emakumeak), Cindy McCain (PMA, elikadura.) Tedros Adhanom Ghebreyesus (WHO-OME).

UNRWAri diru-laguntzak eten dizkioten herrialdeen artean daude AEB, Kanada, Australia, Italia, Erresuma Batua, Alemania, Herbehereak, Suitza, Finlandia, Japonia, Austria eta Frantzia.

Argazkia: UNRWA

 

Hildako 27.000 palestinarren izenak ozen irakurriko dituzte Gasteizko Judimendin

Ekimena sortu berri den Judimendi-Palestina herri ekimenak antolatu du eta ostiral honetan egingo da Judimendiko parkean, Judimendiko eskolaren parean, 16:00etatik 20:000etara. Palestinan gertatzen ari den sarraskiari buruzko informazio mahai bat jarriko dute eta “gertatzen ari den genozidioa” salatzeko, Israelgo armadak hildako milaka pertsonen izenak ozen irakurriko dituzte.

Irakurketa egiteko auzoko taldeekin txandak antolatu dira eta horiek bost minutuero aldatuko dira zeregin horretan. Judimendi Eskola, Angel Ganivet Eskola, Judimendiko Gazte Asanblada, Sumendi elkartea, Batuta, Judimendiko Auzo elkartea eta Judimendiko euskara taldea izango dira horien artean. Ekimenari amaiera emateko arratsaldeko 19:30ean kontzentrazioa egingo dute. Abenduaren 22an gisa bereko ekitaldia antolatu zuen Azpeitian Elkar-Ekin taldeak.

Abenduaren 22an Azpeitian egindako irakurtaldia. (Argazkia: Elkar Ekin)

 

UNRWAren finantzazioa eteteak “ondorio katastrofikoak” izango dituela eta erabakia birpentsatzeko eskatu dute

Errefuxiatu palestinarrak laguntzen dituen UNRWA taldeari finantzazioa etetea erabaki du hainbat herrialdek, eta erabaki horrek Gaza herriarentzat “ondorio katastrofikoak” izango dituela jakinik, taldea berriz diruz hornitu dezatela eskatu dute Nazio Batuen Erakundearen eta gobernuz kanpoko erakundeen bueltako hamabost liderrek.

Argazkia: UNRWA

Hagako auzitegiak ondorioztatu ostean Israel genozidioa egiten ari dela eta eskatu ostean genozidioa saihesteko neurriak har ditzala, Mendebaldeko herrialdeek Israeli ematen dioten babesa birpentsatuko zutela uste zuen hainbatek, baina bestelako norabidea hartu nazioarteko komunitateak: UNRWAri dirua emateari utzi diote hainbat estatuk, Israelen kanpainari kasu eginez. Izan ere, Hamasekin lotu du UNRWA Israelek.

Hainbat liderrek orain atera duten komunikatuan gogoratu dutenez, ez dago beste erakunderik Gazan 2,2 milioi pertsonak berehala behar duten arreta emateko. Hain justu, eraso militarrak bakarrik ez, pasletinar herriak uneotan bizi duen egoera humanitario muturrekoa nabarmendu zuen Hagako auzitegiak, eta palestinar herriaren genozidioan sakontzea baino ez dakar haiei jana eta oinarrizko arreta eman diezaiekeen erakundearen lana eteteak.

Hala, UNRWAren aurkako erabakia hartu duten herrialdeak genozidioaren konplize izaten ari direla dio Middle East East hedabideak asteazken honetan argitaraturiko artikuluak.

30 gorpu aurkitu dituzte Gaza iparraldeko eskola batean

Desplazatuak hartzen zituen Gaza iparraldeko eskola batean, lehen hezkuntzako Khalifa Bin Zayed eskolan, 30 palestinarren gorpuak aurkitu dituzte asteazken honetan, poltsa beltzetan sartuta eta hondakin mendixka baten azpian.

Al Jazeerak eman du berria. Brida bidez lotutako poltsen barruan zeuden gorpuak eta hebreoz idatzitako hitzak zituzten bridek.

Palestinar desplazatuentzako aterpe izan zen eskola, harik eta abendu hasieran indar israeldarrek bonbardatu eta setiatu zuten arte. Bai ospitaleen bai eskolen aurka eraso sistematikoak egiten ari da Israelgo Estatua.

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu:: Gazaren aurkako sarraskia
Asma Mustafa, umeei eskolak ematen jarraitzen duen irakasle palestinarra

Horrorearen erdian, haur palestinarrentzat bizipoza eta arnasa dira Asma Mustafa irakaslearen klaseak. “Haur hauek aterpea, jatekoa eta ura behar dute, baina euren bihotz eta buruek ere zaintza behar dute, batez ere bizi dugun angustia honen pean. Umeek inoiz ez lukete... [+]


Israel ulertu, sionismoa borrokatzeko

Nola eraiki du bere burua Israelek? Zein kontakizun egin du bere historiaz? Nola ulertu bere gerra politika, hamarkadetako palestinarren genozidio kalkulatua, disimulurik gabeko eguneroko ankerkeria, bere agintarien adierazpen mesianikoak, defentsaren izenean etengabe erasoan... [+]


2024-02-16 | Hala Bedi
Sortzaileen bila ari dira Gazan hildakoak omentzeko otsailaren 24an egingo den ekimen herritarrerako

Zapataz bete nahi dute Laudioko Herriko plaza, Israelek azken hilabeteetan eraildako palestinarren omenez.


2024-02-07 | Hala Bedi
[ARGAZKI GALERIA] Palestinaren askatasuna eta Israeli boikota aldarrikatu dute Santiago ospitaleko atarian

Arabako ESI-etako ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen deiari erantzunez, dozenaka langile, erizain eta medikuk elkarretaratzea egin dute astearte eguerdian Gasteizko Santiago ospitalearen parean.


Eguneraketa berriak daude