Rafah bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

Zuzeneko jarraipena
  • 34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko maiatzaren 02an - 12:08
Azken eguneraketa: 15:37
Gakoak
Hezbollahk aireko erasoari ekin dio: Israelen drone bat bota du

Israelen enegarren operazio militarra hasi denetik, lehenbiziko aldiz aireko erasoei ekin die Hezbollahk. Benjamin Netanyahuk "fase berri eta luzea" hasi dela iragarri du, eta talde libanoarrak ere horixe bera erantzunda "fase berria" abiatu du. Orain arte golpe trukaketa apalagoak egin ditu Israelgo tropekin bost kilometro inguruko eremuan.

Israelek Libanoko hainbat eraikin bonbardatu ditu igandean. Hezbollahk droneak erabili ditu Israelen misilak leherrarazteko. Al Jazeerak jaso du informazioa.

Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltza: "Laguntza humanitarioari sarbidea ukatzea gerra krimena izan daiteke"

Egipton eman du prentsaurrekoa Karim Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltzaren buruak. Seinalatu du Israelek eginbehar juridiko eta moral argia duela nazioarteko araudia betetzeko, eta justifikaturik egon behar dutela zibilen kalterako diren erasoek. "Proportzioz jokatzeko printzipioa" ere eskatu dio Israeli.

Gazako ospitalerik handiena den Al Quds ingurua bonbardatzen ari da Israel

Israelgo soldaduen tankeak aurrerantz egiten ari dira Gazan, eta hiriburura heltzetik gertu leudeke nazioarteko prentsaren arabera. Haaretz egunkari israeldarrak jakinarazi duenez, Saladino errepide nagusia hartzera iritsi dira tropa israeldarrak.

Horrez gain, Gazako informatzaileen esanetan, azken orduotan areagotu egin dira Al Quds ospitalearen inguruko erasoak. Gazako ospitalerik handiena da, eta Osasunaren Mundu Erakundeak kezka adierazi du. Al Jazeeraren arabera, Israelek susmoa du ospitalearen azpiko gordelekuetan dagoela Hamasen kupula, eta hor hartzen dituztela erabakiak. Horregatik, Israelek emana du ospitalea ebakuatzeko agindua.

Ospitalean 14.000 palestinar daude babesean, eta 400 zauritu inguru zainketa intentsiboen unitateetan.

Israelek 3.324 haur hil ditu Gazan hiru astetan, urte osoan munduko beste gatazketan hil direnak baino gehiago

Urriaren 7az geroztik, gutxienez 3.324 haur hil ditu Israelek Gazan, eta 36 Zisjordanian. Urte bakarrean ez ziren hainbeste haur hil munduko gatazka armatuetan 2019tik.

Save the Children GKEk eman ditu jakitera datuak. 2022an, munduko 24 herrialdeetan, guztira 2.985 haur hil ziren borroka armatuetan, 2021ean 2.515 eta 2020an, berriz, 2.674 haur 22 herrialdeetan.

"Eskubide urraketak maila bereziki altuan" jazotzen ari direla esan du Jason Lee GKEko bozeramaileak Palestinan, eta su-eten erabatekoa eskatu du.

"Israel fosforozko bonba gero eta gehiago ari da jaurtitzen", dio Gazatik Abu Sittah doktoreak

Gazako biztanle guztiak, larrialdi zerbitzuak barne, argindar eta Internet etenda egon ondoren, Gassan Abu Sittah zirujaua berriro ari da munduari egoera larriaren zehaztasunak zabaltzen ospitaletik. Twitterren azken orduetan ipini dituenen artean, batean dio: "Israeldarrak gero eta gehiago ari dira erabiltzen fosforozko bonbak. Atzo artatu genuen 13 urteko [gaztetxo] bat zangoetan eta izterretan zeuzkanak fosforoaren erredura nabarmenak".

 

Milaka manifestarik Israelen genozidioa salatu dute Bilbon eta Baionan

Milaka lagun mobilizatu dira larunbatez Bilbon, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israelen genozidioa salatzeko. AEB eta Europar Batasuna ere jarri du¡ituzte jomugan, besteak beste "Israel hiltzailea, Europa konplizea" oihukatuta. "Boikot Israel, Palestina askatu/aurrera" ere aldarrikatu zen, baita "Estatu sionista, estatu terrorista" ere. Horrez gain, nazioarteak Israeli zigorrak jartzeko exijitu dute.

Jesusen Bihotza izan da manifestazioaren abiapuntua, eta Bilboko udaletxearen parean amaitu hitzartze eta bertso batzuekin, ordu eta erdi pasatxoko ibilaldi zaratatsuaren ostean. Palestinarren eta arabiarren presentzia handia izan da manifestazioan, batez ere lehen lerroetan; haiek eraman dute jende oldearen aurrean zihoan pankarta –"Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida"–. 

Palestinarekin Elkartasuna ekimeneko bozeramaileek azpimarratu dute Israelen "jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa" bistakoa izaten ari dela Palestinaren aurka.

[Ikus hemen Ecuador Etxeak egindako argazki-bilduma]

Baionan, debekuen gainetik

Prefeturak ostiraleko zein larunbateko mobilizazioak debekatu zituen, Maulen eta Baionan. Hala ere, debekuen gainetik, makina bat lagun manifestatu dira, Poliziaren presentzia handiaren aurrean.

 

Nazio Batuen Erakundeak galdu du komunikazioa Gazan lanean ari diren funtzionario eta beste agentziekin

Nazio Batuen Erakundeak adierazi du kontaktorik gabe geratu dela Gazan lanean ari diren bere funtzionario eta agentziekin, Israelek Gaza inkomunikaturik utzi ostean. Beste hainbeste gertatu zaie Nazioarteko Gurutze Gorria, Osasunerako Mundu Erakundea, Mugarik Gabeko Medikuak, Amnesty International eta beste hainbat agentzia eta GKEri.

 

Internet eta telefono komunikazioak mozturik, Israelen airezko eta lurreko erasoen pean dago Gaza

Israelgo armadak ostiral gauan zabaldu du bere lurreko sarraskia Gazan barrena. Internet eta telefono kanal guztiak mozturik edota apurturik daudela, inoiz baino zailagoa da jasotzea Gazako berri. Argi dena da urriaren 7az geroztik izandako airezko eta lurreko eraso bortitzenen pean daudela herritarrak. Gogorki bonbardatu du Gaza iparraldea, are gehiago emendatuz hildako palestinarren kopurua. Hamasen azken datuen arabera 7.326 dira hildakoak –horietan 3.000 haur baino gehiago–. Al-Jazeera komunikabideko kazetari batek baieztatu duenez, Gaza hegoaldean, zehazkiago Rafah ekialdean ere daude erasoak.

"Berehalako tregoa" eskatu du NBEko biltzar nagusiak, eta Israelei sostengu osoa erakusten dion AEBek ere "pausa humanitario bat" galdetu dute, laguntza humanitarioa eta gasolina Gazara sartu ahal izateko eta elektrizitatea ere konpondu ahal izateko. Turkiako presidente Erdoganek berretsi du bere postura eta Israeli eskatzen dio "bere erokeriatik ateratzea eta erasoen berehala gelditzea". Gaur, larunbata, ehunka manifestazio egingo dira munduan barrena Israelen erasoak salatzeko eta palestindarrei elkartasuna adierazteko. Euskal Herriari dagokionez bi hitzordu nagusi daude: Bilbon eta Baionan –debekatua izanda ere mantendua dena–.

Mauleko eta Baionako Palestinarekin elkartasunezko ekitaldiak debekatu ditu prefetak

Maulekoa ostiral arratsaldean egitekoa da, Mauleko BDZk deituta, Palestinako Sarraskia gelditu! goiburupean. Baionako elkarretaratzea larunbatean da, 17:00etan Baionako tren geltokian, Boikot Israel, Palestina askatu lelopean. Frantziako Estatu osoan ari dira elkartasun ekitaldiak debekatzen. Frantziako Gobernuak prefeten esku utzi du Palestinaren aldeko agerraldiak debekatzea edo baimentzea. Baionako prefeta Julien Chalesen esanetan, debekatutako bilkuretan mezu arrazistak eta antisemitak igorri daitezke, eta horrek ordena publikoaren arriskua dakar.

Urriaren 19an Poliziak Baionan deitutako Palestinarekiko elkartasu manifestazioa galarazi zuen. (Argazkia: Gedar)

 

Israeldarren erdiak armadaren lurreko erasoa atzeratu nahi du

Hori da Maariv egunkari israeldarrak egindako inkestaren ondorio nagusia, Haaretz Israelgo egunkarian irakurri ahal izan dugunez. Zehazki, herritarren %49 operazioa atzeratzearen aldekoa da, %29 berehalakoan egitearen aldekoa, eta beste %22k ez du argi. Maariv egunkariaren esanetan, urriaren 19an egin zuen beste inkesta bat berdina galdetuta, eta orduan %65 lurreko berehalako erasoaren aldekoa zen. Diotenez, bahituekiko ardura gero eta handiagoa da Israeleko gizartean eta horrek eragin du lur erasoa atzeratzearen aldekotasunean. Inkesta 522 israeldar helduei egin zaie eta errore tartea %4,3koa da, egunkariaren arabera.

Gazaren erabateko suntsitzea erakusten duten satelite irudiak

Al Jazeeraren satelite irudi hauetan oso modu nabarmenean ikus daiteke nola geratzen ari den Gaza Israeleko erasoen ondoren.

 

Israelgo tankeak ostegun gauez bigarrengoz sartu dira Gazara
Argazkia: Israelgo Armada

Israelgo Armadaren arabera ostegunean egun argiz sartu ziren lurreko indarrak Gaza hiriko Shujaiya auzora eta Hamaseko dozenaka posiziori eraso egin diote gau osoan. Gero ostiral goizaldean erretiratu egin dira. Aurreko gauean ere berdin jardun zuten. Gazara sar-ateraldiak egiten hasi da armada, besteak beste, Hamaseko indarren erantzuna ikusteko, baina oraindik ez da hainbestetan iragarritako lur eraso handia hasi. Zergatik ez? Hipotesi ugari daude, baina nagusiena ei da armada eta Israelgo Gobernuaren arteko desadostasunak operazioari buruz. Behin sartuta zer, nola jokatu, noiz arte egon, zibilen artean borrokatu beharra, nazioarteko presioak...

Azken finean Israelek adierazi du lur erasoa egiten badu, hori izango dela Hamas betiko suntsitzeko, hori agindu die israeldarrei. Behatzaile askoren arabera, ordea, kalte handia egin diezaioke, baina guztiz desagerraraztea ezinezkoa da. Zalantza ugari eta erantzun zehatz gutxi oraingoz lur erasoari buruz.

Su-etena izan arte Hamasek ez ditu bahituak askatuko
Senideen bahituak haien askatasuna eskatzen ari dira Israelen egunero. (Argazkia: Al Jazeera)

Hori esan zuen Hamaseko ordezkari Abu Hamid-ek taldeak ostegun honetan Errusiara egin duen bisitan, herrialde hartako Kommersant egunkariak jakinarazi duen arabera. Abu Hamidenek esan zuen, halaber, Israelen erasoen ondorioz bahitu horietako 50 hil direla. Israelen arabera, 220 bat dira urriaren 7az geroztik Hamasek bahitutako israeldarrak.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak dio al-Ahli Arab Ospitaleko erasoa ikertu behar dela

Urriaren 17ko gauean izan zen Eliza anglikanoak sostengatzen duen al-Ahli Arab ospitalaren aurkako erasoa eta Palestinako Osasun ministerioaren arabera 500 hildakotik gora izan ziren bertan. Israelek erasoa egin izana ukatu zuen eta Jihad Islamikoa taldearen suziri akasdun bati egotzi zion erasoa. Beste eliza batzuetako arduradunekin egindako agerraldian eliza anglikanoko Gazako artzapezpiku anglikanoak adierazi zuen larunbat, igande eta astelehenean Israelgo Armadak ospitalea husteko agindua eman ziela. Asteartean erasoa etorri zen. Nazioarteko Zigor Auzitegiak (ICC, ingeleseko sigletan) dio egilea edonor izanda ere, erasoa gerra krimena dela eta ikertu behar dela.

Hildako guztien zerrenda atera du Gazako Osasun Ministerioak: 7.276 hildako
Argazkia: AP / Khalil Hamra

Urriaren 7an erasoak hasi zirenetik Gazan Israelek hildako pertsonen zerrenda osoa argitaratu du bertako Osasun Ministerioak: 6.747 pertsona dira, eta horietatik 2.665 umeak dira. Zerrenda horretan ez dira kontuan hartu oraindik identifikatu gabe dauden beste 281 heldu eta 248 ume. Duela bi egun Joe Bidenek zalantzan jarri zuen Gazako agintariak ematen ari ziren hildakoen kopuruak. Israelen esanetan, Hamasek 1.300 hildako eragin ditu egindako erasoetan, baina oraindik ez du haien zerrendarik argitaratu. Bidenek ez ditu zalantzan jarri Israelek emandako kopuruak.

EB ez da gai Israeli su-etena eskatzeko

Europar Batasuneko estatuetako bilkura egin da ostegun honetan Bruselan eta goi-agintariek ezin izan dute adostasuna lortu Israeli su-etena eskatzeko. Antza, hori litzateke Israeli defentsa eskubidea ukatzea, eta hainbat estatu ez daude hori egiteko prest, hala nola Austria eta Alemania. Horren truke, eta gutxieneko adostasun moduan, gerran “geldialdi humanitarioak” egitea eskatu dute, horrela Gazak laguntza humanitario azkarra eta jarraitua izan dezan. Halaber, Hamasi eskatu diote urriaren 7an egindako bahitu guztiak askatzeko.

Hamasen ordezkaritza batekin bildu da Errusiako Gobernua

Errusiako Kanpoko Arazoen Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak eman du bileraren berri. Ostegun honetan batu dira Moskun. RIA Errusiako prentsa agentziak zehaztu duenari segi, ordezkaritzan egon da nazioarteko harremanen ardura duen Hamaseko Abu Marzook.

Horrez gain, egun berean, Irango Kanpoko arazoen ministro-orde Ali Baghiri Kani-rekin ere bildu da Errusiako Gobernua.

Israelen erasoak salatzen ditu Moskuk, eta NBEren Segurtasun Kontseiluan AEBren ebazpenaren aurka bozkatu du urriaren 25ean. Ebazpenak "eten humanitario bat" eskatzea jasotzen zuen, baina Txinak eta Errusiak betoa ezarri diote, ez duelako su etena eskatzen eta Israelen defentsa eskubidea aldarrikatzen duelako. Bere aldetik bigarren ebazpen bat aurkeztu du Errusiak egun berean, baina AEB eta Erresuma Batuek aurka bozkatu dute.

700 kazetarik baino gehiagok sinatu dute informatzeko eskubidea bermatzeko manifestua

Gaza barruan dauden herritarren eta kazetarien segurtasuna bermatzeko exijitu dute nazioarteko ehunka kazetarik, eta informatzeko eskubidea aldarrikatu ere bai, inori ez baitiote uzten barrura sartzen. Horrez gain, giza eskubideak bermatzeko ere eskatu dute.

"Asteburua baino lehen erregaia heldu behar da"

UNRWA Palestinako errefuxiatuen erakundeak "urgentziaz" exijitu ditu laguntza humanitarioko kamioiak. Bereziki erregaia eskatu dute, halakorik ezean ospitaleek eta larrialdi zerbitzuek funtzionatzeari utziko diotelako. Ostegun eguerdian esan duenez, "datozen 24 orduak erabakiorrak izango dira".

Horrez gain, UNRWAk jakinarazi duenez, azken 24 orduetan erakundeko hiru kide hil dira Israelen bonbardaketetan; guztira 38.

BBCri presio egiten ari zaio Sunak lehen ministroa, Hamas "terrorista" gisa izendatzeko

Gerra informatiboa ere gori-gorian dago, eta ez da lehenbiziko aldia BBC hedabide publiko britainiarrari presio egiten diola gobernuak. Arau editorialen arabera, kazetariek ezin dute "terrorista" hitza edonola erabili, eta oro har saihestu egiten dute. Hamasen erasoei buruz informatzerakoan, esaterako, "Hamaseko militante" gisako adierak erabili dituzte.

Rishi Sunak lehen ministroak argi hitz egin du azken orduetan: "Hamaseko kideak terroristak dira eta kitto. Ez dira militanteak; terroristak dira. Gure hedabide nazionalen zeregina da hori horrela dela esatea".

BBCko kazetariek ez dute amore eman, ordea. Orain, "Hamas" esan beharrean, "Gobernuak terrorista gisa definitzen duen Hamas taldea" esaten dute.

Dagoeneko 7.000 hildakoren langa gainditu dute Gazan

Horietatik 3.000 inguru haurrak dira Palestinako agintarien esanetan.

Palestinarrak, “ankerkeria handienak egin dituzten animali inhumanoak”

Dan Gillerman, NBEko Israelgo enbaxadore ohiak Sky News telebista kate britainiarrari egindako adierazpenak dira, eta harrituta agertu zen Gazako egoera humanitarioaz erakusten ari den ardurarekin: “Oso harrituta nago munduan, eta Erresuma Batuan ere, Palestinar herriaz erakusten ari den kezkarekin, haiek, azken finean, mende honetan ankerkeriarik handienak egin dituzten animali inhumanoak direnean. (...) Ez nuen ikusi jendea horren kezkatua talibanekin”.

Ezkerrean Sky News-eko kazetaria eta eskuinean Gillerman.


 

Ehunka bandera palestinar Celtic Atletico de Madrid partidan

Glasgow-ko Celtic futbol taldeko zuzendaritzak esana zuen ez erakusteko banderarik partidan, horren ordez jokalariek besoko beltzak eramatea proposatu zuen. Zale ugarik, baina, uko egin zion ohartarazpenari eta ehunka bandera palestinar erakutsi zituzten, palestinarrei elkartasuna adieraziz. North Curve Celtic taldekoek bultzatu dute ekimena eta klubeko zuzendaritzak atzerriko partidetara joateko zigorra ezarri die. Ikusi beharko da, halaber, Celtic-ek orain UEFAren zigorra jasoko duen.

Al Jazeerako Gazako bulegoko buruaren familia osoa hil dute

Wael al-Dahdouh kazetari beteranoa da Al Jazeerako Gazako bulegoko burua, askoren ustez, hedabide arabiarra Gazan egiten ari den jarraipenaren aurpegia. Israelek asteazkenean egindako aire eraso batean bere emaztea, alaba, semea eta biloba hil zituen, besteak beste.

Dahdouh-k ospitalean bere semearen gorpuaren ondoan egin zizkion adierazpenak Al Jazeerari, negar artean: “Gure seme-alabekin hartzen dute gure aurkako mendekua. “Hori da okupazioaren politika, eta hori da gure hautua eta patua, eta ez gara desbideratuko”. Familiak Gazako hegoaldera jo zuen, senide batzuen etxean babesa hartzera, eta aipatutakoez gain, familia zabaleko beste kide asko ere hil zituzten erasoan.

Israelgo agintariek argi eta garbi adierazi dute ez dutela batere gustuko Al Jazeera gerraz egiten ari den jarraipena, eta gobernua hedabideak Israelen duen bulegoa ixteko lanean ari da, “haren lanak Israelgo segurtasunaren aurka” egiten duelakoan. Middle East Eye-n jarrai daiteke albistea zabalago.

Wael al-Dahdouh bere biloba hila eskuetan duela. (Argazkia: Al Jazeera)

 

Israelgo Gobernuari ez zaizkio gustatu Lifshitz bahituaren adierazpenak

Yocheved Lifshitz Hamasek askatutako 85 urteko emakumeak esan zuen erakunde horrek ongi zaindu dituela, bahitzaileak bezala bizi eta jaten zutela, eta medikuak bizpahiru egunez behin artatzen zituela. Israelgo gobernuak erantzun du adierazpen horiek kalte egiten diotela Israeli, eta aurrerantzean kontrolatuko dutela aske geratzen diren bahituek esaten dutena. Hautsak harrotu ditu, halaber, askatzearen unean emakumeak eskua eman izana Hamaseko kide batek, eta Lifshitzek zera erantzun du: “Mediku batek bi astean zehar artatzen bazaitu, eskua ematen diozu”.

Lifshitz, Tel Aviveko ospital batean emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, bi une bizi izan dituzte bahiketan: bahitu zituztenekoa oso txarra izan zen eta bahitzaileek oso tratu txarra eman zieten, besteak beste bera makil batekin kolpatu zuten; baina ondoren, Gazan beste talde batek artatu zituen eta han tratua zuzena izan zen. RTVEk egindako bideo honetan ikus daiteke Lifshitzen errelatoa.

Israelek bisa ukatuko die NBEko ordezkariei

Antonio Guterresek NBEko idazkari nagusiari egindako adierazpenei erantzunez, Israelek dio ez diela bisarik emango NBEko ordezkariei, eta dagoeneko hori egin du Martin Griffiths NBEko afera humanitarioetarako buruarekin. Israelek Guterresen dimisioa eskatu du, eta hark erantzun du ez duela horrelakorik egingo, eta bere hitzak gaizki interpretatu direla, baina horiek oso argiak izan zirela: “Tinko gaitzetsi ditut urriaren 7an Hamasek Israelen egindako ekintza terrorista beldurgarriak”. Adierazi zuen, halaber, aipatu zituela ere “palestinarrek jasandako bidegabekeriak”, baina horrek ez duela inolaz ere “justifikatzen Hamasen erasoak”.

"Askapenerako talde" gisa definitu du Hamas Turkiako presidenteak

Mendebaldeko estatuek Israeli erakutsitako sostengua "iruzurtzat" jo du Recep Tayyip Erdoganek, gogorki kritikatuz Israelek bideratu Gazako sarraskia: "Hain jarrera krudela duen beste armadarik ez da munduan".

Hamas taldea terroristatzat jotzea ere ez du begi onez ikusten Turkiako presidenteak: "Bere lurren defentsan dabilen askapenerako talde bat da Hamas".

Israelekin egitekoak zituen topaketak ezeztatu ditu. Irailean bildu zen lehen aldikoz Benjamin Netanyahurekin.

 

Israelgo armadak orain arteko sartu-irten ikusgarriena egin du Gazan

Sartu-irten ikusgarria egin du Tsahal Israelgo armadak Gaza iparraldean asteazken gauean. Benjamin Netanyahuk iragarritako lurreko erasoaldia dela uste izan dute lekukoek, baina azkenean atera egin dira bulldozer eta tankeak.

Ez bada ere lehena izan, orain arteko ikusgarriena izan da. Asteazken gauean berretsi du beste behin Benjamin Netanyahuk lurreko erasoaldia egiteko xedea.

Zergatik? Egin dezaketelako

Urriaren 7an Gazako zerrendako erresistentziak aurrekaririk gabeko erasoa egin zuen 1948an Israelek okupatu zituen hegoaldeko kokalekuetan. Ordu gutxitan, milaka kohete jaurti, Gazako ghettoa inguratzen duen hesia birrindu, hainbat hiri israeldarren kontrola euren gain hartu eta hamarnaka kolono hartu zituzten gatibu. Erasoak, bide batez, lotsagarri utzi zuen Israelgo armadaren eta inteligentzia zerbitzuen ustezko hutsezintasuna, eta min handia eman zion estatu sionistaren irudi korporatiboari.

Koldo Alzola Palestinaren aldeko ekintzailearen analisia. Osorik irakurtzeko, sakatu hemen.

Hamasen ordezkaritza batekin bildu da Errusiako Gobernua

Errusiako Kanpoko arazoen ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak eman du bileraren berri. Ostegun honetan batu dira Moskun. RIA Errusiako prentsa agentziak zehaztu duenari segi, ordezkaritzan egon da nazioarteko harremanen ardura duen Hamaseko Abu Marzook.

Horrez gain, egun berean, Irango Kanpoko arazoen ministro-orde Ali Baghiri Kani-rekin ere bildu da Errusiako Gobernua.

Israelen erasoak salatzen ditu Moskuk, eta NBEren Segurtasun Kontseiluan AEBren ebazpenaren aurka bozkatu zuen urriaren 25ean. Ebazpenak "eten humanitario bat" eskatzea jasotzen zuen, eta Txinak eta Errusiak betoa ezarri zioten, ez zuelako su etena eskatzen eta Israelen defentsa eskubidea aldarrikatzen zuelako.

Srebrenicako genozidioan baino palestinar gehiago hil eta desagertu dira egunotan

Palestinarren aurkako sarraskia hasi zenetik, Gazan hildako eta desagertutakoen kopurua Srebrenicako genozidioaren biktimena baino handiagoa da, Euro-Med Monitorren arabera eta Middle East Eyek argitaratu duenez.

Gazan 6.546 pertsona hil dira gaur arte, eta egunean batez beste 700 palestinar hil dituzte. 1.900 desagertu baino gehiago daude. Hildakoen kopuruak gora egingo du suntsitutako etxeen hondakinen azpitik gorpuak atera ahala.

Srebrenicako (Bosnia-Herzegovina) sarraskian, 1995ean, 7.000 eta 8.000 pertsona artean hil eta desagertutzat jo zituzten. 1995eko uztailean Serbiar Errepublikako Armadako Estatu Goreneko Buruzagi Ratko Mladićen agindupean gertatu zen. Srebrenicakoa izan zen, Bigarren Mundu Gerraz geroztik, Europan gertatutako sarraskirik handiena. 2004an, Nazioarteko Epaitegi Kriminalak ebatzi zuen Srebrenicako sarraskia genozidioa izan zela.

Ur edangarririk apenas geratzen da Gazan

Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du Gazan edangarria den urik ez dela geratzen apenas. "Kalkulatzen da uneotan pertsona bakoitzeko hiru litro ur baino ez dagoela erabilgarri. Nazio Batuen Erakundeak esana du gutxienez pertsona bakoitzarentzat eguneko 15 litro ur izatea ezinbestekoa dela, larrialdi humanitario handienetan". Botiletako ura gutxitzen ari da eta prezioa izugarri handitu da; Gazako batez besteko familientzat ezinezkoa da prezio horietan ura erostea.

Oxfamek beldurgarritzat deskribatu du Gazako egoera: "Milioika pertsona kolektiboki zigortzen ari dira, munduaren begiradapean".

Gaur gauean Gazako ospitaleak itxi egin beharko dituztela ohartarazi dute, erregairik jaso ezean

Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen laguntza agentziak egin du oharra: asteazken gau honetan ospitaleek itxi egin beharko dituzte ateak Gazan, erregairik lortzen ez badute. Gazako ospitaleetako sorgailu elektrikoak funtzionatzeari uztear dira, erregai faltagatik. Osasun agintarien esanetan, "osasun sistema bere historiako etaparik okerrenera iritsi da". Baliabide medikuak eta erregaia "lehenbailehen" iritsi dadila eskatu du Palestinako Osasun  Ministerioak.

Egunean 400 ume palestinar baino gehiago hiltzen edo zauritzen ari da Israel, salatu du UNICEFek

Israelek Gazara jaurtitzen dituen bonbak uzten ari diren ondorioak salatu ditu UNICEF erakundeak. "Azken 18 egunetan, Gazak adin txikiko biktima kopuru lazgarria sufritu du: etengabeko erasoek eragindako 2.360 hildako eta 5.364 zauritu jakinarazi dira, alegia egunero 400 haur hil edo zauritzen ari da Israel". Tentsioak baretu ezean eta laguntza humanitarioa ahalbidetu ezean, egunero hildakoen kopurua handitzen joango dela gaineratu du: "Beldurgarria da". Erakundeak egoeraren "horrorea" deskribatu eta ohartarazi du inkubadorek huts eginez gero, ospitaleak itxiz gero, haurrek ur kutsatua edaten jarraituz gero, botiketarako aukera ukatuz gero... esponentzialki handituko dela heriotza kopurua. Laguntza humanitarioa iristea eta bahituak askatzea ahalbidetuko duen premiazko su etena eskatu du UNICEFek: "Gerrek ere arauak dituzte".

Bigarren preso palestinarra hil da Israelgo kartzelan, bi eguneko epean

Arafat Hamdan 25 urteko preso palestinarra asteartean hil da, Ofer-eko espetxean. Igandean atxilotu zuten, Zisjordanian. Israelgo agintarien esanetan, presoa gaizki sentitzen hasi zen eta espetxeko ospitalera eraman zuten. "Han, medikuak bere heriotza baieztatu zuen". Egun bat lehenago, Omar Darghmeh preso palestinarra hil zen espetxean, garbi ez dauden zirkunstantzietan. Hamasek bere kidetzat aitortua zuen Darghmeh.

Urriaren 7tik, atxiloketa masiboen kanpaina martxan du Israelek Zisjordanian.

Hainbat euskal preso politikok baraua egingo dute Palestinarekin elkartasunez

Hainbat presok iragarri du urriaren 27an, ostiralez, barau eguna egingo duela, "herri palestinarrarekiko elkartasunez eta herri zapalduen defentsarako eskubideen zilegitasuna aldarrikatuz". "Emakume zein gizon palestinarrek hamarkadak daramatzate okupazio sionistak eragindako bortizkeria jasaten", diote, eta "Estatu sionista terrorista honek buruturiko politika genozida honen erakusgarri ditugu egun hauetan mundu osoak ikusi ahal izan dituen Gazan emandako sarraski eta izualdiak", salatu dute. Gutuna eta sinatzaileak lotura honetan ikus ditzakezu.

Marco Carnelos, Italiako diplomatiko ohia: "Washingtonek burua galdu du"

Marco Carnelos Italiako diplomatiko ohiak gogor salatu du AEBetako Gobernua Israelgo ankerkerien aurrean izaten ari den jarrera: "Bidenek iruzur egin du, Hamasek Israeli egindako erasoa konparatu duenean Putinek Ukraniari egindakoarekin. Ahaztu zaio aipatzea Israel-Palestina gatazkan, 1967tik, okupatzaile bat (Israel) eta okupatua (palestinar herria) daudela". Carnelosen hitzetan, "Ukrania, Errusiak okupatua, errusiar lurraldeetan errepresaliak hartzen ari da, Moskuraino iritsiz, eta Mendebaldeko demokraziek ez dute zirkinik egin, baina palestinarrek gauza berdina egitea terrorismotzat jotzen da, eta Mendebaldeko gobernuentzat normalak dira Israelen errepresalia neurrigabeak". AEBen posizioa azaltzeko modu bakarra da "jarrera inperialista intransigenteen porrot morala", dio. Midle East Eye hedabiderako idatzi duen iritzi-artikuluan aurki daiteke analisia osorik.

Berehalako su etena eskatu dute Ekialde Ertainean aditu diren 100 sinatzailek baino gehiagok

Tentsioa baretzeko presio egin ordez, Israeli babesa emateak gatazka luzatuko duela ohartarazi dio Mendebaldeari Ekialde Ertainean aditu direnek, gutun irekian. Gutuna oraingoz 133 lagunek sinatu dute eta AEB, Britainia Handia, Kanada, Australia eta Europar Batasunari dago zuzenduta. "Estrategia faltak eta nazioarteko eskubidearen alde presionatzeko porrotak Mendebaldearen posizio moral globala zikintzen du". Berehalako su etena eskatu dute, Israelen eta Gazako talde armatu palestinarren artean. Potentzia handien arteko lehia nagusi den uneotan, klima, segurtasun kolektiboa eta ekonomia gisako erronka partekatuak ditugun uneotan, egoerak zatiketan sakondu baino ez du egiten, diote adituek.

Ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko mahaia abiatu du Eusko Jaurlaritzak

Ekialde Hurbileko eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sailen arteko mahaia sortu du Eusko Jaurlaritzak, eta Iñigo Urkullu lehendakaria da mahai honen burua. Hasierako mintzaldian lehendakariak azaldu duenez, “Ekialde Hurbileko eta Ertaineko egoeraren larritasuna eta Euskadin bereziki dagoen sentsibilizazioa mahai hau sortzeko bezainbesteko pisua duten arrazoi bi dira”. Hiru helburu ditu mahaiak: egoerari jarraipena egiteko eskura dagoen informazioa partekatzea eta baloratzea; krisi humanitarioaren aurrean, “Euskaditik mahaigaineratu ahal diren ekarpenak proposatzea, baloratzea eta hala dagokionean antolatzea, bai Ekialde Hurbil eta Ertainean aurrera eramateko, bai beharrezkoa den kasuetan errefuxiatuei harrera egiteko programetan parte hartzeko”; eta “euskal gizarteari behin-behinean modu negatiboan eragin diezaioketen barruko eragin sozio-ekonomikoak aztertzea”.

“Lehentasunik presazkoena oxigeno humanitarioko eta liskarrik gabeko guneak sortzea da; Gaza barnealderaino korridore humanitarioak finkatzea; bahituak askatzea; eta biztanle zibilen aurkako eraso guztiak amaitzea”, adierazi du Urkulluk. UNRWA Nazio Batuen Errefuxiatu Palestinarrentzako Agentziak 100 milioi euroko funtsak lortzeko egin duen hasierako larrialdi deialdiari erantzunez, Jaurlaritzak abian jarri ditu 500.000 euroko ekarpena helarazteko egin beharreko izapideak.

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Rafah-ko oldarraldia eteteko agindu dio Israeli

Rafah eta Egipto arteko igarobidea irekitzeko ere agindu dio, laguntza humanitarioa sartu dadin. NBEko ikertzaileei sarbidea bermatu beharko die, eta hilabeteko epean epaitegira itzuli beharko du Israelek. Adituen arabera, sionistek ez dute agindua beteko.


2024-05-22 | Mikel Zuloaga
Palestina, maite zaitugu, aske

Titularra beste bat izan zitekeen: “Ez gaitzatela nahastu”, unibertsitatean kanpatzeagatik esaten digutenean Hamas babesten dugula, terroristak, antisemitak edo bortitzak garela leporatzen digutenean, unibertsitatetik kolpeka atera gaituzten arren. Aktibismoa... [+]


Rafah: 4.000 urteko hiriaren zatiketa

Egipto, K.a. 1303. Seti I.a faraoiak Gaza eta Siria inguruan egindako kanpaina militarren berri jaso zuten idazkun batean. Inskripzio horretan lehenengoz aipatu zen Robihwa herria. Egiptoarrek hala esaten zioten, asiriarrek Rafihu, greziarrek eta erromatarrek Raphia eta... [+]


Gazan AEBek eraiki duten portua: laguntza humanitarioa ala baliabide naturalen lapurreta?

AEBek Gaza kostaldeko behin-behineko portua eraikitzen amaitu dute, eta kamioi bakan batzuk sartu dira zerrendan. AEBetako mila soldadu aritu dira eraikuntza lanetan. Okupazioaren tresna izatea leporatu diote eragile ugarik portuari, eta begirada Palestinako kostaldeko baliabide... [+]


Eguneraketa berriak daude