Iran eta aliatuen partetik Israelen aurkako "berehalako eraso masibo batez" ohartarazi dute AEBek

Zuzeneko jarraipena
  • 33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko apirilaren 11n - 12:54
Gakoak
Ali Khamenei Irango aiatolak argi utzi du Israelen erasoari erantzungo diotela.
Gazako lehen ministroaren senideak jomugan hartu eta hil ditu Israelek

Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak jakitera eman du bere hiru seme eta lau biloba hil dituela Israelgo Armadak. Al Jazeera komunikabideak eman du hilketa horien berri. Eid al-Fitr Ramadamaren bukaera ospatzeko festara zihoazen autoz eta jomugan hartu dituzte. Informazioa baieztatu du Israelgo Armadak.

Orotara, bere familiako 60 kide hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik.

Israelen aurkako "berehalako eraso masibo baten" arriskuaren berri eman dute AEBek

Iran eta bere aliatuen partetik Israelen aurkako "berehalako eraso masibo baten" arriskuaren berri eman dute AEBetako informazio zerbitzuek. Galdera ez omen da gertatuko ote den, baizik eta noiz gertatuko den.

Apirilaren 1ean eraso egin zuen Israelek Iranek Sirian duen kontsulatuari, hamasei hildako ondorioztatuz. Orduz geroztik areagotu egin da bi herrien arteko ezinegona. Erasoak "erantzuna" izango duela argitu zuen Ali Khamenei Irango aiatolak ere Eid al-Fitr Ramadamaren bukaera ospatzeko festarako diskurtsoan: "Kontsulatua erasotzea gure lurra erasotzea bezalakoa da. (…) Gogo gaiztoko erregimenak akats bat egin du eta horretarako zigortu behar dugu eta zigortuko dugu". 

Testuinguru horretan, sostengua berretsi egin dio Joe Biden AEBetako presidenteak Israelgo Gobernuari: "Benyamin Netanyahuri erran diodan bezala, Iran eta bere aliatuen mehatxuen parean hautsiezina dago Israelen segurtasunaren aldeko gure konpromisoa. Israel babesteko ahal dugun guztia eginen dugu". Palestina eta Israelen arteko gerra zabaltzeko arriskua handituz doa.

Ali Khamenei Irango aiatolak argi utzi du Israelen erasoari erantzungo diotela.
Netanyahuk dio "eguna eta ordua" prest dituela Rafah hiriaren kontrako erasorako

1,5 milioi errefuxiatu palestinar inguru biltzen dituen Gaza hegoaldeko Rafah hiria begiz jota du Israelgo Gobernuak eta "ez da munduan indarrik geldiaraziko" duenik, azaldu du Benjamín Netanyahu lehen ministroak. Bere hitzetan, eguna eta ordua prest ditu horretarako.

Israelgo Armadak 40.000 oihalezko denda erosi ditu, jende mordoa hiri hartatik botatzeko asmoa duen seinale, baina hegoalderago ez dute ezer, itsasoa eta Egiptoko muga baizik.

Netanyahuk eskuin-muturreko bere bazkideei zuzenduriko mezua izan da Rafahren kontra egingo duen baieztapena, askoren aburuz, eta bere adierazpenen preso da orain. Erretorika horrek urrundu egin du su-eten baterako azken asteotan Hamasekin izandako negoziazioen ondorioz sorturiko aukera.

Nolanahi ere, Al Jazeeraren esanetan, Israelgo defentsa ministro Lloyd Austinek azaldu du oraindik ez dagoela datarik Rafahren kontrako erasorako.

Joe Biden AEBetako presidenteak zuzenean kazetari baten galderei erantzunez esan du Netanyahu "akatsa" egiten ari dela eta su-etena ezartzeko eskatu dio Israeli.

Aste honetan israeldar armada Gaza hegoaldetik erretiratu den arren, bonbardaketek jarraitzen dute eta dozenaka lagun hil dira 24 orduotan, horietako 14 Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan –lau haurrak ziren–, Middle East Eyek jaso duenez. Jadanik 33.000tik gora dira Gazan Israelek hildako palestinarrak.

Gainera, World Central Kitchen GKEren kontrako erasoaren ondoren hitzemandako pasabide humanitarioak apenas ireki ditu; pasa den asteartean hainbat kamioik gurutzatu ahal izan dute muga.

 

1.400 milioi dolar jaso ditu dohaintzan Israelek urriaren 7az geroztik

Israelen Kanpo Harremanetarako Ministerioak eman ditu jakitera datuak, eta Al Jazeera-k jaso du albistean. Diaspora taldeko eledunak honela esan du: "Aurrekaririk gabeko esfortzua da nazioarteko komunitate juduarena". Dohaintzaren erdia AEBetatik bidali da, komunikabide arabiarraren arabera, eta erreferentzia gisa 1967ko Sei Eguneko Gerra ipini dute; orduko hartan baino diru gehiago jaso da.

Israelgo Bankuaren aurreikuspenen arabera, 2025 bukaerarako dohaintza kopurua 55.600 milioi dolarretakoa izango da.

 

Walid Daqqa hil da, Israelen espetxean 38 urte zeramatzan preso palestinarra

Preso eta Preso Ohien Gaietarako Agintaritzak eta Preso Palestinarren Klubak salatu zutenez, Daqqak hainbat krimen jasan zituen espetxean egon zen bitartean, batez ere arduragabekeria medikoa izan dela adierazi du Aljazeerak.

62 urte zituen eta 38 urte zeramatzan preso. 2023an aske utzi behar zuten, baina zigorra luzatu egin zioten, leuzemia izan arren.

Eleberrigile eta ekintzaile palestinarra, minbizia zuena, Israelgo Shamir Osasun Zentroan hil da, Atxilotu eta Gai Ohien Palestinako Batzordearen arabera. 1986ko martxoan atxilotu zuten eta borroka palestinarreko presorik garrantzitsuenetako bat eta zaharrenetakoa zela adierazi du NAIZek.

2023ko apirilaz geroztik, eta osasun egoera ahula zuelarik, hainbat aldiz aldatu zuten espetxetik. Bi hilabete baino gutxiagoan eskuineko birika atera zioten, eta horrek asfixia eta arnas infekzio oso larriak eragin zizkion. Kateterismo bat ere egin zioten. Espetxeetako agintariek segurtasun baldintza zorrotzak dituen ospitale batean tratatua izateko baimena eman zioten. Gainera, torturak jasan zituen eta familia-bisitarik gabe geratu zen, batez ere joan den urriaren 7tik.

Israelgo eskuin muturreko Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben-Gvir Israelgo Espetxe Zerbitzuko arduradunak esan zuen Israel ez zela negarrez ari Daqaaren heriotzagatik, eta "terrorista" gisa aipatu zuen.

Sare sozialetan argitaratutako argitalpen batean, Daqqaren bizitza naturalki amaitu zela esan zuen, eta ez zela terroristentzako heriotza-zigorraren zati bat, ustez hala zelako.

Israelgo Armada Gaza hegoaldetik erretiratu da “etorkizuneko misioak” prestatzeko

Si hilabete pasa dira Israelek azkenengoz Gaza inbaditu zuenetik. Ordutik, 33.000 Palestinar baino gehiago hil ditu, horietatik 14.500 haurrak. Gazako 2.3 milioi biztanleetatik bi milioik hutsi behar izan dituzte bere etxeak, eta milioi bat gosete arrisku bizian dago.

Urte erdia igarota, Israelgo Armadak Gaza hegoaldean zituen lurreko tropa guztiak erretiratu ditu, igandean jakinarazi duenez, eta brigada bakarra utzi du bertan. Brigadak Gaza iparralderako bide ixten du.

Lau hilabetez Khan Yuniseko hegoaldean erasoan aritu ostean, Yoav Gallantek, Israelgo Segurtasun ministroak esan du tropak joan egin direla “berreskuratzeko” eta “etorkizuneko misioak” prestatzeko; horien artean, Rafah inbaditzea. Nazio Batuen Erakundeak iragarri duenez, horrelako eraso bat gerra krimena litzateke ia milioi bat palestinar desplazatu daudelako bertan.

Khan Yuniseko biztanleak beren etxeetara bueltatzen hasi dira, eta "birrinduta" aurkitu dute ingurune osoa, Al Jazzerak jaso duenez.

Israeli armarik ez saltzeko eskatu du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak

Ostiralean, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Israeli armak saltzeari uzteko eskatu du. Kontseiluaren erabakiak ez dira lotesleak eta bitartekorik ez du estatuei adostutakoa betearazteko.

Kontseiluko 47 estatu-kideetatik 28k testuaren alde bozkatu dute, eta seik kontra, tartean AEBek eta Alemaniak. Hamahiru, horietako bat Frantzia, abstenitu dira. Gazako genozidioari buruz Giza Eskubideen Kontseiluak hartu duen lehen erabakia da.

"Zuek guztiok esnatu eta amaitu behar duzue mundu osoan telebistaz zuzenean ikusten ari garen genozidioa, milaka palestinar errugabe hiltzen ari dena", esan du Ibrahim Mohammad Khraishi ordezkari palestinarrak. Israelgo ordezkari Meirav Shaharrek aldiz adierazi du ebazpena babestu duten guztiek "Hamasen alde" bozkatu dutela.

Hasiera batean testuak genozidio gisa definitzen zuen Gazan gertatzen ari dena, baina ostegunean testua aldatu zuten "ahalik eta kide gehien batzeko asmoz". Onartutako testuan Giza eskubideen urraketa eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arau-hauste larriez kezka sakona adierazten da, "gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak barne". Nazioarteko Justizia Gorteak "genozidio-arrisku sinesgarria" dagoela adierazi izana ere jaso du testuak.

Era berean, dokumentuak eskatu du Israelek 1967tik okupatu dituen lurralde palestinarren "okupazioa amaitzea", Jerusalem ekialdea barne, eta "berehala indargabetzea Gazako Zerrendaren gaineko blokeoa eta gainerako zigor kolektibo guztiak".

Ebazpenak estatu guztiei eskatzen die "armak, munizioak eta bestelako ekipo militarrak" Israeli ez saltzea edo ematea, "nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa berriak eta giza eskubideen abusuak eragozteko".

Gaza iparraldeko herritarrak egunean 245 kaloria dauzka bizirauteko

Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundearen datua da: Gaza iparraldeko herritar bakoitzak egunean 245 kaloria dauzka bizirauteko –gizakion behar kalorikoen %12a beraz–. 300.000 bat palestinar dira iparraldean blokeaturik. Testuinguru horretan dio iragan astean debekatu Gaza iparralderako sarrera UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari Israelgo Gobernuak.

Oro har, ez da elikagai nahikorik sartzen Gazara. IPC Integrated Food Security Phase Classification eta UNRWA erakundeen kalkuluei segi egunean 221 kamioi beharko lirateke Gazara sartu, baina errealitatean, soilik 105 kamioi dira bertaratzen. Hori horrela, behar kalorikoen %41 bermatu dezakete.

Gauzak hobetu ezean, "ondoko asteetan" deklaratu dezake "gosete egoera" IPC erakundeak.

Argazkia: Unicef

 

Gobernuz Kanpoko Erakundeak badoaz Gazatik, segurtasun faltaren beldurrez

Gazan boluntario lanetan ari ziren zazpi atzerritar hil ditu Israelek, eta horren eraginez hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek erabaki du bere jarduna etetea edo Gazatik joatea. Ondorio lazgarriak ditu horrek.

Janaria prestatzen eta banatzen duen World Central Kitchen GKEko kideak ziren Israelek hildakoak, eta ondorioz, erakunde horrek eten egin du bere jarduna Gazan. Kontua da atzetik hasi direla beste GKE batzuk ere iragartzen lurraldea utziko dutela, beren boluntarioen segurtasuna ezin dutelako ziurtatu. The Guardian egunkariak Anera eta Project Hope aipatu ditu, Gazan lan egiteari utziko diotenen artean. Lehenengoak errefuxiatuak laguntzen ditu eta bigarrenak osasun laguntza eskaintzen du Gazan.

“Gure jarduna eteteak palestinar herritarrentzat izango dituen ondorio larriak ulertzen ditugun arren, arriskuaren areagotzeak ez digu beste irtenbiderik uzten eta jarduna utzi beharrean gaude, gure boluntarioek konfiantza berreskuratu arte”, dio Anerak, komunikatu batean.

Laguntza humanitario horiek bertan behera uzteak Gazan izango duen eragin lazgarriak kezka handia sortu du. UNRWAk berak nabarmendu du Gazan goseteari aurre egitea erronka itzela izango dela, GKEko boluntarioak bertatik baldin badoaz eta Israelek konboiak erasotzen jarraitzen badu.

Hiru tiroketa egin zituen Israelek

Haaretz hedabide israeldarrak, Defentsako iturriak aipatuz, azpimarratu du drone israeldar batek hiru tiroketa egin zituela World Central Kitchenen konboiaren aurka, ibilgailuak argi eta garbi identifikatuta zeuden arren GKEaren logoarekin. Israelgo agintarien hitzetan, ordea, identifikazio akats batengatik egin zuten tiro zazpi boluntario atzerritarren aurka. Benjamin Netayahu Israelgo lehen ministroak adierazi du gertaera tragikoa izan dela, gerra garaian halakoak pasatzen direla eta ikertzen ari direla gertaturikoa: “Berriro ez pasatzeko ahal dena egingo dugu”.

Gazatarrentzako janaria zeramaten zazpi giza laguntzaile hil ditu Israelek

Gosetea muturrekoa da Palestinan, eta World Central Kitchen giza laguntzako erakundea ari da ehunka mila otordu prestatzen Gaza erdialdean eta hegoaldean dituen 60 sukaldeetan, palestinarrei oinarrizko elikadura ahalbidetzeko asmoz. Baina jarduna eten dute, euren langile ziren zazpi lagun hil baititu Israelgo armadak, ustez segurua zen eremu batetik pasatzen ari zirela. "Gure lanaren etorkizunari buruzko erabakiak hartuko ditugu laster", jakinarazi du WCK erakundeak. Israelen erasoa giza laguntzako erakundeen aurkakoa izan dela azpimarratu du WCK-ko koordinatzaileak, eta gogorarazi du "barkaezina" dela "janaria gerra arma gisa erabiltzea". WCKren logoa zuten autoetan zihoazen zazpi langileak, eta Israelen aire erasoa jasan zuten, Middle East Eye hedabideak jakinarazi duenez.

Nazioarteko hainbat estatu, erakunde eta agintarik gaitzetsi dute Israelen erasoa, tartean hauek: Australia, Zipre, Egipto, Iran, Espainiako Open Arms, NBEko larrialdien arduradun Martin Griffiths, eta Munduko Elikagaien Programako arduradun Cindy McCain. Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagari-k "doluminak" bidali dizkio WCKri, eta esan du gertatutakoa ikertuko dutela.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 196 giza laguntzaile hil ditu Israelek urriaren 7tik.

Israelek airez egin dio eraso WCKeko giza laguntzaileen autoari. / Argazkia: AFP.
Ehunka hilotz utzi ditu Israelek Al-Shifa ospitalean, bi asteko setioaren ondoren

Bi astean dena suntsitu dutela berretsi diote lekukoek Al Jazeerari. Gazako ospitalerik handienean eta inguruko kaleetan "ehunka gorpu" utzi dituzte Israelgo soldaduek, eta eraikinak erabat suntsituta. Hilotzak eta eraikinak erreta topatu dituzte bertaratutako lekukoek.

Gazako Al-Shifa ospitaleko eremua bizitza arrastorik gabe utzi dutela baieztatu du Al Jazeerak. Israelgo armadak bi astez setiatuta izan du Al-Shifa, eta astelehenean iragarri du amaitutzat eman dutela misioa: Hamaseko hainbat borrokalari hil dituztela esan dute militarrek. Martxoaren 18an hasi zuten Gazako ospitalerik handieneko setioa, esanez Hamasen base militarra bertan zegoela. Hamasek ukatu egin du halakorik, eta ziurtatu du osasun zentroak ez direla euren ekintzarako tokiak. Israelek aitzakia hori erabili du behin eta berriro, urriaren 7az geroztik, hainbat ospitale erasotzeko.

Israelgo armadak erabat suntsitu du Gazako handiena zen Al-Shifa ospitalea. Argazkia: Osama Rabii / Anadolu.
Al Jazeera hedabide erreferentea zentsuratu du Israelek

Apirilaren 1ean onartu du Israelgo Parlamentuak 'Al Jazeera legea' deritzona, Qatarko telebista katea zentsuratzeko Israelen. Gazako bonbardaketen eta egoeraren kontaketa zuzena egiten ari da Al Jazeera, eta erreferente da nazioartean, Gazan bertan baititu kazetariak, eta hedabide oso gutxik du aukera hori. Lege berriak ahalbidetzen duenez, kateak ezingo du informaziorik zabaldu Israelen, "estatuko segurtasunari kalte" egiten diola argudiatuta. Debekua 45 egunekoa da, baina luzatzeko aukera du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak X sare sozialean zabaldu du hedabideak "urriaren 7ko sarraskian aktiboki parte hartu" zuela, eta zentsura defendatu du: "Al Jazeera kate terroristak ez du gehiago Israeletik emitituko".

Lege berriak ahalbidetzen du Komunikazio ministroak agintzea "eduki sortzaileek" estatutik ezin emititzea informaziorik, are, agindu dezake Israelen dituzten lantokiak ixtea, webgunea blokeatzea edota materiala atxikitzea.

NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

Ramadanak iraun bitartean “beherealako” su etena ezartzea onartu du Nazio Batuen Erakundeak. Ebazpenak 14 boto jaso ditu, eta kontrakorik ez. Abstentzio bakarra AEBena izan da, lehen aldiz kontra bozkatu ez duena.

Huts egindako lau saiakeren ostean, NBEko Segurtasun Kontseiluak Gazan su-etena eskatzen duen ebazpen bat onartu du. Su etena “berehalakoa” eta “iraunkorra” izatea nahi dute. Hala ere, ebazpenaren arabera, Ramadanak iraun bitartean izanen da su etena. Ramadana martxoaren 11n hasi zen, eta apirilaren 9an amaituko da. Horrez gain, Hamasek bahitutako 130 pertsona askatu beharko ditu eta Israelek laguntza humanitarioa sartzen uzteko oztopo guztiak kendu beharko ditu.

Ebazpenak 14 boto jaso ditu, kontrakorik ez eta abstentzio bakarra, AEBena. Ez ohikoa izan da AEBren jarrera izan ere orain arte beto eskubideaz baliatu  da Israel babesten jarraitzeko. Horrek Israelen haserrea piztu du. Benjamin Netanyahuk, Israelgo Lehen ministroak mehatxatu egin zuen, AEBek betoa erabili ezean, Washingtonera egin behar zuen bidaia bertan behera utziko zuela esanda. NBEren ebazpenaren berri jakin duenean bertan behera utzi du bidaia.

David Hearst: “Adierazle guztiek iragartzen dute porrot estrategikoa Israelentzat”

David Hearsten ustez Israel gogor ari da kolpatzen Hamas, baina hala ere, estrategikoki Israel galtzen ari da. Bera Middle East Eye Ekialde Erdiko gaiak jorratzen dituen hedabideko sortzaileetakoa da eta egungo erredaktore burua.

“Mendebaldeko iritzi publikoaren aldekotasunaren galera, Nazioarteko Justizia Gortean duen genozidio salaketaren auzia, juduen kontsentsuaren haustura, eta Israel sostengatzen dutenen urduritasuna hor dira, eta osagai horiek guztiek adierazten dute Israelen porrot estrategikoa.

Gerra orain geldituko balitz ere, Gaza okupatzeagatik Israelek ordaindu behar izan duena duela bost hilabete irudika zezakeena baino handiagoa izango da. Oraindik, aldiz, ez da horretaz ohartu. Ohartuko da”.

Artikulu osoa hemen.

 

Su-etenaren negoziazioa: zer eskatzen dute Hamasek eta Israelek?

Aspaldi ari dira negoziatzen su-etena Hamas eta Israel, Qatar eta Egiptoren bitartekaritzarekin, baina zer eskatzen du Hamasek eta zer dio Israelek? Al Jazeerak emandako azalpenak ekarri ditugu lerro hauetara.

Qatarreko hiriburu Dohan egiten ari dira negoziazioak eta Hamasek joan den astearen amaieran aurkeztu zien bere proposamena bitartekariei. Palestinarren eskuetan diren 100 bahitu israeldarrak preso palestinarren truke askatuko lirateke; azken hauetako 100 batek bizitza osorako espetxe zigorra dute.

Su-etena hiru fasetan banatuko litzateke, bakoitza 42 egunekoa. Lehenengoan, Israelgo Armada erretiratu beharko litzateke Gazako iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen bi errepide nagusietatik, horrela herritarren itzulera ahalbideratzeko. Palestinarrek lehenbizi bahitutako haurrak eta emakumezkoak askatuko lituzkete, eta trukean 700 eta 1.000 preso palestinar askatuko lituzke Israelek. Hamasek bahituta duen soldadu israeldar emakume baten truke Israelek 50 preso askatu beharko lituzke, eta horietatik 30 bizitza osorako zigorra dutenak eta Hamasek hautatutakoak.

Iragan azaroan astebeteko su-etena sinatu zuten bi aldeek, eta horren ondorioz, Hamasek 80 bahitu palestinar askatu zituen eta Israelek 200 preso palestinar; alabaina, preso horietako asko ostera ere espetxeratu dituzte dagoeneko.

Bigarren fasean, bahitu gehiago askatu baino lehen, su-eten iraunkorra indarrean sartuko litzateke. Hirugarrenean, Israelek Gazako setioa altxatuko luke eta berreraikuntzari ekingo litzaioke.

Israelen esanetan, Hamasen eskaerak “ez dira oso errealistak” eta, dioenez, “Hamas errotik desagerrarazi” behar da. Bere mehatxu nagusia: su-etena aurrera ateratzen ez bada Rafahko inbasioari ekingo diola, horrek ekar dezakeen sarraski handiarekin. Al Jazzerak dioenez, herrialde arabiarrak, laguntza agentziak eta AEBak ez datoz bat Israelen planekin.

Areago, Israel munduko estatu gehienen gaitzespena izaten ari da Gazan egindako erasoengatik: dagoeneko 31.000 pertsonatik gora hil ditu, horien artean 12.300 haur. Azken bost hilabeteetan, munduko gatazka guztietan baino haur gehiago hil ditu Israelek Gazan.

Petrolio konpainiak Israelgo armada hornitzen ari dira, Gaza sarraskitzen jarraitzen duen bitartean

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.

Hori da Oil Change International GKEak ondorioztatu duena, Britania Handiko Data Desk aholkularitza enpresak egindako ikerketa bateko datuak eskuan. The Guardian egunkariak azaldu duenez, aholkularitza horrek satelite bidezko irudiak aztertu ditu petrolio-ontzien kokapena zehazteko, eta portuetako agintaritzek eta ontziolek emandako datuekin erkatu ditu.

2023ko urritik AEBetako Texas estatutik gutxienez hiru petrolio-ontzi iritsi dira Israelgo Ashod eta Haifa birfindegietara, azkenekoa martxoaren 6an. Egun horretan Ashkelongo portuko kaiean ikus liteke itsasontzia. Ordurako Israelen erasoek 30.000 pertsona hil zituzten Gazan.

Irakurri artikulu osoa hemen.

NBEk ohartarazi du maiatza baino lehenago gosetea Gaza iparraldera iritsiko dela

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak txosten bat egin du, eta bertan ateratako datuen arabera laguntza humanitarioa jaso ezean maiatza bitartean gosetea iritsiko da Gaza iparraldera. Txostenean elikadura segurtasuna aztertu dute; hau da, nutrizio beharrak asetzeko eta bizimodu osasuntsua mantentzeko adina elikagai une oro dituzten edo ez. Emaitzen arabera, ez daukate elikadura segurtasuna bermatuta Gazan.

Herritar guztiak "krisi", "larrialdi" edota "katastrofe" egoeran daude. Horien erdia, 1,11 milioi pertsona, uda iristerako "katastrofe" egoeran egon litezke. Zerrendako etxe gehienetan ez dituzte eguneko otordu guztiak egiten, eta gurasoek gutxiago jaten dute haurren elikadura bermatzeko. Gaza hirian are larriagoa da egoera: hamar egun oso jan gabe egon dira familia gehienak; eta bi urtetik beherako haurren herenak malnutrizioa pairatzen du.


 


 

Oxfamek Israeli leporatu dio laguntza humanitarioa “sistematikoki” blokeatzea

Nazioarteko Justizia Gorteak laguntza humanitarioa "handitzea" exijitu duen arren, azken hilabeteetan Israelgo Armadak uko egin dio laguntza humanitariorako material tonak Gazan sartzeari. Oxfam Intermonek salatu du Israel laguntza humanitarioa "sistematikoki" blokeatzen ari dela. Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko Oxfam Intermoneko zuzendaria da Sally Abi Khalil: "Israelek ez ditu bere esku dauden neurri guztiak hartzen genozidioa eragozteko".

Gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin batera, salatu du gobernuak aire eta itsaso bidez bidaltzen ari direla laguntza ez diotelako Israelen blokeoari aurre egiten: "Beste gobernu batzuek Israelen jarrera zalantzan jarri ez izana eta metodo ez hain eraginkorren alde egin izana, alarma-seinale argia da".

Al-Xifa ospitalean sartu da laugarren aldiz Israelgo Armada

Gazako Osasun Ministerioaren arabera hildakoak eta zaurituak eragin ditu Israelgo Armadak Al-Xifa ospitalean egindako operazio militarrak. Hala, ere ez du daturik eman. Joan den urritik lau aldiz sartu da armada erietxean. Hamaseko kideen aurkako erasoa izan dela azaldu du Israelek; eta, gutxienez, 80 pertsona atxilotu dituzte, "terroristak" diren susmoan. Igandean izan zen erasoa.

Al-jazeera hedabidearen arabera, soldadu bat "zibilez jantzita" sartu da ospitalera, eta haren atzetik ibilgailu militarrak, tankeak, droneak eta beste. Osasun Ministerioak salatu du Israelek Gazako osasun sistema "suntsitzen" jarraitu, eta erasoa "justifikatu" nahi duela.

Gazako genozidiora "ez ohitzeko" eskatu dute milaka herritarrek Donostian

250 kulturgiletik gorak egin zuten deialdia “Kulturatik genozidioari stop” manifestaziorako. Milaka lagunek Alderdi Eder eta Haizearen Orrazia arteko ibilbidea bete dute martxoaren 17an. Hainbat esku-hartze artistiko izan dira tartean. Inpakturik handiena, ibilbidean zehar manifestariak lurrean etzanda lortu dute. Drone bidezko irudiek Gazako sarraskiaren irudikapena jaso dute.

Irakurri osorik hemen.

Laguntza humanitarioaren bila joandako 400 pertsonatik gora hil ditu Israelek

Horietako azken erasoa joan den asteartekoa da, Gaza hiriko Kuwaiteko biribilgunean laguntza humanitarioaren zain ziren hainbat pertsonari eraso egin zien Israelgo Armadak, hamaika palestinar hil zituen eta 25etik gora zauritu, Al Shifa ospitaleko iturrien esanetan.

Eraso horietako gogorrena joan den astean gertatu zen Gazan bertan ere, irina zekarren kamioien konboiari eraso egin eta israeldarrek 100dik gora palestinar hil eta ehunka zauritu zituztenean. Aurrerantzean "Irinaren sarraskia" deitu zaio erasoari. Gazako Gobernuko prentsa bulegoaren arabera, jadanik 400dik gora hildako izan dira gisa horretako erasoetan.

 AEBetako armada airez hasi da laguntza botatzen Gazako hainbat lekutan eta, paradoxa gisa, horietako pakete batzuek hainbat pertsona hil dituzte, Gazako Gobernuaren arabera. Laguntza horiek kritika handiak jaso dituzte, AEBek Israelekin duten konplizitatea kontuan hartuta, zurikeria gisa deskribatu direlako.

Irinaren Sarraskia-ren aire irudiak.

 

Hegoafrikak Israelgo Armadan borrokatu diren hegoafrikarrak atxilotuko ditu itzultzen direnean

Naledi Pandor Hegoafrikako Atzerri ministroak egin du iragarpena, eta horren arabera, Israelgo Armadan soldadu gisa aritu diren hegoafrikarrak jazarriko ditu gobernuak haiek Hegoafrikara itzultzean.

Israelgo Segurtasun Legearen arabera, bertako herritar guztiek parte hartu behar dute armadan, baita herritartasun bikoitza dutenek ere, eta berdin atzerrian bizi badira ere. Horregatik, urrian Gazako erasoari ekin zionean, Israelek armadara dei egin zien atzerrian bizi diren bere herritarrei.

Pandor ministroak aste hasieran ANC gobernuko alderdiaren bilkura batean jakinarazi duenez, Hegoafrikako legediak debekatu egiten du bertako herritarrek atzerriko armadetan parte hartzea. “Ez dugu Gazan ematen ari den genozidioa onartzen eta, beraz, Israelgo armadan ari diren gure herritarrak Hegoafrikara itzultzean epaituak izan daitezke”. Horren arabera, Hegoafrikako herritartasuna ere gal dezaketela iragarri du.

Naledi Pandor Hegoafrikako Atzerri ministroa.

 

Espainiak ez du bete Israelera material militarrik ez bidaltzeko agindua

Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du urriaren 7az geroztik blokeatuta duela material militarra Israelera esportatzea. Azaroan munizioa bidali zuela azaleratu zuen, ordea, Eldiario.es-ek. Orain argitaratu du abenduan ere material militarra bidali zela Espainiatik enpresa israeldar batera: hegazkinetako bonbak egonkortzeko gailuak.

Gobernuak erantzun du, batetik, abenduan Israelera bidalitako material hori Filipinetara birbidaltzeko zela, baina birbidalketa horrek ere polemika piztu du, herrialde hartan giza eskubideen urraketak eta inpunitatea orokortuta baitaude. Bestetik, arrazoitu dute esportazio horren lizentzia urriaren 7a baino lehenagokoa zela, baina orduan, urriaren 7 aurretik baimendutako esportazioak egin egingo dira? Izan ere, egunkariak gogoratzen du aurrez emandako baimenak bertan behera utz ditzakeela gobernuak, materiala bakea urratzeko eta tentsioak areagotzeko erabiliko dela aurreikusi badaiteke, eta gobernuak iragarritako arma-blokeoak horretarako aukera ematen du.

Bake eta desarmerako Delás ikerketa zentroko kide Alejandro Pozok deskubritu ditu datuok, eta garbi du berak: “Blokeoa iragarri arren, Espainiak Israelgo enpresekin kolaboratzen eta komertzializatzen jarraitzen du”. Amnistia Internationalek, bere aldetik, adierazi du Israelera material militarra esportatzeko debekuaren barruan egon beharko luketela urriaren 7a baino lehen lizentzia eskuratutakoek ere.

Zipretik abiatu da Open Arms ontzia, bi egunetara Gazara heltzeko asmoz

Otsaila erdialdetik Zipren egonik itxoiten, azkenean Gazarantz abiatu da martxoaren 12 goiz honetan Oper Arms egituraren ontzia, 200 tona jaki dituela bere baitan. Dena aurreikusi bezala joanez gero, itsasontziak bi egun beharko ditu Gazako kostaldera heldu eta laguntza banatzen hasteko. Gazarako laguntza humanitarioa itsasotik bideratuko lukeen lehen ontzia izango litzateke.

Open Arms eta World Central Kitchen Gobernuz kanpoko Erakundeek hilabeteak daramatzate laguntza prestatzen, eta Zipreren, Israelen eta Palestinako Aginte Nazionalaren baimenarekin bideratzen dabiltza itsasontzi bidezko laguntza.

Laguntza itsaso bidez bideratzeko erabakia plazaratu zuten aitzineko astean AEBek eta Europar Batasunak. Urrats hori deitoratu du Nazio Batuen Erakundeak: "Poztu egiten gaitu laguntza beste bide batzuetatik iristeak, jakina, baina ezerk ezin du ordezkatu eskala handiko laguntza lurretik banatzea", azaldu du Stephane Dujarric NBEren idazkari nagusiaren bozeramaileak.

 

Hamas: "Prest gaude negoziazioak edozein modutan jarraitzeko”

Adostasun batera heldu ez arren, negoziatzen segitzeko borondatea du Hamas erakundeak. Postura hori argitu nahi izan du  Ismaïl Haniyeh adar politikoko buruak: "Argi eta garbi diot okupazioak duela akordio batera ez iristeko erantzukizuna, baina negoziazioen jarraipena edozein modutan egiteko prest gaudela erraten dut". Martxoaren 10ean zabalduriko mezua da.

Gazatik ateratzeko, erasoak gelditzeko eta desplazatuei itzultzen uzteko "konpromiso argia" hartuz gero Israelek, orduan bahitu eta presoen arteko trukeari buruzko negoziaketetan "malgutasun" gehiago erakusteko prestutasuna izanen luketela zehaztu du Haniyehek.

Martxoaren 11n abiaturiko Ramadan garaiaren hasierarentzat ez dute su-etenik lortu bi aldeek eta bitartekari lanetan dabiltzan AEBak, Egipto eta Qatar.

 Ismaïl Haniyeh adar politikoko burua.

 

Atxilotutako palestinarrak torturatzen ari da Israel

Elektrokutatuta, armadako txakurren erasoen bidez, exekuzioen itxura eginda... hainbat tortura modu deskribatu dizkiote Israelek atxilotutako palestinarrek Middle East Eye hedabideari, hilabete luzeko atxiloaldien ostean. Besteak beste, gizon batek kontatu du Israelgo armadak atxilotu zuela eskola batean babes hartuta zegoela, familiarekin, eta 42 egunez metalezko kaxa batean sartuta izan dutela, eskuak lotuta eta begiak estalita.

Galdeketetan ere tortura erabili dutela salatu dute zenbait gizonek. Middle East Eyeko kazetariei eman diete testigantza: elektrokutatu egin dituzte, soldaduen txakurrek eraso egin diete, ur hotzez blaitu dituzte, zigarroekin erretzen dituzte... Gainera, loa, janaria eta edaria ere ukatu dizkiete. "Behin eta berriz sinetsarazi didate hilko nintzela", azaldu du atxilotuta edukitako batek.

Torturatuetako batek baieztatu duenez, "ez dute inor barkatzen" Israelgo soldaduek: 14 urteko zein 80 urteko pertsonak dituzte atxilo, eta tratu txarrak ematen dizkiete.

Israelgo armadak atxilotutako palestinarrak, abenduan. / Argazkia: Middle East Eye.
Rafah lurretik inbadituko dute?

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteak daramatza esanez Gaza hegoaldeko Rafah hirian sartuko dela armada, eta airekoaz gain, lurreko erasoa ere abiatuko dutela. Dena den, Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioak ez du espero inbasio hori "berehala" izango denik, Al Jazeerak CNNko iturriak aipatuta ziurtatu duenez. Zera azaldu dute AEBetako gobernuko bi ofizialek: "Ez da ikusi Israelgo Gobernuaren inongo plan humanitariorik edo ebakuazio planik Rafahko zibilen segurtasuna bermatzeko, han operazio militarra hasi aurretik".

Israelen etengabeko erasoek behartu dituzte Gaza hegoaldera mugitzera palestinar gehienak, eta egun, Rafah-n pilatuta daude, Al Jazeeraren azpiko irudian ikusi daitekeenez. Kalkulatzen da Gazako 2,3 milioi biztanleetatik erdia baino gehiago dagoela hegoaldean, eta janari, ur eta medikamendu eskasia handia dute.

Nazioarteko agintariek eta erakundeek ohartarazi diote Netanyahuri Rafah-n operazio militarra egitearen ondorioez, eta ez inbaditzeko exijitu diote, hondamendi humanitarioa izango litzatekeelako. Halere, Israelgo lehen ministroak dio Rafah-n ez sartzea "gerra galtzea" litzatekeela, eta hori ez dela pasako.

Ramadana Israelen bonbapean hasi dute Gazan

Musulmanentzat urteko hilabeterik garrantzitsuena dena hasi da. Ramadaneko baraualdia Israelen erasopean egin behar dute Palestinako musulmanek, eta ohartarazi dute gosete larrian daudela.

Jerusalem ekialdean ere Israelgo indarrek ehunka musulmani eragotzi egin diete ramadana nahi bezala hastea: ukatu egin diete Al-Aqsako meskitara errezatzera sartzea, Wafa berri agentziak esan duenez.

Genozidioa zuritzeko enegarren saiakera: AEBetako armadak Gazan portu bat eraikiko du laguntza humanitarioa sartzeko

Joe Bidenek AEBetako presidenteak iragarri du laguntza humanitarioa eskaintzeko portu bat sortuko duela Gazako mugan. Genozidioa gauzatzeko AEBen rola zuritzeko estrategia dela leporatu diote.

Joe Bidenek iragarri du Gazako palestinarrei laguntza humanitarioa eskaintzeko behin-behineko portu bat sortuko duela Gazako kostaldean. Asmoa da itsasontzien bidez ura, jakiak eta botikak bidaltzea. "Israeldarrekin koordinatuko ditugu lurreko segurtasun baldintzak, eta NBErekin eta GKE humanitarioekin lan egingo dugu Gazako laguntza banatzeko", azaldu du.

AEBetan mobilizazio jendetsuak eta kritika gogorrak dira Bidenen gobernuaren aurka, erakunde sionistari emandako erabateko babesagatik palestinarren aurkako genozidioa burutzeko. Azken asteetan Bidenen gobernua saiatzen ari da bere irudia leuntzen eta Israelen ildo gogorretik amiñi bat aldentzen diskurtsiboki, Israelek zibil “gehiegi” hil dituela edo su-etena negoziatzen ari direla esanda. Baina funtsean, Israelen sarraskia erabat babesten jarraitzen dute. Berriki Washington Post-en ikerketa batek argitaratu duenez, Bidenen administrazioak Israeli 100 arma-salmenta baino gehiago onartu eta entregatu dizkio modu ezkutuan azken bost hilabeteetan, zehaztapen handiko milaka munizio gidatu, diametro txikiko bonbak, bunker-suntsitzaileak, bestelako laguntza hilgarriren artean. Urriaren 7an Israelek erasoa abiarazi zuenetik, Israeli onartutako atzerriko bi salmenta militar baino ez ditu publikoki jakinarazi Bidenen gobernuak.

Gaza iparraldera elikagaiak zeramatzan konboi bat gerarazi du Israelek

Middle East Eyes hedabideak azaldu duenez, otsailalren 20az geroztik ez da iristen elikagairik lurrez Gaza iparraldera, eta asteartean hamalau kamioiko konboi bat harantz bidean zioala Israelgo armadak geldiarazi eta atzera bota zuen. NBEeko Elikadurarako Munduko Programak ere berretsi du gertaturikoa.

Kamioi horiek 200 tona elikagai zeramatzaten iparraldeko eremuetako herritarrentzako. Atzerantz egin ondoren, beste herritar ugarik ibilgailuak asaltatu eta elikagaiak eraman dituzte. Jordaniako armadak, bestalde sei tona elikagai jaurti ditu airetik iparraldeko eremuetan, baina "ez da inondik inora nahikoa" azaldu du Carl Skau Elikadurarako Mundu Programako arduradunak.

Bien bitartean Munduko Osasun Erakundeak (MOE) oharatarazi du Gazako Zerrendako herritarren elikadura egoera "jausi" egin dela eta ez duela "aurrekaririk", nutrizio falta horrek duen azkartasunagatik. Bertan dagoen Ahmed Dahir MOEren misioko zuzendariordeak datu bat ere eman du: azken egunetan gutxienez hamabost haur hil dira ospitaleetan elikadura edo ur faltagatik eta Gazako haurren %16 egoera larrian dago.

Aire defentsari buruzko Hego Amerikako azoka handienean parte hartzea ukatu dio Txilek Israeli
FIDAE Aire eta Espazioaren defentsarako azokaren irudia, Txilen egin ohi da eta munduko handienetakoa da. Argazkia: FIDAE

FIDAE aire eta espazioaren nazioarteko azokan parte hartzea ukatu dio Txilek Israeli, Defentsa Ministerioak astearte arratsaldean ohar bidez jakitera eman duenez.

Hego Amerikan egiten den defentsari buruzko azokarik handiena da, eta munduko handienetakoa. Apirilaren 9 eta 14 artean dira egitekoa eta 40 herrialdek hartuko dute parte, eta besteak beste gerrarako hegazkinen erakustaldiak izango dira

Txileko Gobernuak parte hartzea ukatu dio Israeli, defentsarako munduko industria militar boteretsuenetakoa izan arren. Arrazoi zehatza ez du eman, baina Gabriel Boric presidenteak adierazi du Netanyahuren erantzuna Gazan "neurriz kanpokoa" dela.

Ez da lehen aldia herrialde bati parte hartzea ukatzen diotena. 2022an, Ukrainako gerraren testuinguruan Errusiari ere parte hartzea ukatu zion herrialde anfitrioiak.

2024ko urtarrilean Txilek eta Mexikok Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu diote ikertu ditzala Israel Palestinan egiten ariko litzatekeen "gerra krimen guztiak". Boric presidenteak sarritan salatu du sare sozialetan Israelen jokabidea.

Hego Amerikako herrialde horretan palestinar errefuxiatuen komunitate sendo bat dago XIX. mendetik eta Palestina Estatu "libre, independentea eta burujabe" gisa aitortua du.

Abu Anza: hamar urte haurdun geratzeko, bikiak izan berri eta Israelen bonbek eraila

Rania Abu Anza palestinarrak hamar urte eta hiru in vitro ernalketa behar izan zituen haurdun geratzeko. Duela bost hilabete pasatxo erditu zituen bikiak, eta pasa den larunbatetik iganderako gauean zendu ziren biak, Israelgo Armadaren bonbardaketaren erruz. Haiekin batera, Rafah hegoaldeko eraikin berean bizi ziren hamaika senitartekoak ere hil ziren, eta beste hainbeste desagertu daude. Txiripaz, salbatu den bakarra Abu Anza izan da. Igande eguerdian hitz egin zuen berarekin Associated Press albiste-agentziak.

Genozidioa gelditzeko eskatu du Gernika-Palestinak Guggenheimen

Gernika-Palestina herri ekimenak Bilboko Guggenheimenen egin du protesta larunbatean. Zazpi eguneko Elkartasun Aktiborako Astearen baitan kokatu ditu ekintzak.

Palestinako bandera bat eskegi dute museoaren fatxadan, baita pankarta bat ezarri ere, Genozidioa stop. Free Palestine aldarriduna, Guggenheim ipintzen duen letren gainean.

Palestinako genozidioa salatzeko kultur eragileek manifestaziora deitu dute Donostian

Euskal kulturari lotutako hainbat pertsonak manifestazio nazionalera deitu dute martxoaren 17an, Donostian; 12:30ean abiatuko da Alderdi Ederretik, Haizearen orrazian amaitzeko.

Kulturatik genozidioari stop ekimenak egin du deialdia eta ostegun honetan aurkeztu dute Gazako gertaerei buruzko haien ikuspuntua Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian. Adierazi dute ez dutela ohitu nahi gizatasunaren galeraren eta izuaren normalizazioaren aurrean, eta horregatik antolatuko dutela mobilizazioa.

Gazan Israelek eragin duen sarraskiari buruzko hainbat datu eman dituzte, hala nola, 30.000 pertsonatik gora hil dituztela, hamar minutuero ume bat hil edo zauritzen dutela eta bonbek Gazako eraikinen %56 suntsitu dutela. Baina zenbakiek ez dutela dena azaltzen diote, eta horregatik deitu dutela manifestazioa: batetik, palestinarrekiko elkartasuna erakusteko eta, bestetik, berehalako su-etena eta genozidioaren amaiera eskatzeko.

Salatu dute, halaber, Palestinako egoeraren aurrean “mundu libre eta zibilizatua” erakusten ari den “epelkeria konplizea”, Israelgo soldaduek erasoen eta minaren aurrean iseka egitea eta egoera horietara ezin garela ohitu azpimarratu dute. Israelek palestinarrekin egiten duena bete-betean apartheid-a dela ere azpimarratu dute.

Ruper Ordorika, Olatz Salvador, Alex Ubago, Maddi Oihenart, Ramón Barea, Karra Elejalde, Eneko Sagardoi, Aitziber Garmendia, Bernardo Atxaga, Uxue Alberdi, Montxo Armendariz, Jon Garaño, Fernando Bernués, Jon Maia, Amets Arzalluz, Toti Martinez de Lezea, Gorka Otxoa, Juan Zeberio eta kultur munduko beste dozenaka gizon-emakumek egin dute deialdia.

Janari zain ziren 104 pertsona hil eta 280 zauritu dituzte Gaza hirian

Gaza hiriko Al Rashid kalean gertatu da erasoa goizaldean. Herritarrak laguntza humanitarioa ekartzen zuten kamioien zain zeuden eta 04:30ak aldera iritsi direnean, Israelgo tanke eta hegazkinek eraso egin diete. Ondorioz, Gazako osasun ministerioaren arabera, 104 pertsona hil edo 280tik gora zauritu dituzte, eta kamioietan eraman behar izan dituzte ospitaletara, Israelgo armadak ez baitie utzi osasun zerbitzuei eremura hurbiltzen.

Al Jazeerari ilaran zain zegoen herritar batek jakinarazi dioenez, “kamioiek zekarten irinaren bila joan ginen eta Israelgo Armadak tiro egin zuen gure aurka. Martir ugari dago lurrean eta orain ari gara erretiratzen, ez baitago lehen sorospenik”.

Laguntza humanitarioaren zain dauden taldeen aurkako erasoetako bat gehiago da honakoa. Azken egunotan Salah al-Din kalean zegoen beste herritar talde handi baten aurkako erasoa egin zuen Israelgo armadak hildako eta zauritu ugari eraginda.

Gazako palestinarrek gero eta zailtasun handiagoak dituzte laguntza humanitarioa eskuratzeko.

 

Europako Legebiltzarrak “berehalako” su-etena eskatu du Gazan

Ezkerra taldeak eskatuta hartu du ebazpena asteazken honetan Europako Legebiltzarrak. Lehen aldia da horrelako eskaera bat egiten duela Israelen inbasioa hasi zenetik. Horrekin batera eskatzen du Gazako herritar guztiek izan dezatela laguntza humanitarioa eskuratzeko aukera. Alde horretatik, legebiltzarrak aitortzen du UNRWA errefuxiatu palestinarrez arduratzen den erakundeak egiten duen lana, eta eskatu die hari bideratuko laguntza eten duten estatuei laguntza berrezar dezaten.

Iragan urrian landu zuen lehenbiziz gaia Europako Legebiltzarrak eta orduan laguntza humanitarioa emateko eten armatua eskatu zien aldeei. Urtarrilean ostera, su-etenaren alde egin zuen, baina baldin eta Hamasek bahituak askatzen bazituen. Eta oraingoan, su-eten “iraunkor” eta “berehalakoa” eskatu du.

Israel Veneziako Bienaletik kanporatzeko eskatu dute 12.500 artistek

“Nazioarteko erakusleihoetan Israelek duen edozelako ordezkaritza, Gazan hark dituen politiken eta genozidioaren onarpena da”, diote milaka artistek sinatutako agiriak. Hori dela eta ekimena bultzatu duen kolektbikoak, Italiako Gobernuari eskatu dio Israel Veneziako Bienaletik kanporatzeko.

Gennaro Sangiuliano Italiako Gobernuko Kultura ministroak erantzun die eskaera “lotsagarria” eta “onartezina” dela, Israelek “bere burua defendatzeko eskubidea duelako”, eta “pentsamendu eta sormen askatasunari mehatxu” egiten diola.

Eskaera sinatu duten artistek gogoratu dute, aldiz, duela bi urte Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, bienalak ez ziola utzi parte hartzen Errusiako Gobernuari, eta orduan bezala, orain Israelekin berdin egin dezala eskatu dute.

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
2024-04-15 | Axier Lopez
Iranen erasoa Israelen aurka
Gerra gehiago, hipokrisia handiagoa


"Sionistek palestinarrak erreserba batzuetan edo beren lurretatik kanpo nahi dituzte"

Maulen eta Baionan egon berri da Pierre Stambul, Palestinaren alde dabiltzan kolektiboek gomitaturik. Judu laikoa eta nazien genozidioa hurbiletik ezaguturikoa da, bere amaren alde guztia deuseztatu zutelako. Erresistente komunistak zituen gurasoak, aita Manouchian talde... [+]


Mediku israeldarraren salaketa:
"Ospitalean preso palestinarrak esku eta hankak lotuta eta begiak estalita dituzte egun osoan"

Israelgo mediku batek akusazio larriak egin ditu bertako gerra ospitale batean palestinarrei ematen dieten tratua dela eta: hanka eta eskuak esposatuta dituzte, anputazioak jasaten dituzte, pixoihaletan egiten dituzte haien eginkariak, eta lastotxo batekin elikatzen dituzte.


Pierre Stambul
"Sionistek palestinarrak nahi dituzte AEBetako amerindioen gisara, erreserba batzuetan edo beren lurretatik kanpo"

Maulen eta Baionan egon berri da Pierre Stambul, Palestinaren alde dabiltzan kolektiboek gomitaturik. Judu laikoa eta nazien genozidioa hurbiletik ezaguturikoa da, bere amaren alde guztia sarraskitu zutelako. Erresistente komunistak zituen gurasoak, aita Manouchian talde... [+]


Eguneraketa berriak daude