Israelek gutxienez bost pertsona hil ditu Libanon, eta 21 Gazan

  • Beirut hegoaldean egindako erasoan Hezbollah erakundeko Estatu Nagusiko buru Haytham Ali Tabatabai hil du Israelgo Armadak. Libanoko osasun iturriek jakinarazi dute gutxienez beste bost pertsona hil direla, eta 30 bat zauritu. Bestetik, Gazan ere egin du eraso Israelek; Gazako Osasun Ministerioak igandean emandako datuen arabera, 24 orduan 21 palestinar hil ditu, eta 83 zauritu.


2025eko azaroaren 24an - 09:33
Beiruteko Haret Hreik auzoan egin du eraso Israelek. IBRAHIM AMRO / AFP
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pasa den asteartean Libanoko Sidon hiriko palestinar errefuxiatuen kanpamentuari egin zion eraso Israelgo armadak, eta hamahiru pertsona hil zituen. Aldi horretan, Hamas erakundearen entrenamendu gune baten aitzakia erabili zuen Tsahal armadak. Lekukoen arabera, ordea, zibilak hartu ditu Israelek jo-mugan. Libanon 222.000 errefuxiatu palestinar inguru bizi dira, NBEren arabera, eta horietatik gehienak kanpalekuetan bizirauten ari dira aspalditik.

Israel, gainera, Libano hegoaldeari eraso egiten segitzeko intentzioarekin zebilela genioen. Deir Kifa eta Shuhur herrietako herritarrei abisua luzatu zien: "Hezbollahren azpi-egitura terroristak jo-mugan harturik", eraso eginen die, beraz hobe handik alde egitea. Armadak mehatxua bete du, eta Beirut hegoaldean egindako erasoan bost pertsona hil ditu, Hezbollahko Estatu Nagusiko burua tartean, armadak berak baieztatu duenez. Armadak adierazi du 1980ko hamarkadan sartu zela Ali Tabatabai erakunde "terrorista" horretan, eta 2008an sortu zen Radwan unitateko burua izan zela, besteak beste.

Hamasek salatu du su-eten akordioa "sistematikoki" urratzen ari dela Israel

Azken orduetan, bestalde, Gazan ere hainbat eraso egin ditu Israelek. Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 21 palestinar hil dituzte 24 orduan, eta 83 zauritu. Urriaren 11n su-etena indarrean jarri zenetik, 339 palestinar hil dituzte, ministerioak jakinarazi duenez. Eta, 2003ko urriaren 7az geroztik, ia 70.000.

Israelgo armadak azaldu du Hamaseko milizien aurkako erasoak izan direla. Benjamin Netanyahu lehen ministroak, hain justu, su-etena hautsi izana leporatu dio Hamasi, eta "horren arabera" ari direla jokatzen. Hamasek, aldiz, "su-eten akordioaren urraketa sistematiko sionistak" salatu ditu, eta gaineratu du Gazako su-etena hausteko arrisku handia dagoela, "asmaturiko aitzakiekin egindako sarekada eta hilketen ondorioz".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

2025eko azaroaren 19
51.396

Eguneraketa berriak daude