Ofizialtasuna behar duten gauza asko daude. Asteburuan, semearekin joan nintzen San Mamesera euskal selekzioa eta Palestina babestera. Berak ere sentitzea nahi nuen estadio baten dardara, bi herrien libre bizi-nahia, injustiziaren kontrako oihua.
Hunkitu egin nintzen San Mamesera sartzean, gu bezala beste 50.000 lagun joan ginela ikustean, ikurrinak eta palestinar banderak aldean, “Palestina askatu” eta “Israeli boikot” oihukatuz. Zirrara batek hartu ninduen partidaren aurretik Eñaut Elorrieta kantuan hasi zenean, Izaro Andresek aho batez egin zionean oihartzun, musikari eta ahots palestinarrekin batera. Semeak orain badaki Nafarroako bandera zein den, jende askok oihukatzen duela borroka dela bide bakarra, eta behin eta berriz, estadio osoak dantzatu zuela “espainola da, salto egiten ez duena”. Palkokoek izan ezik. Palkokoek beti dituzte oinak lotuta. Hori ere ikasi zuen. Eta ikusi zuen nola kantatzen dugun Txoria txori, eta "mendi tontor gainera igo behar” dugula, “hain ederra, hain polita da eta, gora! Gora! Euskal Herria!”. Elkarrekin olatu erraldoi bat egin izana ere ikusgarria izan zen. Palkokoek izan ezik. Palkokoek ez dute gehiegi busti nahi izaten inoiz.
Besoetan izan nuen semea ia denbora osoan. Hain nengoen emozionatuta, gure ereserki autonomikoarekin ere hunkitu egin nintzela. Benetan. Jende guztia zutik, sinistuta guk ere izango dugula selekzio bat jokoan noizbait, gurea ere posible dela, gu ere bagarela herri. Minutu bateko isilunea etorri zen gero, genozidioan hildako guztien omenez. Arnas bilakatu ginen une batez. Hain izan zen isiltasuna bortitza, negar egin nahi izan nuela, askatu nahi izan nituela barruko korapiloak. Baina, ezin izan nuen. Aita batek inoiz ez duelako negarrik egiten. Gure aitak gure aurrean ez zuen egin inoiz; nik ere ez dakit nola egin. Eta, orduan, ulertu nuen ofizialtasuna ez dugula euskal selekzioarentzat soilik lortu behar, igo behar dugun mendi tontor bakarra ez dela hori. Ofizialtasuna behar duten sentimendu asko ere badauzkagula. Nire semeak bere seme-alaben aurrean, aske negar egin ahal izan dezan. Noizbait.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.