ARGIA.eus

2020ko urriaren 28a

Txinaren hiru hilabeteko geldialdiak mundu osoko ekonomia nola kaltetu dezakeen

  • Covid-19 koronabirusaren eraginek osasun alorretik ekonomia eta finantzetara ere egin dute jauzi, azken egunetan mundu osoko burtsek nozitu duten gainbeherak nabarmenki erakutsi duenez. Zenbait aditu hasi da ohartarazten 2008ko krisitzarraren pareko astindua ekar dezakeela.  Burtsa eta finantzetatik aurrerago, Gail Tverbergek aurreikuspen ilunak egin ditu ekonomia guztiarentzako, mundu osoko enpresen ekoizpen kateetan Txinak gaur egun daukan garrantziagatik. 

Gail Tverberg @gailtheactuary
2020ko martxoaren 02a
Langileak osagai elektronikoen ekoizpen kate batean Txinan egunotan. (Argazkia: Xinhua)

Txinaren hiru hilabeteko geldialdiak mundu osoko ekonomia kaltetuko du. Hona okerrera egin dezaketen zenbait gauza:

a.- Lehengaien prezioek behera egin dezakete Txinaren eskaria ahultzeagatik. Zehazki petrolioa gogor merketu daiteke, behar bada upeleko 30 edo 35 dolar artio. Txinak olio eskaria gutxitzeaz gain, [mundu osoan] bidai luzeak asko urritzearen gaia dago, jendea beldur izango delako Covid-19a eduki dezaketen beste batzuen artean bidaiatzeko.

b.- AEBetako enpresek, Apple berak esaterako, bere hornidura katea eteten ikusiko dute. Ez dute jakingo noiz zerbitzatu ahalko dituzten produktuak, ezta egin ahal izango duten ere.

c.- Zorrengatiko kiebrak ugaritu daitezke, batik bat Txinan. Zenbat eta gehiago luzatu geldialdia, orduan eta aukera handiagoak zorrengatiko kiebrak munduan zehar hedatzeko.

d.- Munduko ekonomia atzeraldian sartu daiteke, hartatik berriro ateratzeko aukera errazik gabe.

Zenbat eta gehiago luzatu geldialdia, orduan eta aukera handiagoak Txinaren ekonomiak kolapso handi bat nozitzeko

Geldialdiak luze irauten badu, orduan oso posible da lider berri batek hartzea agintea Txinan, hori gutxienez. Eta ekonomia barruan aldaketa handiak gerta daitezke. Esate baterako, ekonomia berriro abian jartzeko gai diren Txinako probintziak saiatuko dira berriro martxan jartzen, gehiago kaltetutako probintziak atzean utzita. Horrela gertatuko balitz, Txinako gobernu batekin bakarrik ez, administrazio bat baino gehiagorekin negoziatu beharko litzateke aurrerantzean. Eta aurrerantzean Txinak orain arte baino produktu askoz gutxiago eskaini ahal izango dizkio munduari.

Mundu osoko planifikatzaileen erruz, “otar bakarrean arrautza gehiegi” jarri ditugu

Planifikatzaileek gaur egun efizientziari erreparatzen diote. Adibidez, munduko industriaren parte handi bat Txinan kokatzea efizientzia aldetik aukera ona dela dirudi. Zoritxarrez, horrela arazo bila gabiltza Txinak bidean oztopo batekin talka egiten baldin badu. Hornidura katean just-in-time (dena berehala) eredua erabiltzeak ere ideia ona dirudi, baina hornitzaile nagusi bat gelditzen bada luzaz osagaiak bidali ezinean, orduan agertzen da eskueran biltegi bat edukitzea aukera hobeagoa izango zela.

Sistema iraunkor edo jasangarriak nahi baldin baditugu, bikoizketa asko behar dute. Sistema bikoiztuak (redundant systems) ez dira hain efizienteak, baina garai zailetan iraunkorragoak izateko aukera askoz handiagoak dituzte. Nature aldizkariak artikulu batean hau aipatzen zuen berrikitan. Beste gauzen artean esaten zuen:

“Ziklo bakarra daukan sistema bat ezegonkorragoa da, zikloen nodo edo loturak ezabatzeak eten egiten duelako iraunkortasunaren feedback mekanismoa”

Ziklo bakarra daukan sistema da gutxi gora behera gure arrautza guztiak saski bakarrean jartzea esatea bezala. Zikloen nodo edo loturak ezabatzea izan daiteke Txina koronabirusaren arazoetan erortzearen antzekoa. Ziurrenik, guk behar dugun mundu-ekonomiak oinarritu behar du lekuko ekonomia ia bereizi askotan, baldin eta segurtatu nahi badugu munduko ekonomiaren epe luzerako egonkortasuna. Edo bestela, gure sistemak eraiki behar ditugu bikoizketa maila handi batekin. Esate baterako, biltegietan erreserba handiak beharko ditugu lanean jarraitu ahal izateko herrialde batek bere osagaiak bidaltzen ez badizkigu ere, kasu honetan epidemia handi bat den arazo batengatik.

Ondorioa

Munduko ekonomia oso ezberdin bihurtu daiteke Covid-19aren eraginez. Birus berriak ez dauka ezta zuzenean munduko beste herrialdeak harrapatu beharrik ere arazoa sortzeko. AEBak, Europa eta munduko gainerako herrialdeak Txinak funtzionatzen jarraitzearen oso mende daude. Munduko ekonomiak arrautza gehiago jarri ditu saski bakar batean eta orain saskia ez da lanean ari espero bezala.

Gaur egun Txinak ekoizten duenez munduko merkatuek behar duten edozer, munduko gainerako guztiak bat-batean ohartuko dira hornidura kate luzeok ez zirela hain ideia ona. Arrapalada handia hasiko da hornidura kateetan huts egindako osagaien lekua hartzeko, baina produktu asko ez dira hain eskuragarri suertatuko aurrerantzean. Laster ohartu beharko dugu zenbateraino geunden Txinaren mende edozer gauza eskuratzeko, oinetakoak bezala automobilak edo altzariak edo elektronika. Munduko karbono dioxido isurketak nabarmen jaitsiko dira Txinaren arazoengatik, baina horrekin batera iritsiko diren arazoak gainditu ahal izango ote ditu munduko ekonomiak?

Bada gauza ironiko bat honetan eta zera da, posible dela Mendebaldeak esajeratu izana koronabirus berriarekiko beldurra: oraingoz ez dugu ezagutzen benetan zein eragin edukiko duen Europa edo Afrikako jatorriko jendeen artean. Datozen aste eta hilabeteetan ziurrenik asko ikasiko dugu. Adibidez, nola eboluzionatuko dute turismo-itsasontzietan Covid-19 harrapatu duten amerikar eta australiarrek? Zein ondorio jasango dituzte Wuhandik beren sorterrietara hegaldi berezietan etxeratu dituzten jende ez-asiarrek?

Gail Tverberg aktuarioa da (ingelesez actuary), hau da, enpresen alorrean arriskuen eta ziurgabetasunen neurketa egiten berezitutako profesionala. Our Finite World (Gure mundu mugatua) blogean luze-zabal lantzen ditu petrolio eta gasaren urritzeak, uraren urritzeak, klimaren aldaketak eta bestek ekonomian dakartzaten ondorioak. Oraingoan ARGIArako pasarte batzuk euskaratu ditugu otsailaren 18an plazaratu zuen "Easily overlooked issues regarding COVID-19" ("Covid-19ari dagokionean arreta gutxiegi ipini zaien arazo batzuk") artikulutik. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude