Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Lurzorua eta lurra adiera berdinak ote diren begiratu dut hiztegian, desberdin erabiltzen ditugulako. Erdarazko suelo eta tierra, hurrenez hurren. Ematen du lurzoruan gertatzen dena gizakiari dagokiola eta lurrarena erreinu begetalari, baina lurzorua lurra ere bada.

Lorezainaren sentsibilitatea bagenu, jakingo genuke oinekin zapaltzen dugunaren azpitik mundu bizi aberats bat dagoela. Lurra entitate bizia baita. Lurrak barne egitura konplexua du, mikroorganismo askoren bizileku, denboran zehar “egiten” joan den lurrazpi bat, txup txup egiten duen lapiko baten antzera, astiro eta bere eboluzio prozesuekin.

Lurraren osasunari erreparatuz gero, eraikinen sotoak lortzeko (aparkalekuak eta trastelekuak irabazteko) eragiten ditugun lur mugimenduak barbaridade bat dira. Hondeatzaile batek lur eskukada bat hartzen duenean, urte askotan ontzen joan den sisteman puskaketa handi bat eragiten ari da. Azal batean, zauri bat. Ondoren, lurra lekuz mugitzen dugunean beste lur pila baten gainean kokatuz, bigarrengo desastrea burutzen dugu. Lurraren barne egituraketa desordenatzen gabiltza, emankortasuna itoz. Badago lurra onbideratzeko aukera, eragindako mina konpentsatzeko, baina horretarako lehenik burutu dugun sarraskiaren jabetza izan behar dugu. Ezjakinaren baldartasunaren ondorio latza.

Landare inbasore edo exotiko eufemismoarekin, lur bazterretan ateratzen diren landareen kontrako guda irekia dago, ez ditugu lurzoruan nahi. Izendapenak dio: kanpotik etorritako landareak akabatu behar ditugu, gure lekua hartzen ari direlako. Iruzurra desmuntatu behar da: landare espezie rustikoek eraikuntzak pobretu ditugun lurretan bizileku egiten dute gutxirekin bizitzeko gai direlako, eta horrela lurra onuratzen dute. Beraien presentziak deserosotasuna sortzen dute, seinalatzen ari baitira lurrari eragindako barrabaskeria, eta gure kontroletik kanpo dagoen bizitoki batean leku hartu dutelako. Izatekotan, landareak lurra lurzoru denean egiten dugunaren adierazle dira. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude