Bokaziozko lanbideek misio bat suposatzen dute

  • Lanarteak Kultura eta ezkultura liburua aurkeztu zuen ostegun goizean. Elkartearen sortzaileetako batek, Koldo Izagirrek, hitzaldi hauxe egin zuen aurkezpenean.


2025eko azaroaren 28an - 09:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bokaziozko lanbideek misio bat suposatzen dute.

Langile artistikoa gizarteari zerbitzua egiteko dago, dena eman behar du komunitatearen onerako, eta irabazi asmorik gabe. Izan ere, misioa, gizarteak ematen dion kapital sinbolikoaren truke baita.

Jarduera artistikoa, oro har, indibidualtasunaren eta subjektibotasunaren eremu pribilegiatutzat hartzen da. Artelaneko langilearen pertsonalizazioa araurik gabeko lanbidearen ekarpena da: ez da burokraziaren multzokoa, ez da bizi errutinaren menpe, harro ageri da bere lanaz, jarrera kritikoak erakusten ditu, eta abar, eta abar. Araurik eza da kapital sinbolikoa ematen diona artistari. Zehazki bere izenari, ez bere obrari. Eta artistak ezin du bizi sinbolismotik. 

Bokaziozko lanbideak berezi samarrak izaten dira. Herrialde garatuetako estatistika guziek berresten dute, gaur egun, artistak, gehien-gehienetan, ez direla bizitzen ahal bere lanetik.

Eta hala ere, estatistika guztiek berresten dute herrialde garatu horietan etengabe hazten ari dela artisten kopurua, gaurdaino behintzat.  

Aurten, urtarrilaren 20an, Etxe Zurira heldu zen egunean, Trump presidenteak dekretu bat asmatu zuen aniztasun, ekitate eta inklusio programei akabantza emateko. Martxoaren 27an beste dekretu bat argitaratu zuen Smithsonian Institutionetik eta Zoo Nazionalaren museotik ideologia desegokia, zatiketarako bidea eta antiamerikartasuna suntsitzeko.

Trumpek ez daki, gizajoak, artista langilearen bokazioa bere baitan eten gabe egosten ari den premia baten ondorioa dela.

Oiartzungo liburutegiko sarreran plaka bat dago Contxa Murgia Egañaren omenez. Contxa Murgia Galiziara joan edo eraman zuten gerratik ihesi, eta hantxe ezkondu zen Juan Martinez zeritzan botikario batekin. Lehen semea Manuel izan zuten, eta amaren abizena eman zioten. Horra hemen Galiziar euskotarra. 

Aitzindariak. (Los Precursores). Mila zortziehun eta laurogeita sei. Coruña. Hala dio Manuel Murgiak bere liburuan:

"Arrazoiarekin edo gabe, arnasa hartu nuenetik bizi du nire baitan —erokeri edo posibilitate— sentimendua eta irrika. Sentimenduok utzi gabe, urteek eta eskarmentuek eraldatu egin dizkidate. Alabaina, sentimen horri, nire bizitza osoko asmo horri, ez diot inoiz hutsik egin. Gaztetako itxaropenen egunetan bezain leiala natzaio. Beldurrik ez duen eta gezurrik esaten ez den lurralde hartakoa baitzen, amak gure sorterriarekiko maitasuna eman zidan bere odolaz betirako. Ezaguna da euskaldunek beren herriari dioten maitasun handia: maitasun noble eta ezaugarri berezi horren gorespenez bereizten dira beste guztien artean. Espainiako mugetan finkaturik, antzinako euskal familiaren erdigune eta bihotza dira, eta bertute horrek beren herriarekiko, beren gizartearekiko eta beren gauzekiko lehentasun erabatekoa ematen die".

Manuel Murgiak galegoen identitatea berpiztu zuen bere liburuarekin. Emazteak, Rosalia de Castrok, hizkera literariora jaso zuen galiziera bere poemekin. Zer esango luke orain gutaz Manuel Murgiaren sentimenak?

Gaur, euskarazko artistak eskubiderik gabeko langileak dira gizarte garatu honetan. Euskara bera bezala.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.