Nazionalismoek eta hizkuntza gutxituen aldeko mugimenduek, oro har, logika desberdinak jarraitzen dituzte. Baieztapen orokorregia dirudi, nazionalismo mota ugari baitago, hizkuntza mugimenduak ugariak diren bezala. Nazionalismoari begiratuta, ohiko lehen bereizketa estatudun eta estaturik gabeko nazionalismoen artekoa da; eta, horrekin batera, ideologiaren arabera sailkapena ere badago –ezkerreko nazionalismoa, eskuinekoa, liberala, sozialista, eta abar–. Nazionalismoen sailkapenetan, hala ere, funtsezkoa da nazioa ulertzeko moduaren arabera nazionalismo mota oso desberdinak daudela ulertzea. Horren arabera, nazioa eta naziokidea zedarritzeko moduaren arabera, beste banaketa bat izango genuke, garrantzi berezia duena, nire ustez: hizkuntza nazionalismoa, lurralde nazionalismoa, arraza nazionalismoa, eta abar.
Abstrakzio maila apur bat jaitsita, Europako kasu bat har genezake, Eskozia, adibidez. Bertan, subiranotasunaren eta independentziaren aldarrikapena hizkuntzatik aldenduta gertatu da. Eskoziako mugimenduak nazioa lurraldean, historian, borondatean edo dena delakoan oinarritu du, baina ez hizkuntzan. Horrek ez dio izaera hoberik edo okerragorik ematen, baina testuinguruaren garrantzia erakusten digu. Nazionalismo batzuetan hizkuntza ardatz nagusia den bezala, beste batzuetan ez du halako zentraltasunik, horrek mugimendu horri indarrik kendu gabe. Eskoziar gehienek ingelesaren Eskoziako aldaeran hitz egiten dute, eta agian askok eskoziera –Scots– deitzen den hizkuntza gutxituan ere bai; Eskoziako gaelera, azkenik, eskoziarren %1,1ek erabiltzen du lurralde eremu txiki batean. Nazioa hizkuntza ez diren beste elementu batzuen arabera definitzen da herrialde horretan, tentsio berezirik gabe; eta halako kasuak ez dira salbuespenak.
Arnasguneei buruzko ekarpenak baliagarriak izan daitezke ikuspegi soziolinguistikotik, baina mugimendu independentistak ezinbestean begiratu behar dio nazioaren lurralde osoari
Gaia Euskal Herrira ekarrita, hemen ere abertzaletasunaren eta euskalgintzaren logiken arteko desberdintasuna gertatzen da, nazionalismo eta hizkuntza mugimendu ororekin gertatzen den bezala. Hala ere, gurean, bi mugimenduen arteko lotura sakona eta bi norabidetakoa da. Alde batetik, euskarak betidanik bete izan du paper nabarmena euskal nazionalismoak nazioa irudikatzeko duen moduan; eta, aurreko mendeko erdialdetik aurrera, elementu zentral bilakatu da, ñabardura ugarirekin bada ere. Beste aldetik, ezin da ukatu abertzaletasunak eta haren bidez sortutako nazio identitateak ere eragin handia izan dutela euskararen biziberritzean eta zabalpenean.
Hala ere, bi mugimenduen arteko elkarreragina gertatu arren, euskararen egoerak –euskal herritarren gehiengoa euskalduna, euskal hiztuna, ez izatea– eta nazionalismo ororen izaera politikoak –bere egitasmoa ahalik eta herritar gehienengana zabaltzeko beharra– abertzaletasuna hizkuntza nazionalismoen eredutik aldentzera behartu du: euskara elementu garrantzitsua izan da harentzat, baina ez ezinbestekoa naziokidea edota nazioaren lurraldea definitzeko, adibidez.
Gauzak horrela, iruditzen zait abertzaletasunaren eta hizkuntzaren aldeko mugimenduaren logikak desberdinak direla gogoratzea komeni dela. Askotan kointziditzen eta elkar elikatzen duten arren, ezin dute beti bat etorri, eta gainera, ez da komeni bi logika horiek bateratzea. Arnasguneei buruzko ekarpenak, esaterako, baliagarriak izan daitezke hizkuntza gutxituaren ikuspegi soziolinguistikotik –beste eztabaida bat litzateke hori–, baina estaturik gabeko nazionalismoak edo mugimendu independentistak ezinbestean begiratu behar dio nazioaren lurralde osoari.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.