Zoririk ez

DOM CAMPISTRON
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azken urteetan, jendartean sumatzen da isuri berezi bat gure iragana eta, ondorioz, gure historia hobeki ezagutzeko. Begira zonbat fikzio historiko atera den berriki, gure iragan hurbil edo urrunagokoa kontatzeko. Begira azken pastoralaren gaia, Ürrats kolektiboak. Begira iaz Sarako Biltzarrak antolatu zuen liburuzainendako egun profesionalaren gaia, Ipar Euskal Herriko historiografiaz. Begira zonbat film ateratzen den, aitzineko garaiak ulertu nahian. Begira, bereziki, zer zoramen sortu den Mattin Aiestaran arkeologoaren taldeko Leire Malkorrak 2021ean aurkitu Irulegiko eskuaren inguruan: zonbat mintzaldi jendetsu, erreportaje, kantu eta ipuin, zonbat ekoizpen eratorri, munduari adierazteko euskaldunen arbasoek jadanik (proto)euskaraz hitz egiten zutela. Eta zoin hitzen bidez jakin ahal izan dugu hori? Eskuan idatzia den sorioneku hitzaren bidez. Sorioneku, edo, zergatik ez, zorion leku? Zori onean sinesten ote zuten gure aurrekoek? Euskaldunak ez baikinen hasieratik populu madarikatu bat, Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs-ek Sofokles eta Mouawad -en ildotik idatzi Nor naizen baneki tragedia zirraragarriak erakusten duen bezala?

Ezen, gure “eleberri nazionala” da herri madarikatu bat garela, galtzaileen herria, osoki uros izan ezin garen herria. “Eleberri nazionala” da XIX. mendean sortutako kontzeptu bat: herri batek bere iraganaz egiten duen kontaketa mitifikatua. Estatua duten nazioetan, erakunde ofizialek dute bideratzen. Adibidez, Frantziakoa oinarritua da hiru mitotan: unibertsalismoa (Frantziak dauzkan balioek balio dukete, berez, unibertso osorako), salbuespenismoa (Frantzia beste herriak baino hobea eta handiagoa dateke), kolonialismoa (Frantziaren eginbeharra dateke bere balioak bortxaz hedatzea mundu guzian). Hori esplikatzen du O. Le Cour Grandmaison politologoak. Gure kasuan, jendarteak berak du sortu bere “eleberria”: bere burua funtsezko biktimatzat hartuz, kontatzen du nola erresistentzia herrikoiari esker duen irauten.

Arkeologia eta psikoanalisia beharrezkoak zaizkigu, baina istorioak, mitoak eta antzerkiak, literatura, beraz, berdin-berdin, ez bada gehiago

Bizkitartean, historialariek eta hizkuntzalariek azaltzen digute errealitatea kontaketa horiek baino anitzez konplexuagoa dela: berriki atera den Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia liburuan, X. Irujo, U. Belaustegi eta I. Lopez de Luzuriagak erakusten dute “historia ez d[el]a lineala, gatazka, egokitzapen eta paradoxa askoren bilduma baizik”. Eta, beren gisara, hizkuntzalariek dioskute, egun, zalantza handiak dituztela Irulegiko eskuan idatzitakoa baskoia eta euskararekin lotzeko. J. Manterolak eta C. Mounolek, bereziki, demostratu dute ez dela frogatzen ahal sorioneku hitzak zerikusirik daukala oraingo zorion hitzarekin.

Egia zientifikoagatik behar ote lirateke, orduan, kontaketa nazionalak eta mitoak gutxietsi eta baztertu, ipuin ezdeusak balira bezala? Preseski, ez. Bakoitzak badu bere garrantzia. Zientziarik ez bagenu, eta geure artean ez balitz zientzialari zorrotzik, itsukeriarat kondenatuak ginateke: historia berezirik gabe geldituko ginateke, eta ez genuke etorkizun duinik eraikitzen ahalko. Baina “eleberri nazionalik” edo mitorik ez bagenu, arimarik eta mundu ikuskera berezirik gabe ginateke, erregairik gabe panan ginateke, geroari begira.

Gogoeta hori piztu zidan Nor naizen baneki Axut! eta Artedrama konpainien sorkuntzak: arkeologia eta psikoanalisia beharrezkoak zaizkigu, baina istorioak, mitoak eta antzerkiak, literatura, beraz, berdin-berdin, ez bada gehiago. Gure almadiatik ariko gara, beste aukerarik izan ezinean, oxala ez Géricault-enean bezala bukatzeko, baina antzerkiko pertsonaiak bezala, elkartasunez, iluntasunetik argirantz ibiltzen, Lurdes Iriondok eta bere lagunek hori irakatsi baitigute: hamahirurik ez. Ez, zori akabatzailerik ez dago.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude