Lotsa ematen dit. Ez dakit kontatu edo ez kontatu. Animatuko naiz. Aurrekoan, komunera ezkerretik sartzen saiatu nintzen eta badakizue zer gertatu zitzaidan?
Ezkerrekoak garela diogu, ezkerretik bizi garela. Baina, nola egiten da urbanizazio plan bat ezkerretik? Nola eraikitzen da etxe bat, parke bat, auzo bat ezkerretik? Nola betetzen da armairua ezkerretik? Zein ikastetxetan matrikulatu behar da ume bat ezkerretik?
Eta eguneroko kontuak: egin daitezke erosketak Mercadonan ezkerretik? Nola izan funtzionario ezkerretik? Nola erabili dezakezu Windows ezkerretik? Nola pentsatu kapitalismoaren aurka MacBook Pro batekin? Nola kritikatu bizilagunaren VTa eta Airbnb-n planifikatu oporrak? Nola maitatzen da ezkerretik, jeloskortasunik gabe? Nola zaintzen lagunak eta familia, zein ordenatan? Nola izan gizon ezkerretik? Edo besterik gabe, nola izan. Garbitu daitezke arropak Amazonen erositako garbigarri ekologiko batekin? Nola erabiltzen da ChatGPT ezkerretik? Nola antolatzen da manifestazio bat edo gaztetxeko asanblada bat Instagram story batean? Nola izan sindikatu batekoa. Ezkerretik.
Eskuinak bizi gaitu: bihotza ezkerrean dugu, baina kreditu txartela eskuineko patrikan. Ezkerretik egin nahi dugu dena, baina, azkenean, ezkerreko giltzurruna ere saltzen dugu hipoteka bat ordaintzeko. Ezkerra aldarrikatzen dugun bitartean, eskuinaren tresnak eta logikak erabiltzen ditugu: sare sozialak, banku mugikorra, erosotasuna, diru-trukea. Ezkerreko ideiak, eskuineko mugimenduekin: PIN, Bizum, Like.
Eta kontatzen ari nintzen bezala, aurreko batean, komunera ezkerretik sartzen saiatu nintzen eta pareta buruarekin jo nuen. Agian, horixe da ezkerra gaur: jarrera bat baino gehiago fraktura bat, faktura bat. Aldizkarietako harpidetza, afiliazio eta crowdfundingekin erosten duguna. BEZa barne.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.