Zein objektu datorkizu burura inperialismoa aipatzen badugu? Seguruenik gehienoi armak etorriko zaizkigu burura, gerra eta inperioaren arteko lotura zuzen-zuzena baita.
Alta, metropoliaren kaleetan ere inperioaren trazak ikusgai egoten dira. Erroma, Londres edota Paris moduko hirien monumentalitatea ulertezina da eurek aberastasunez hornitzen zituzten kolonien rola ulertu gabe. Horren adierazle garbienak dira espoliazio kolonialak ondo hornituriko British Museum edo Louvre museoa.
Baina objektu arruntagoetara ere ailegatzen da inperialismoaren itzala. Gure kaleak inbaditu dituen autoaren hegemonia, adibidez, ezin da ulertu dinamika inperialistei so egin gabe, Bilboko portura urtero 360 petrolio-ontzi etortzea ez baita fenomeno naturala.
Ulertu behar dugu autoarekiko dugun dependentzia mantentzen dugun bitartean, proiektu inperialista bat beharko dela gure gizarte eredua mantentzeko
Berez, 1945etik aurrerako geopolitika ulertzeko giltza da autoa eta bere elikadura katea ulertzea. AEBek Marshall planarekin Mendebaldeko Europa bere influentzia esparruan mantentzea lortu zuten. Plan horren parte garrantzitsu bat ikatzaren rola murriztea zen, petrolioarekin ordezkatuta, horrela mugimendu komunistak meatzaritza eremuetan zuen boterea indargabetzeko. Baina arazo bat zegoen, Europan ez zegoen nahikoa petrolio. Orduan AEBen proiektu inperialistaren giltza bihurtu zen Ekialde Hurbila, bertatik hornituko baitzen europar eskaria. Nazioarteko marko horri begiratu behar diogu, 60ko hamarkadatik aurrera Europan autoak bizi izan duen gorakada ulertzeko.
Noski, Ekialde Hurbilean hainbat izan ziren harreman desorekatu horren aurka altxatu zirenak, eta protesta horiek isilarazteko hamaika dira potentzia inperialistek sustaturiko estatu kolpe zein gerrak. Esate baterako, oso esanguratsua da 1953an, Iranek petrolioa nazionalizatu eta bi urtera, AEBek eta Erresuma Batuak bertan eman zuten estatu kolpea.
Kotxe elektrikoaren agerpenak ere geopolitikan eragina izan du, eta Bolivian 2018an eman zen estatu kolpea ulertzeko, bertako litio erreserbei begiratu behar zaie, baterien produkziorako berebizikoa baita mineral hori.
Ulertu behar dugu, beraz, gizarte moduan autoarekiko dugun dependentzia mantentzen dugun bitartean, proiektu inperialista bat beharko dela gure gizarte eredua mantentzeko. Hortaz, inperialismoaren aurka borrokatzeko, eskalada armamentistikoari aurre egiteaz gain, edo beste herriekiko gure elkartasuna erakusteaz gain, garrantzitsua da kotxearen zentralitatearen aurka borrokatzea ere.
Desarma dezagun lau erroberen inperioa!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.