Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urte batzuk badira ez gaituela Guardia Zibilak etxeko atea ostikoz botata esnatzen, ez gaituela kontroletan umiliatzen, metraileta, poltsa eta auzitegi nazionalarekin mehatxatzen. Ez lehen bezainbeste behintzat.

Urte batzuk badira senideak 40 minutuz bisitatzeko 900 kilometrora joan eta 900 kilometro etorri behar ez dugula. Ez garela errepide bazterretan hiltzen; ez gaituztela manifestazioetara atera bezain azkar jipoitzen. Ez, behintzat, lehen bezainbeste.

Baina, hor daude munstro denak gure subkontzientean. Hitz egin dezakegu, baina ez osoki. Beraien filtroetatik pasatzen ez den guztia terrorismoa da oraindik. Ez dute indarra ageriko egiten, ez dutelako beharrik. Otzandu gara. Otzandu gaituzte. Baina, nik dakidala, munstroak ez dira egun batetik bestera aingeru bihurtzen. Ezta ipuinetan ere.

Nori sartzen diote orain burua Intxaurrondoko kuarteleko bainuontzian, nori jartzen diote poltsa arnasarik gabe geratu arte, zein bortxatzen dute orain inpunitate osoz Guardia Zibilen kuarteletan. Eta gu ez gara enteratu ere egiten. Zein isolatzen dute espetxeetako bakarkako moduluetan, zein zigortzen dute orain patiora atera gabe, zein urruntzen dute bere bizilekutik infinituraino, zeintzuk dira orain errepidean hildako dispertsioaren biktimak, zein dira gaurko Mikel Zabalzak, zein etxetara sartzen dira goizeko ordu bietan, zeini botatzen dizkiote ateak ostikoz, zein dira gaurko Enrique Galindo eta José Barrionuevo, zein inkomunikatzen dute bost egunetarako,  zein lurperatzen kare artean. Nor geratzen da orain isilik?

Marlaska aurpegia du oraingo Espainiako demokraziak. Guapoa, bizarra ondo eginda, begirada errugabea. Besarkatzeko gogoa ematen du. Baina, guk badakigu, Marlaskaren aurretik bost egunez inkomunikatu eta torturatu zituzten euskal herritar mordoa pasatu zirela. Eta lehen ikusten ez zuena orain agindu egiten duela. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude