Galderak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zer egiten duzue supermerkatu batean sartzean elikagai-bankukoek hartzen zaituztenean irribarre onbera musuan eta poltsa eskuan? Poltsa hartzen diezue irritsu edo serios? Aitzina egiten duzue serio, poltsei eta barre murritzei ihes eginik? Edo irribarrea itzultzen diezue nola edo hala poltsaren konpromisoa saihestuta? Zer sentitzen duzue egiten duzuena egiten duzuela eginda?

Zer botoi sakatzen duzue erosketa txartelarekin ordaindu behar eta makinak proposatzen dizuenean xede oneko proiektu edo elkarte baterako zuen ekarpentxoa egiteko? Botoi gorria ala botoi berdea (errealitatez aldatzeko aukerarik ez, pilula gorria hartuta urdinaren ordez…)? Eta nola sentitzen zarete hautu bat edo bestea egitean?

Kasu egiten diozue kalean gobernuz kanpoko erakunde bateko norbaitek zuek geldiarazten lortu eta galdatzen dizuenean bazkidetzeko (edo diru-ekarpen bat egiteko, edo testamentuan zerbait uzteko erakundearen alde…)? Ongi iruditzen zaizkizue, zilegi, halako eskaerak, ala arbuiagarri jotzen dituzue? Inoiz pentsatu duzue zer gisa ari diren eskaera egiten duten gazte horiek? Boluntario? Langile? Eta, langile izatekotan, zenbat kobratzen duten herritarren arrantzan aritzeagatik? Aditu duzue inoiz gatazkaren bat izan ote den kontu horietaz lan-auzitegietan?

Ez da harrigarria alde batetik gerrak egiteko baliabideak zergen bidez ordaintzea eta bestetik dohainen bidea jorratzea kalte humanitarioen zuzeneratzeko?

Zerekin amorratzen zarete gehiago? Zergak Ogasunari ordaintzeko betebeharrarekin ala munduko bazterretan etengabean piztutako gerren ondorio krudelak (desplazatuak edo haur gosetiak kasu) leuntzeko erakunde humanitarioen obolo-eskariekin?

Jakin izan duzue inoiz zertan diren erakunde humanitario horien kontabilitateko egoera-orriak edota aurrekontuak? Jakin nahi izanen zenukete nondik datozkien funtsak (zeinek zenbat) eta nora doazen (zenbat zertara)? Ez da harrigarria alde batetik gerrak egiteko baliabideak (gizakiak eta materialak) zergen bidez ordaintzea eta bestetik dohainen bidea jorratzea gerra horiek egindako kalte humanitarioen zuzeneratzeko?

Aukera izan duzue inoiz argi eta xehe-xehe ikusteko nora, zer gastu-klasetara, bideratzen diren zergak? Nondik datozen argixeago-edo baitago… Adibidez, osasun-gastuetan zenbat dagokie farmakoei eta zenbat bestelakoei (langileriari, azpiegiturei, zaintza-jarduerei…)? Ez dizue horrek jakin-minik pizten?

Inoiz pentsatu duzue halakoetan? Deserosoa egin zaizue galdetegia? Desegokia? Edo itaun gehiago piztu ditu zuengan? 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude