Euskararen aurkako oldarraldia ez da hizkuntza baten kontrako gertaera abstraktu bat; gu geu kolpatzen gaituzte euskara erasotzen dutenean. Guk gorpuzten dugulako, gure ahotan eta gure egunerokoan bizi delako. Euskaraz gara gurasoak zaintzen ditugunean, lagunekin momentu dibertigarriak partekatzen ditugunean, bikotekidearekin mendira joaten garenean edo seme-alabekin marrazten dugunean. Gure intimitatean euskaraz gara, eta horixe uzten digute: intimitatea. Baina zer gertatzen da hortik kanpo? Zergatik ez dugu lan-eremuan euskaraz egiten? Zergatik ez dute umeek (haur eta nerabeek) eskolan beti euskaraz hitz egiteko aukerarik? Zergatik ezin gara osasun-zerbitzuetan euskaraz artatuak izan?
Sarritan, badirudi gure hizkuntza eremu pribatura mugatu nahi dutela, eta eremu publikoa –hala nola, administrazioa, hezkuntza eta osasuna– ez dela, oraindik, guretzat. Ezta lan mundua ere. Eta hala da: eskubidea ez da errealitate bihurtzen herritar gehienen kasuan. Euskal Autonomia Erkidegoan koofizialtasuna lortu bada ere, Nafarroa Garaian hizkuntza-eskubideak zatituta daude, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Xiberoan ia ez dago euskaldunon aldeko lege babesik. Horrek guztiak erakusten du gure hizkuntza ez dela oraindik normaltasunez tratatzen eta sarri bigarren mailan dagoela.
Azken urteetan, marko diskurtsiboa, politikoa eta juridikoa aldatzen ari da: epaitegiek eta zenbait alderdi politikok eta sindikalek euskararen aldeko neurriak “diskriminatzaile” gisa aurkezten dituzte. Horrela, euskararen normalizazioa auzitan jartzen da, eta euskaldunon eskubideak urratzen dira; askotan modu isilean, baina gogor.
Hizkuntza-eskubideak ez dira kapritxo bat. Duintasunez tratatuak izateko dugun eskubidearen parte dira: lan-baldintzetan, osasun-arretan, hezkuntzan… Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak egunerokoak eta oinarrizkoak dira. Besteak beste, etxebizitzari, lan-kontuei, laguntzei edota zerga-kudeaketari buruzko izapideak egiteko edota informazioa eskatzeko. Zerbitzu horiek euskaraz jasotzeko aukera ez litzateke pribilegio bat izan beharko. Eta, gaur egun, tamalez, euskaldun gehienok horretarako oztopoak ditugu; horrek, praktikan, euskaldunon zapalkuntza gorpuzten du.
Euskaltzaleon berpizkunde sendo batek bakarrik egingo du posible administrazioa euskalduntzea; hezkuntzan, osasungintzan eta eremu sozioekonomikoan gure eskubideak errespetatzea
Osasun-arloan, hizkuntza funtsezkoa da. Paziente euskaldun batek sintomak bere hizkuntzan azaldu ezin izateak, akatsak eta arriskuak dakartza; zenbaitetan, hil ala biziko ondorioak. Euskaldun asko erdarara jotzera behartuta gaude eta horrek, berriro, euskaldunon zapalkuntza dakar. Arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko, euskara ulertzen eta erabiltzen duten profesionalak behar ditugu.
Hezkuntzan ere argi dago zer dagoen jokoan: aukera berdintasuna. Euskara ez bada eskola-komunitate osoaren hizkuntza naturala, ez bada harremanetarako eta ikasteko erdiguneko hizkuntza, ezinezkoa da benetako transmisioa bermatzea. Belaunaldi berriek ez dute hizkuntza hautatzeko aukerarik izango, aukera hori bera existitzen ez bada.
Eta, hala ere, gure egoeraren erdigunean badago ezkutuan geratzen den egia bat: eskubideak ez dira bakarrik betearazten. Ez dira automatikoki bermatzen, ez ditu inork oparitzen. Gu geu antolatzen garenean soilik bihurtzen dira benetan gureak. Eremu pribatuan/intimoan “libre” uzten gaituzte, baina eremu publikora zabaltzeko, gure ahotsa entzunarazteko eta erakundeek euren betebeharrak bete ditzaten exijitzeko, elkarrekin antolatzea ezinbestekoa da.
Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da euskaldunok elkarrekin jardutea. Euskaltzaleon berpizkunde sendo batek bakarrik egingo du posible administrazioa euskalduntzea; hezkuntzan, osasungintzan eta eremu sozioekonomikoan gure eskubideak errespetatzea eta euskara harrotasunez erabil daitekeen hizkuntza normalizatua izatea Euskal Herri osoan. Norabide horretan, ezinbestekoa da kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza-politika garatzea.
Euskarak bizirik iraun dezan –eta gu ere euskaraz bizi ahal izateko–, antolatzea eta kaleak hartzea da tresnarik eraginkorrena gure eskubideak defendatzeko eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika! Abenduaren 6an, 13:00ean, Durangoko Landako Gunetik abiatuta, manifestazio nazionala. Euskaltzaleok kalera!
LAB sindikatuko Iker Iriarte eta Urko Aierbe; Steilas sindikatuko Rebeka Garzes eta Itxaso Piquer.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.