Salbamendu sareak

Irungo Harrera Sareak arrazakeriaren kontra antolatutako elkarretaratzea uztailaren 24an. Argazkia: Orain
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Oraingoan ere barrenak mugituta natorkizue, beldurretik eta izutik, uzkurtuta eta larrituta. Ze herri geratzen ari zaigun, zer datorkigun epe motzean, zer utziko diegun gure ondorengoei. Saiatzen naiz pentsatzen posible dela datorrenari aurre egiteko egiturak sortzea, autoeraketatik, subjektugintzatik eta herrigintzatik. Baina horretarako espazioak baliatu behar ditugu, kontzientziazioa eta erantzukidetasuna indartuko dituztenak.

Murtziako (Espainiako Estatua) Torre Pachecora joan gintezke, azken asteotan atzerritar jatorriko familien aurkako eraso faxistei buruz hitz egiteko; eta esan genezake Espainiako faxistak direla arazoa. Edo hitz egin genezake gure Euskal Herri maitean, euskaldunean, kooperatiboan, komunitarioan, gertatzen ari denaz. Titularrak lortu dituen Hernaniri buruz, sareetan topatzen diren Donostia eta Irungo “anekdotez”, edo gure herrietan “aliatuen” artean tantaz tanta entzuten ditugun mezu arrazistez.

Gure ezintasun diskurtsiboan, pobreziatik, gerratik eta miseriatik ihesean datozenak onartzeko argudio kapitalista eta instrumentalak erabiltzera heldu gara. Elkartasuna, errespetua, eskubideak, duintasuna... baloreetan oinarritutako argudioak jada ez dira nahiko

Gure ezintasun diskurtsiboan, pobreziatik, gerratik eta miseriatik ihesean datozenak onartzeko argudio kapitalista eta instrumentalak erabiltzera heldu gara. Elkartasuna, errespetua, eskubideak, duintasuna... baloreetan oinarritutako argudioak jada ez dira nahiko. Migratzaileak behar ditugula diogu, (zuriok) nahi ez ditugun lanpostuak bete eta jaiotze tasak mantentzeko. Baina ez gaitezen despistatu, hezkuntza ez dadila rolak iraultzeko bidea bihurtu, segi dezagun piramidean pixka bat gorago. Segregatutako lanbideak, ikastetxeak, herriak. 

Eta, hau guztia, egungo paradigma sozioekonomikoaren aldaketa betean. Krisi ekosozialean murgilduta, faxismoa salbamendu ontzia balitz bezala. Ez dezagun Titanic berri bat irudikatu, ez gaitezen gu ere txalupa bila gure artean borrokan hasi. Saretu gaitezen, indartu dezagun hain gurea omen den auzolana, elkartasuna eta justizia soziala. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude