Eskualdegintza kooperatiboa

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Debagoienetik dator notizia: Goiena komunikazio taldeak 25 urte bete ditu. Kooperatiba 2000. urtean sortu zen arren, eskualdeko euskalgintzak lan oparoa egin du urte luzez. Pentsa, 1990ean Arrasate Telebista sortu zuen, lehen herri telebista. Goiena ulertu behar dugu euskaldeko euskalgintzaren garaipen handi bat bezala, gai izan dena komunikaziotik eta euskaratik eskualde bat egituratzeko. Eta artikulua segitu nezake gaur egungo egoera soziopolitikoan lekuko komunikabideek duten garrantzia azpimarratzen, edota ikus-entzunezko espazioetan euskararen presentzia aldarrikatzen, edota zailtasunak erronka gisa hartzeko dugun beharraz. Baina ez, gaur eskualdegintzaz hitz egin nahi nuke.

Aitortuko dizuet faltan botatzen dudala herri mailako telebista eta aldizkaria, pertsonalista, lekuko-lekukoa. Baina Goienak eskaini digu herriko markotik eskualdera jauzi egitea; ez soilik festen kronikak irakurtzeko, baita erronketatik ikasi ahal izateko ere. Dena den, komunikazio tresna izateaz eta euskaratik eta euskaraz aritzeaz gain, badu Goienak bereizgarri bat, gakoa dena bailararen garapen sozioekonomikorako: irabazi asmorik gabeko kooperatiba da. Bere gobernantzan parte hartzen dute herrietako euskara elkarteek, eskualdeko udalek eta lan-bazkideek. Are gehiago, Goienako gobernantzan zuzenean parte hartu gabe ere, lortu dute komunitatea egikaritzea, harpidetzen edota kolaborazioen eskutik.

Komunitatean oinarritutako ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko formula bat da Goiena, erreplika litekeena beste eskualdeetan eta beste ardatz batzuen inguruan, ez dena komunikazioa –esaterako, energia komunitateak edota elikadura burujabetza–. Dena den, guztia ez da autoeraketa; egitasmo komunitarioek erakunde publikoen babesa eta inplikazioa behar dute. Ezin da guztia militantziaren esku utzi. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude