Uztailaz geroztik, CREA ikerketa zentroaren eta Ramón Flecha soziologia katedradunaren aurkako salaketak ugaritu dira. Sexu eta botere abusuak, sekta funtzionamendua izatea edo lan esplotazioa leporatu diete dozenaka emakumek. ARGIAk jakin du Flechak eta CREAko zenbait buruk enpresa bat partekatzen dutela Espainiako Estatuko elite enpresarialeko zenbait kiderekin, euskal herritarrak tartean. Enpresak webgunea itxi berri du, Bartzelonako Unibertsitateak fiskaltzan salaketa aurkeztuko duela iragarri duen egun berean.
Ramón Flecha eta CREA kasuari buruzko ikerketaren informazio guztia, kanal honetan.
Social Impact SL enpresa 2023ko urtarrilean eratu zen Bartzelonan, ondoko helburuarekin: “Enpresei, erakundeei, erakunde publikoei eta pribatuei laguntzea beren inpaktu sozialaren komunikazioan eta hobekuntzan”.
Enpresaren webgunearen arabera sei pertsonak osatzen dute zuzendaritza taldea, “mundu mailako inpaktu sozialaren sustatzaileak diren eta honen hobekuntza lideratzen ari diren pertsonak”. Oro har enpresa edo hezkuntza munduko pertsonak dira, tartean Marta Soler CREAko presidente eta Bartzelonako Unibertsitateko Soziologia Departamentuko zuzendaria, edo Maria Vieites CREAko kidea eta Social Impacteko zuzendari exekutiboa. Bi euskal herritar ere badira. Enpresaren finantza-zuzendari eta administratzailea Angel Toña da, besteak beste Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu ohia eta Deustuko Unibertsitateko dekano ohia. Aholku-batzordeko lau kideetako bat Maite Arandia bilbotarra da, BBVA banketxeko zuzendariorde izandakoa eta Deustuko unibertsitateko irakasle ohia. Aholku-batzordeko kide gisa ere agertzen da José María Abril, sortzez Burgoskoa (Espainia), baina Deustuko Unibertsitatean ikasi ondoren bertan irakasle aritu zena. Abril Telefonicako lehendakariordea da, BBVAko zuzendari nagusi izan zen, eta Repsol edo Iberia enpresetako kontseilari ohia da. Azken kidea, webgunearen arabera, Elisabeth Torras CREAko kidea da.
Flecha, Marta Soler CREAko zuzendaria, Jaurlaritzako sailburu ohi bat, BBVAko zuzendariorde ohi bat edo Telefonicako lehendakariordea Social Impact enpresako kideak dira
Flecha ez da enpresaren webgunean azaltzen gaur egun, baina bai gutxienez iragan uztailera arte. Izan ere, Flecha Social Impacteko lau kontseilarietako bat da 2024ko ekainaz geroztik, Espainiako Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialaren arabera. Are gehiago: data horretan, kontseilari ez ezik enpresako presidente izendatu zuten Flecha. Apenas egin du karguan urte eta erdi. Berriki, 2025eko azaroaren 20an –uztaileko salaketen ondoren–, atzera bota dute Flecharen presidente kargua, baina kontseilari gisa mantentzen dute.
Abenduaren 20an enpresaren socialimpact.es webgunea martxan zen, eta besteak beste izendatu ditugun pertsonen argazki eta curriculumak zeuden ikusgai. Abenduaren 22an, Bartzelonako Unibertsitateak Flecha Bartzelonako Fiskaltzan salatu duela jakin den egunean, webgunea jada ezin da kontsultatu, “mantenu-moduan” dagoelako.
*Albiste hau ikerketa orokorrago baten zatietako bat da. Hauek dira gainontzeko edukiak:
- Erreportajea: CREA eta Ramón Flecha: Euskal Herrian ere abusuak, mehatxuak eta jazarpena.
- Testigantza: Oihana CREA-ko kide ohia: “Emakume nagusiago batek lan egin zuen neska gazteak Flecharengandik babesteko”.
- CIMIE kongresua Donostiako fakultatean: Flechari gorazarre zuzena.